Itzalean, baina ezinbestekoak

Iker Tubia / 2016-02-25 / 1.142 hitz

Larrialdi bat suertatu, eta lehen erreakzioa da telefonoan 112 zenbakia markatzea. Gertatu dena non izan den azaldu, eta minutu eskasen buruan iristen da laguntza ezbeharraren lekura. Horretarako, hainbat pertsona daude telefonoaren beste aldean, zerbitzua bideratzeko lanean.

Toki lasaia da SOS Nafarroaren egoitza. Larrialdi guzien berri han izaten dute, eta haiek dute ardura larrialdi horiei erantzuteko baliabideak jartzeko. Langileak giro lasaian aritzen dira, baina adi, oso adi. Edonoiz jaso baitezakete larrialdi bati erantzuteko deia. Berdin gertatzen da Baionako larrialdietako medikuntza zerbitzuan. Sei bat mediku eta laguntzaile daude hor, erietxe publikoaren gibelean. SOS Deien Bilboko egoitzan ere, giroa lasaia da. Baina hara ailegatzen diren deiak gehienetan ez dira halakoak izaten. Kontrara, nerbioz beterikoak izaten dira. Horregatik, lan hori kudeatzeko jende «aktiboa» eta «bizkorra» behar da, inondik ere ez «urduria».

Jose Joaquin Pascual izan da langileek nolakoak izan behar duten azaldu duena. SOS Nafarroako atalburua da, eta, esan duenez, beti gerta daitezke ezusteak. Nafarroan 1.071.631 dei jaso zituzten iaz, eta horietarik 330.926 larrialditan esku hartu behar izan zuten. Baionan, urtean 120.000 bat dei jasotzen dituzte, eta haien artean 74.000tan esku hartzen dute. Baina kontua da bi telefono zenbakitatik heltzen direla deiak bertara. 15 telefono zenbakia dute nagusia. Eta 112a bigarren mailakoa. 112tik, urtean 4.000 kasu baizik ez dituzte. 112 zenbakia 1996tik dute. Europa osorako adosturiko zenbakia da, guztietan bera izateko. Hortaz, Europa osoan 112 deituz norbait izanen da erantzuteko.

Baina Ipar Euskal Herrian, berez, larrialdiaren araberako hiru zenbaki daude. 15 osasun kontuentzat, 18 suhiltzaileentzat eta 17 Poliziarentzat. Zenbaki horiek ez dira desagertzekotan, Baionako larrialdietako zerbitzuko buru Jean-Michel Campagnek baieztaturik. Gustura daude horrela. Guztien artean harreman estua dagoela berretsi du, halere. Plataforma birtual bateratu bidez ari dira, konferentzia telefoniko moduko bidez. Gehienetan, deitzailearen, suhiltzaileen eta medikuaren artean: «Hamar bat aldiz egunean». Bizkitartean, mediku aferak 15 zenbakiko larrialdi zerbitzuetara zuzenean iristea inportantea zaio Campagneri, sekretu medikoa dela eta: «Guk eskuratu informazioak izugarri konfidentzialak dira. Garrantzitsua zaigu horren zaintzea».

Araban, 140.243 dei egin zituzten iaz, eta 32.321 gertakari kudeatu zituzten. Gipuzkoan, 296.196 lagunek deitu zuten 112 zenbakira, eta horietatik 63.516 kasutan larrialdi zerbitzuko baliabideak erabili behar izan zituzten. Bizkaian, 551.114 deitatik 93.762 kasutan esku hartu zuten. «Jendeak urduri deitzen du hona, baina bertan dauden telefonistak ohituta daude laguntza bideratzeko beharrezkoak diren datuak ateratzera», dio Maider Larrañaga SOS Deiak zerbitzuko larrialdi teknikariak. Alegia, dei urduriari erantzun lasaia emateko daudela han. Eta hortik, agian, egoitza nagusian dagoen lasaitasuna.

Alde handia dago dei kopuruaren eta kudeatutako larrialdi kopuruaren artean, baina hori normala dela azaldu du Pascualek: «Istripu bat gertatzen denean, adibidez, lauzpabost pertsonak deitu ohi dute, baina gertakari bakarra dago». Halakoetan, bataren eta bestearen informazioa bateragarria izaten da, Larrañagak adierazi duenez. Azken finean, telefonoa hartzen duten langileen lana hori baita: zer eta non gertatu den jakitea, laguntza zerbitzua ahal bezain azkarren bideratzeko. «Erreferentziak eskatzen zaizkie; gertakaria non izan den ez badakite ere, inguruan zer ikusten duten adieraz dezatela, horrela lekuan lekuko larrialdi zerbitzuek erreferentziak izan ditzaten».

Egoera ez da bera Euskal Herri osoan. Nafarroako larrialdi guziak zentro berean kudeatzen dira, eta, Pascualen aburuz, hori abantaila handia da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagokienez, Bilbon dago egoitza nagusia: bertan jasotzen dituzte dei guztiak, eta ondoren Gasteizen eta Donostian duten koordinazio zentroetara bideratzen dituzte, unean uneko datuak bertatik kudeatu ditzaten.

Bi erakunde ezberdin dira SOS Nafarroa eta SOS Deiak, baina haien arteko harremanak ohikoak izaten direla azaldu du Pascualek, larrialdiak mugetan gertatzen direnean batik bat. «Bizilagun harremana dugu, istripu bat dagoenean ez baitago muga bereizten duen marrarik». Hala, Nafarroako larrialdi zerbitzuak harremana du Gasteizkoarekin, Donostiakoarekin eta Baionakoarekin. Eta alderantziz. Muga lekuetan, telefono konpainien arteko nahasketa dela eta, gerta daiteke, adibidez, Jaizkibeletik deitu eta Baionara iristea deia. Hitzarmen bidez, protokoloak adostuak dituzte horrelakoetarako. Gerta liteke ere Goizuetako (Nafarroa) deia Donostian hartzea, edota Ziordian (Nafarroa) egindakoa Gasteizen.

Dei anitz, eta askotarikoak

112ko lana berezia da. Hala aitortu du Estibaliz Munarrizek. Hark Iruñeko egoitzan egiten du lan. «Dei guziak ez dira larriak, soilik %20 edo. Gainerakoak osasun kontsultak, farmaziakoak eta halakoak izaten dira. Baina benetako larrialdi horietan adrenalina igotzen da. Lan honetan oso lasai egoten ahal zara, eta bat-batean, bost segundoan, larrialdi bat kudeatzen hasi». Horregatik, adi egotea berebizikoa da, inoiz ezin baita jakin noiz ailegatuko den larrialdi deia. Baionan ere, horrela dabiltza. Gailurra Baionako bestak dituzte. Dei parrasten artean, gau bakoitzeko bizpahiru zinezko dei larriak ez huts egiteko, guztiak behar bezala tratatzea dutela erronka azaldu du Campagnek.

Munarrizek galderei erantzun bitartean, gainerako langileak ez dira gelditu. Deiei erantzuten ari dira etengabe. Ez dute larrialdirik kudeatu behar izan, baina adi daude telefonoa lehenbailehen hartzeko. «Gure konpromisoa honako hau da: telefonoa hartzeko denbora batez beste hamabi segundo izanen dela. Iaz hamaika segundora jaistea lortu genuen», esan du Pascualek.

Deia hartu, eta larrialdiari buruz galderak egiten dituzte langileek, egoera aztertu eta behar dituzten baliabideak zehazteko. Haien ordenagailuetan, 60-70 kasutan egin beharreko galderak gorderik dituzte, badaezpada ere. Erleen ziztadak, suteak edota motor istripuak, denak daude aurreikusirik. Lana taldean egiten dute, eta langile guziek ikus ditzakete martxan dituzten afera guziak. Hau da, batek galderak egin bitartean, besteak anbulantzia bidaltzen du, eta besteak Poliziari deitu, adibidez. Gainera, kasu bat baino gehiago kudeatu behar dute batera. «Ezin duzu afera bakar batekin okupaturik egon», dio Munarrizek.

Iruñean hiru pantaila dituzte guziek. Lehenbizikoan, dei guziak sartzen dira, eta, horren bidez, poliziekin, osasun etxeekin edo ospitaleekin hitz egin dezakete. Bigarrena gertakariak lantzeko erabiltzen dute. Hirugarrena mapa handi bat da, eta hor baliabideak ikus daitezke: anbulantzia non den, zenbat falta zaion, non dagoen beste afera batentzako anbulantziarik gertuena…

Bilboko egoitzan ere antzekoa da panorama. Baina langile denek ikusteko moduan, errepideetako irudiak eta erkidego autonomoko mapa handi bat ere badago. Bertan sartzen da SOS Deien Alpify aplikazioa. «Mendian galdu den pertsona batek aplikazio hori badu, 112ra deitu, eta, ondoren, aplikazio horrekin bere koordenadak bidaltzen dizkigu bilaketa bideratu dezagun», esan du Larrañagak. Eta mapa handi horretan agertzen da une bakoitzean aplikazioa erabili dutenen jarduna. «Lehenengo, larrialdi telefonora deitu behar da beti, jendeak askotan aplikazioa probatzeko ematen baitio, eta hemen bere koordenadak agertzen dira». Baionan berdintsu dabiltza, salbu mediku kontuetara mugatzen direla. 112tik deitzen duenaren kasuan Europako bandera agertzen zaie, eta orduan bidera dezakete suhiltzaile edo poliziengana.

Kontuak kontu, larrialdi telefonoetara gutxitan deitzen da alferrik, Larrañagaren ustez. Gehienek larrialdi egoera bati erantzuten diote, eta horietatik afera mediko larriak dira langileengan estutasun handiena sortzen dutenak, Munarrizen arabera. Haren aburuz, basoetako suteak eta mendietan egin behar diren erreskateak dira zailenak. Baina denen gainetik, oso zaila eta gogorra den beste egoera bat ere bai: emakumeen kontrako indarkeria. Hala baieztatu du Larrañagak ere. Egoera gogorrak bizitzea tokatzen zaie langileei, eta Munarrizek argi du ezinbestekoa dela lanaldia bukatzean deskonektatzea. Hala ere, pertsonak dira: «Askotan ukituta iristen zara etxera», esan du Larrañagak.

Kontzientziazio beharra

Murrizketen kontrako itsasgarria dute SOS Nafarroako langileek ordenagailuetan. 2010eko soldaten aferengatik da. Zerbitzu ona emateko aski baliabide dutela dio Pascualek, baina bada beste arazo bat: baliabideak xahutzearena. Horregatik, kanpaina bat prestatzen ari dira, jendeak 112 zenbakia soilik beharrezkoak diren aferetarako erabil dezan. Izan ere, deietako asko ez dira larrialdiak, eta batzuk zentzurik gabekoak ere badira, Larrañaga eta Pascualen arabera. Adibidez, guardiako botika non den galdetzeko deitzen dute. Kontzientziazioaren beharra nabarmendu dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.