Mandeuliei tulun-tulun

Maialen Belarra / 2016-02-02 / 571 hitz

“Zezenei joarea mandeuliak uxatzeko jartzen zaie. Guk ere zeregin hori dugu, baina kasu honetan mandeuliek espiritu txar guztiak irudikatzen dituzte. Joareen tulun-tuluna entzundakoan ez dira hurbiltzen ausartuko», halaxe azaldu du Egoitz Gorosterrazu iturendarrak, gosaltzen ari zen bitartean. Udaberriaren etorrera ere iragartzen dute joare hotsek. Atzo zubietarren eta aurtiztarren ttuntturroak elkartu ziren Iturenen (Nafarroa), eta gaur bisita itzuliko diete iturendarrek. Ostegunean hasi ziren inauteriak Malerreka ibarreko txoko horretan, baina atzoko eta gaurko egunak izaten dira nabarmenenak eta jendetsuenak”

Astelehena. Goiz erdirako Iturengo plaza betetzen hasi da. Euskal Herriko txoko guztietako bisitariak bildu dira; batzuk autoz, besteak autobusez eta beste asko oinez. Iturendarrak, ordea, herriko etxeko ganbaran bilduta egon dira eguerdira arte. 11:30ean hasi dira joaldunak janzten eta mozorroak biltzen.

Maskara bila dabil Oier Bereau gaztea. «Astelehenarekin normalean ez ditut joareak jotzen, gaur [atzo] profesionalen eguna da», esan du erdi txantxetan. Ondoan dauka Gorosterrazu, Bereau ez bezala, joareak jartzeko txandaren zain. Txikitan ikasi zuen joareei soinua ateratzen, baina 16 urte zituenean hasi zen bi egunez ateratzen; igandean puska bila eta astelehenean Iturenen. «Ia-ia berezkoa dugun zerbait da, inork irakatsi gabe ikasten duguna».

William Lomana kolonbiarra da sortzez, eta Iturenen bizi da 2 urte zituenetik: «Etxeko sotoan ikasi nuen joareak jotzen, eta ordutik ia urtero atera naiz. Egia esan, bihotzean daukadan zerbait da. Aurten medikuak gomendatu dit ez jotzeko, eta sekulako pena ematen dit». Mozorroa prest dauka Lomanak, hala ere. Aitortu du maskara eramatean lotsa desagertzen dela.

Plazara 13:00etan jaitsi dira lehen joaldunak, beste batzuk ganbaran prestatzen ari ziren bitartean. Bost minutu inguru behar dira joaldun bakoitza ongi janzteko. Gorosterrazuk argi du hobe dela denbora hartzea, fundamentuz janzteko: «Denbora dezente iraun behar dugu hauekin; joareek mina eginez gero, akabo». Joaldunak herriari lehen itzulia ematearekin batera hasi dira orgak eta mozorroak azaltzen.

Motozerra hotsa gailendu da une batez, umeen oihuekin batera. Pinu adarrak bizkarrean, kuboak arrastaka, kamiseta hautsiak, maskara beldurgarriak aurpegian, eta listo. Mozorroa prest. Bisitariak zirikatzeko eta beldurtzeko ez da askorik behar. Amaiur Olariz Astigarragatik (Gipuzkoa) etorri da, gelakideekin. Ez da hain erraz ikaratzen. Are gehiago, baieztatu du beldur handiagoa pasatzea espero zuela. «Iaz etorri zirenek ohartarazi gintuzten, baina ez da horrenbesterako, badakigu txantxetan ari direla». Denak ez dira iritzi berekoak, ordea. Badago mugak gainditu direlako ustea duenik ere. «Hildako animaliak erabiltzen dituzte askok bisitariak izutzeko, eta ez dut uste horren beharrik dagoenik», dio Mari Carmen Zelaietak. Gauza bera esan du Felipe Ganboa Doneztebeko (Nafarroa) eskolako ikasketaburuak ere. 40 neska-mutil etorri dira handik, eta neska bat negarrez hasi da katu hil bat ikustean. «Animaliak horrela erabiltzea onartezina da», azaldu du Ganboak.

Era askotako orgak egon dira, dena den. Idi proba egin dute aurtiztarrek, esaterako, baina pertsonak ziren harriei tiraka zebiltzanak. Nafarroako kateak ere irudikatu nahi izan ditu lagun talde batek, gorputza gorriz pintatuta eta katez inguratuta. Karmendarren komentua ere plazara iritsi da, eta baita gaztaina erretzeko pare bat orga ere. Bost negarti ibili dira beltzez jantzita bueltaka.

Baina protagonista nagusiak joaldunak dira Iturenen. Ganbaratik joaldun guztiak jaisterakoan, Latsaga auzora abiatu dira, zubietarrei eta aurtiztarrei ongietorria ematera. Haurrak, gazteak eta helduak isildu dira suziria entzun dutenean, eta irribarrea nagusitu da. Joare hotsa geroz eta hurbilago zegoen. 15:00 aldera jaitsi dira herrira.

70 ttuntturro baino gehiago batu dira herrian bueltaka. Erdian korrika eta saltoka bi hartz zeuden jendea zirikatuz, bakoitza bere zaindariarekin. Zelaieta adi-adi egon da plazatik pasatzen ari ziren momentuan: «Oilo ipurdia jartzen zait hainbeste ttuntturro elkarrekin ikustean. Lehia egon daiteke herrien artean, baina hemen ez dago giro txarrik. Hamaika aldiz ikusi izanagatik, urtero momentu berezia da hau».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.