Picasa aplikazioa eta argazki-zerbitzua itxiko dituzte

Sustatu.eus / 2016-02-22 / 264 hitz

Akabo. Bukatu da. Googlek beste zerbitzu bat itxiko du. Oraingoan Picasari egokitu zaio. Heriotza jakin baten iragarpena besterik ez da izan, Google Photos zerbitzua abiarazi zutenetik, bigarren mailan egon delako Picasa Googlerentzat; erdi utzita, erdi lagata. Oraingoan betiko itxiko dutela iragarri dute. Indar guztiak Google Photos sendotzeko erabiliko dituzte. Ea, behintzat, Photos aplikazioan izan duten noraeza, etengabeko aldaketekin, zuzentzeko balio duen. Picasaren web aplikazioari dagokionez, erabiltzaileen argazki guztiak Photos zerbitzura eramango dituzte (orain ere horrela egiten dute, automatikoki); desktop softwareari dagokionez, datorren martxoaren 15etik aurrera ez du mantentzen jarraituko. 

Picasa Web Albums

Picasaren ataletako bat sareko albumak ziren. Flickr edo GPhotos zerbitzuen antzekoa, norbere argazkiak igo eta erakusteko gune bat. Zerbitzu hau betirako itxiko da datorren maiatzaren 1ean. Denboraldi batez, erabiltzailea bere Picasako kontura sartu ahal izango da, baina ezingo du ezer berririk sortu, ez ezer editatu.

Picasako eduki guztia (argazki eta bideoak) Google Photos-era eramango dutela adierazi du Googlek (tira, dagoeneko horrela egiten zuten, orain dela hilabete batzuetatik). Hemendik aurrera, horixe izango da argazkiak kudeatzeko Googlek lehenetsiko duen plataforma.

Ea aldaketa honekin, azken urteotako noraeza zuzentzen duen Googlek. Izan ere, gutxienez 3 plataforma ezberdinen arteko dantza izan du Googlek azkenaldian, etengabeko aldaketekin (+Photos, GPhotos eta Picasa bera). Desktopean ez ezik, badirudi gailu mugikorretarako ere norabidea garbia dela.

Desktop aplikazioa

Sareko albumez aparte, Picasak desktop aplikazioa ere badauka. Zure ordenagailuko argazkiak gorde, antolatu eta editatzeko programa bat da. Programa horri esker, gainera, ordenagailuko argazkiak Picasa Albumetara igo eta sarean argitaratzeko aukera dago.

Programa instalatuta daukatenek hortxe izaten jarraituko dute, noski, baina Googlek ez du ez gehiago garatuko, ez mantentze-zerbitzurik emango. martxoaren 15etik aurrera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.