Ilusioa ez da galdu

Lander Muñagorri Garmendia / 2016-02-17 / 891 hitz

Efektu bereziak eta zinema lotuta egon dira zazpigarren artearen hastapenetik bertatik, ezinezko diruditen irudiak pantailan egiazko bihurtzeko. Efektu horiek, gainera, gero eta errealismo handiagoa hartzen ari dira.

Zinema etorkizunik gabeko asmakizuna da». Okerreko dirudien baieztapen hori zinemaren beraren sortzaileen ahotik atera zen, Lumiere anaienetik, hain zuzen. 1895. urtean aurkeztu zuten irudiak mugimenduan erregistratzen zituen zinematografoa komunitate zientifikoaren aurrean, eta hasieratik sekulako oihartzuna izan zuen. Hala ere, Lumiere anaiek ez zioten etorkizun handirik ikusten, eta, bost urte igaro zirenerako, zinematografoaren ustiapena alboratuta zeukaten, «kuriositate zientifiko» gisa ulertzen baitzuten euren asmakizuna, eta ez beste ezertarako. Egungo gizartea erretratatu zuten euren kameraren bidez, baina ez zuten antzezpenerako edo fikziozko istorioak kontatzeko erabili, eta agian horregatik ez zioten etorkizunik ikusiko zinematografoari. Baina errealitatea beste bide batetik joan zen, eta historiak oker zeudela erakutsi zien. Izan ere, frogatu zen haien gailuak errealitatea erretratatzeko ez ezik beste hamaika trikimailu egiteko ere balio zuela, eta horrela sortu zen egun ulertzen dugun zinemaren magia. Bien arteko harremana aspaldikoa baita.

Hain aspaldikoa, asmakizunaren estreinako proiekzio publikoa egin zenetik urtebete eskasera erregistratu baitzen zinemagintzako lehenengo efektu berezia. Eta, hain justu, ilusionista baten eskutik, gainera: George Melies. Lumiere anaiek egin zituzten lehen proiekzio horietako batean egon zen bera, eta, gailuak bere ikuskizunetarako ekar zitzakeen aukerez jabetuta, kamera bat erosi zuen. Zenbait grabazio egin zituen, baina 1896. urtean Parisko trafikoa filmatzen ari zela sortu zuen lehen efektu berezia, kasualitatez. Kameraren mekanismoa trabatu egin zitzaion, eta filmaketa gelditu egin behar izan zuen, behin arazoa konponduta berriz ere grabatzen jarraitzeko. Ustekabea filmaketaren proiekzioan hartu zuen: autobus bat hileta auto bihurtu baitzen. Grabaketa eten eta berriz grabatzen hasi zenerako, lehendik filmatutako autobusa ez zegoen, eta, horren ordez, hileta autoa zegoen; horrelaxe sortu zen zinemako lehenengo efektu berezia. Stop trick (gelditzearen trikimailua) teknika asmatu zuen horrela, eta, ordutik, bestelako efektu bereziak sortzen hasi zen. Harena da, esaterako, 1902ko Le voyage dans la lune lana (Ilargirako bidaia), eta bertan agertzen da zinemaren historian hain ezaguna den irudia: ilargia aurpegi bat balitz bezala irribarretsu, eta haraino bidaiatzeko erabili den ontzia begian sartuta. Eszena horiek grabatzeko baliabideak bilatzen etengabeko irudimen iturria izan zuen, besteak beste, errealak ez ziren efektuak lortzeko negatiboak pintatuz, ur azpiko eszenak irudikatzeko arrainontzi bat jarriz aktorearen eta kameraren artean, eta agertoki bereziak sortuz. Horregatik guztiagatik, efektu berezien aita izendatu zuten.

Ondorengorik izan duen aita, gainera. Denborarekin, trikimailu horiek ugaritu egin dira, eta, egun, teknika ugari erabiltzen dira efektu bereziak lortzeko. Grabazio estudioan bertan egiten diren efektu bereziak —euri artifiziala eta maketak, adibidez—, aurrez prestatzen diren maskara edo gorputz atalen protesiak, baita gero eta indar handiagoa hartzen ari diren efektu digitalak ere. Denek izan dute garapen handia zinemagintza abiatu zenetik, eta denak elkarlanean aritzen dira askotan, «horrela bakarrik lortu ahal delako pentsaezinak diruditen eszenak hain erreal bihurtzea», azaldu du Gorka Agirrek. Maskarak eta protesiak egiten ditu, «lehenetariko efektu berezia izan zen alorrean». Aurpegia geziz gurutzatuta edo garuna bistan duten maskarak ikus daitezke haren Trapagarango (Bizkaia) estudioan, baita Loreak filmerako egin zuen gorpua eta Lasa eta Zabala-n agertzen ziren hezurrak ere. «Material bereziekin egiten dugu lan. Moldeak egiten ditugu lehenengo, eta, ondoren, lortu nahi den efektua gehitzen diogu, ahalik eta errealismo handiena emateko». Orain Altzoko handia filmerako lanean ari da, 2,50 metro neurtzera iritsi zen gizontzarra nola irudikatu lortzeko.

Baina zinemaren trikimailuak ez dira maskarak egitera mugatzen, euskarriak «begia beste modu batean engainatzeko» aukera gehiago ematen baitu. Raul Romanillos Madrilgo Efe-X estudioko arduraduna Buscando el norte telesailerako elurte bat irudikatzen ari da galderei telefonoz erantzuten ari den bitartean. «Efektu digitalak beharrezkoak dira, baina efektu errealek beti emango diote errealismo handiagoa grabatzen denari». Estudioan bertan egiten diren efektuak kudeatzen ditu. Dorre bat leherrarazi behar dela? Horren maketa bat egin, eta eztanda simulatzen dute. «Hori beti da digitala baino errealagoa».

Kroma berdea atzean

Baina batek edo besteak lortu ezin dutena lortzeko daude baliabide digitalak. David Heras User T38 estudioko efektu digitalen arduraduna horretan aritzen da, efektuak dauden eszenetan efektu horiek ikusezin bihurtzen; TVEko El ministerio del Tiempo telesailerako ere ari da lanean. «Gaur egun, gero eta gehiago lortu nahi dena hori da, ikusleak ez sumatzea efekturik badagoenik ere». Horretarako, gero eta tresna indartsuagoak dauzkate eskura, eta pentsa litekeen edozer egin daiteke horiekin. Agertoki osoak ezerezetik sortu, armada taldeak bikoiztu, alegiazko munstroak irudikatu, eta grabazioan egindako okerrak konpondu, esaterako. «Pentsa daitekeen guztia egin daiteke ordenagailu bidez, eta sekulako errealitatearekin, gainera». Baina, horretarako, berriz ere elkarlanaren beharra nabarmendu du. «Munstro bat irudikatu nahi baldin badugu, guk ezerezetik sortu beharrean, askotan panpina bat egiteko eskatzen diegu efektu errealetakoei, gero guk horri mugimenduak eman ahal izateko». Agirrek ere horren beharra nabarmendu du, «bestela bideo joko bat ikusten ari zarela ematen baitu, dena ordenagailuz eginda».

Efektu digitalak behar dituzten eszenetarako, oihal berde baten aurrean egiten dira grabazioak. «Zati hori kendu, eta atzealde garden batekin geratzen gara, eta hor behar den testuingurua jartzen dugu», dio Herasek. Alegia, askotan aktoreek ere ez dute azken emaitza izango den horretan kokatzen euren burua, eta horrek euren lana zaildu dezake. «Gero eta ohituago daude horretara, baina azken emaitza izango denaren zertzelada batzuk erakutsi ohi dizkiegu». Gizaki bat munstro baten aurka borrokan ageri den eszena bat grabatzeko, esaterako, bi pilota dituen makila baten aurrean grabatzen da, aktoreak berak nora begiratu jakin dezan. «Ezerez horren gainean antzeztea ez da erraza», dio. Kasu horietan, benetako munstro bat errealagoa izango zela dio Agirrek, baina hori ez dago euren esku. Trikimailuak lortzeko hamaika modu baitaude, Meliesek erakutsi zuen bezala. Egun, baliabide gehiago daude.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.