Iraia Elias: ‘Sorpresa ikaragarria izan da izendapena’

Natxo Velez / 2016-02-03 / 568 hitz

Aktore gipuzkoarrak arrakastatsu hasi du zinemako ibilbidea; aktore berri onenaren Goya sarirako izendatu dute, bere debutean “Amama” filmean egindako lanagatik.

Iraia Elias (Zarautz, 1980) ezin hobeto hasi da zinemagintzan. Aktoreak “Amama” filmean egin zuen debuta pantaila handian, antzerkigintzan, agertoki gainean, zaildu eta gero. Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu, jaialdietan bere bidea egin, kritika onak jaso eta zinema-aretoetatik pasatu den pelikulan ikusi ahal izan genuen lehenengoz zinema-aretoko eserlekutik Eliasen indar dramatikoa.

Orain, Altunaren film sinbolistan baserriko alabaren, Amaiaren, larruan eginiko lanak saria ekarri dio aktoreari, eta, bide batez, “Amama”ko lantaldeari: Goya sarietarako izendapena, emakumezko aktore berri onenaren atalean.

Iraia Eliasengana jo dugu, izendapena nola hartu duen eta zinemako lehen esperientzia hau nola bizi izan duen jakiteko.

Nola hartu duzu Goya sarietarako izendapena? Espero ote zenuen halakorik?

Sorpresa ikaragarria izan da, egia esan. “Amama”ren fasea bukatzen ari zen niretzat, burua nire proiektuetan jarrita nuen jada, eta bat-batean hau etorri da… Sinestezina!

Oraindik ere ez dut oso ondo ulertzen zer egiten dudan hor, nola ote den posible. Dena dela, pozik nago, nire bitartez talde osoari egiten zaion aitortza bat delako eta filmarentzat onuragarria delako.

Ikusi dituzu zure atal berean izendatuta dauden gainerako aktoreen lanak –Irene Escolar (“Un otoño sin Berlín” Lara Izagirre zornotzarraren filma), Antonia Guzman (“A cambio de nada”) eta Yordanka Ariosa Zilarrezko Maskorraren irabazlea (“El rey de La Habana”)–? Zer iruditu zaizkizu?

Ez dut izan pelikula guztiak ikusteko aukerarik, baina gustuko dut gure ataleko barietatea. Iruditzen zait talde berezia osatzen dugula denon artean. Adin, estilo eta jatorri ezberdinen arteko nahasketa polita da.

Antzerkigintza ibilbide oparoa duzu, baina zineman egin duzun lehen filma izan da “Amama”. Zelan bizi izan duzu lehen esperientzia hau? Zer espero zenuen eta zer aurkitu duzu?

Niretzat oparia izan da. Ederra izan da esperientzia, filmatzea, lantaldea… Asko eskertzen dut Asierrek nigan jarritako konfiantza.

Aktore bezala, beste kode eta tonu batean lan egiteko aukera eskaini dit, neure burua berrezagutzekoa, zinema barrutik ezagutzekoa, prozesu osoa bizitzekoa… Erronkaz beteriko bidaia ari da izaten.

Orain, Goyetako kontuarekin, konturatzen zara zinemak beste mundu bat dakarrela berekin, niretzat arrotza dena, irudiarekin eta komunikabideekin zerikusi handiagoa duena… Eremu irristakorragoa da.

Ea zer ikusten eta ikasten dugun honetatik!

Zinemaldiko estreinaldiaren eta esperientziaren ostean, filma zinema-aretoetatik pasatu eta gero, zer-nolako harrera ikusi duzu jendearengan? “Amama”k arrastoa utzi duelakoan zaude?

Uste dut “Amama” modu batera edo bestera iristen dela jendearengana. Gai unibertsalak jorratzen ditu filmak (komunikazioa, belaunaldien arteko talkak, lurra, bizitza ulertzeko moduak…) eta hori oso modu ederrean kontatuta dago.

Zentzu horretan, Asierren begirada nabaritzen da: apustuak egin ditu, arriskatu egin du alderdi askotan eta oso une ederrak sortu ditu.

Irudiak, musika, istorioa, pertsonaiak, edizioa… Osagai horiek guztiak maitasun handiz landu ditu, eta azkenean jendea nolabait hunkitzea lortzen duela uste dut.

Zelako gala espero duzu otsailaren 6rako? Zer aurreikuspenekin joango zara?

Printzipioz, oraindik ez dut gehiegi pentsatu nahi egun horretan… Komunikabide mordoa egongo da, argazki flashak, elkarrizketak… Espero dut ahal den neurrian zentratuta egotea eta ahalik eta gehien gozatzea egunaz eta esperientziaz.

2015ean, zer film edo interpretaziok eman dizute arreta berezia? Zer nabarmenduko zenuke iazko zinemagintzatik?

Poz handia ematen dit, adibidez, zuzendaritzan gero eta emakume gehiago ikusteak euren begiradak erakusten, euren gaiak euren modura aurkezten. Oso estilo ezberdinetako lanak eta lan ausartak izan dira, gainera.

Orokorrean, istorioak kontatzeko modu berriak proposatzen dituzten proiektuek erakartzen naute; interpretazio aldetik, berriz, gutxirekin asko adierazten dutenak.

Zer proiektu dituzu aurretik interpretazioari lotuta?

Goyetako kontu guztia pasatzen denean, kanpora joango naiz, antzerki fisikoa ikastera, antzerki mota ezberdinak ikusi eta haiekin gozatzera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude