The Revenant (Alejandro G. Iñárritu)

Kameraren atzean / 2016-02-12 / 607 hitz

Joan den urtean “Birdman”ekin film eta zuzendari onenaren Oscarrak irabazi ostean, Alejandro G. Inárrituren lan berria zinemazaleek gogo biziz esperotako pelikula bilakatu da. Oraingoan, ordea, erregistroa erabat aldatu eta abentura, galera eta biziraupena konbinatzen dituen kontakizun epikoaren alde egin du zuzendari mexikarrak. Errodatze lanak 2013an abiatu arren, hiru urte behar izan ditu Iñárrituk erabat osatzeko, obraren anbizioaren erakusle.

Michael Punken liburuan partzialki oinarritua, “The Revenant” Hugh Glass esploratzailearen istorioa da, hartz baten eraso bortitza jaso ostean larriki zauriturik geratu eta bere kideek abandonatzen dutena. Bazterketa hori abiapuntutzat hartuta, mendekua, naturaren garrantzia eta gizakiak bizi duen inguruarekin ezartzen duen erlazioa esploratzen ditu istorioak, erritmo geldo bezain gozagarriaren bitartez. Alor teknikoa berriz ere maila gorenekoa izan da, bereziki Emmanuel Lubezkiren argazkigintza apartari esker. Hartualdi bakarreko sekuentzia luzeek ikuslea filmean erabat barneratzen dute, bereziki akzio eta borroka eszena lazgarrietan, ingurune basati horren parte sentiaraziz..

Zentzu estetikoan ere paisaia naturalak ilustratzen dituen argazkigintza zirraragarria da, tokian tokiko paraje liluragarriak erakustetik haratago joan eta Glass protagonistak bizi duen errealitatearekin konektatzeko balio duelako. Naturak bere bizirauteko grinan duen dimentsioa istorioak aurrera egin ahala handitzen da, ingurune horiek baitira izaki bizidun ororen existentzia posible egiten dutenak. Elur-jauzia izugarria begiesten duenean transmititzen da modu esplizituenean bidaian zehar jasan duen bilakaera; naturaren boterearen testigu izan eta bera baino indar gehiago duen hori errespetatzera igarotzen da.

Aparteko aipamena merezi du Leonardo DiCaprioren antzezpenak. Urteetan zehar askotariko pertsonaien azalean jarri eta interpretazio gogoangarriak eskaini arren, behin ere ez du lortu Akamediaren onespena, askotan ere aurrez aurre lehiakide gogorrak topatu dituelako. Oraingoan, ordea, urrezko estatua eskuratzeko faborito argia da, “The Revenant”en maisutasun hori beste maila batera eraman duelako. Hitzik gabe, gorputz eta aurpegi espresioekin transmititzea izan ohi da aktore batek gauzatu dezakeen lan gorena, hain zuzen ere DiCapriok ia film osoan zehar egiten duena. Pairatzen duen egoera lazgarriaren ondorioz sorturiko sufrimendua, beldurra, bizirauteko sena… indar handiz transmititzea lortzen du istorio osoan zehar.

Hasierako akzio eszenak ikusgarriak eta progresiboki pitzatzen doan talde dinamika interesgarriak izan arren, filma mamitsuen bihurtzen da Tom Hardyk inspiratuak antzezturiko Fitzgerald kide indibidualista eta egoistak Glass abandonatzen duenean. Ordutik aurrera, ezintasun fisikoak mugatzen duen arren, askatasunera bidea abiatzen du Glassek, bere kabuz berpizten da, bai fisikoki eta baita espiritualki ere. Azken finean, DiCaprioren pertsonaia da bi munduen artean lotura egin dezakeen bakarra, animalien larruak bildu eta euren boterea areagotu nahi duten gizon zurien parte izan arren, tribu indigenekin lotura estua duelako emazte eta semearen ondorioz. Mendeku bila abiatzen duen bidaia, giza arimaren esplorazio bilakatzen da azkenerako; bidean topatzen dituen ingurune eta pertsonek bere nortasuna eraldatu eta basakeria gizatasun bihurtzen dute.

Mistizismo hori islatzen saiatu eta Terrence Malicken estilora hurbiltzean arriskatzen du gehien Iñárrituk, ez baitu halako sentsazioak indar berberarekin azaleratzea lortzen. Hala ere, argumentua txukuntasunez borobiltzen du film amaieran, Glassek Fitzgerald akabatu ordez hilzorian errekan behera joaten uzten duenean. Une hori zinez boteretsua da, istorioaren bi mezu nagusiak azaleratzeko balio duelako. Alde batetik, mendekuak eragindako hustasun existentziala, bi gizonen arteko lehiatik haratago indigenekin duten amaigabeko gatazkaren erdiguneko arazo ere badelako; bestetik, naturaren eta izaki bizidun ororen eta aldeko gorazarrea, norbere interesen alde bakarrik eginez gero dekadentzia izpiritual hori bizi dugun ingurunera aplikatu daitekeen zerbait delako. Bizia ematen digun ingurunea eta bere dibertsitatea babestu ezean, auto suntsipenerako bidean amilduko gara Inárrituren ustetan.

Eztabaidaezina da “The Revenant”ek bere horretan duen kalitatea, bai estetikoki eta baita dramatikoki ere. Dena den, film onak film ahaztezin bilakatzen dituen sugar hori falta du, edonola ere konparatu ezin diren arren erreferentzia hurbilena denez, zuzendari mexikarrak “Birdman”en transmititzea lortu zuen erraietarainoko kemen hori. Horixe izango du Oscarra irabazteko bidean oztopo nagusia, epaimahaikideak filmeko inguruak bezain izoztuta geratzearen arriskua.

Trailerra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude