Zeinuen izenean

Gorka Erostarbe / 2016-02-21  / 1.108 hitz

‘Il nome della rosa’ nobelarekin lortu zuen sona Umberto Ecok, baina ordurako hamaika saiakera plazaratuak zituen gizartearen kode garaikideen inguruko gogoetekin. Atzo zendu zen, 84 urterekin.

Eco-k italieraz esan nahi du oihartzuna, esan nahi du iritzia, edo sentsazioa, edo errepikapena edo popularitatea, eta baditu beste hainbat adiera ere. Gehientsuenak berekin zeramatzan Umberto Eco idazle, pentsalari eta semiotiko italiarrak. Oihartzun zabala izan du haren heriotzak, Europako hedabide nagusietan batez ere, atzo goizaldean jakin zenez geroztik. Haren pentsamenduak azken mende erdi pasatxoan izan duen hedapen eta oihartzunaren tankeratsukoa. 84 urte zituela hil zen Milango bere etxean, minbizi baten ondorioz. Hala azaldu zion bere sendiak La Repubblica egunkariari atzo bertan.

Bizi garen mundu eta aroa perspektiba desberdinetatik ikertu eta pentsatu zituen Ecok, eta horri eskerrak, besteei ere pentsarazi egin zien. Ez zuen bizitza garaikidearen ia alor edo fenomenorik aipatzeke utzi —artea, literatura, publizitatea, kazetaritza, politika, Internet—, eta, askotan, probokazio ukitu handiarekin egin zuen gainera. Probokazioa, kritikarako gaitasuna eta baieztapen kategoriko bezain originalak zituen komunikazio tresna nagusi, betiere kultura zabal baten —terminoaren zentzurik zabalean— abaroa izanik berme eta makulu.

Alessandria hirian jaio zen Umberto Eco, 1932ko urtarrilaren 5ean, Piemonte eskualdean, Genova, Milan eta Torinok osatzen duten triangeluaren erdian, hain zuzen ere. Piemonten bertan ikasi zuen, eta hastapenetan han maisu aritu zen, baina bere bizitza akademikoa Bolognan errotu eta egonkortu zuen, 1970eko hamarraldiaren hasieran Semiotikako katedra atera zuenetik. Ordurako hamaikatxo saiakera idatzitakoa zen, eta erreferentziazko pentsalaria zen ikerketa semiologiko eta artearen filosofian. Bere lehen ikerketak, 1950eko hamarkadaren erdialdera egindakoak, Erdi Aroko arte eta edertasun kontzeptuetara bideratu zituen, baina 1962an barneratze bat-bateko eta erradikala egin zuen arte garaikidearen pentsamenduan, Opera aberta (Obra irekia) lanarekin. Artearen eremuan ezagunak izan arren, artean teorizatzeke zeuden zenbait fenomeno estetiko ikertu eta izendatu zituen lan horretan: forma irekiak, indeterminazioa eta zoriak artean duen eragina, besteak beste. Obra garaikideen identitate gabeziaren arazoa mahai gainean jartzen aurrenetakoa izan zen Eco, teoria postmodernisten aurrerapen moduko bat eginez. Garai hartan Luciano Berio musika konpositorea zuen adiskide. Hark, Ecoren eskariz konposatu zuen Thema (Omaggio a Joyce) obra, zeinak sinkronia erabatekoa duen La poetiche di Joyce Ecok idatzitakoa saiakerarekin.

Artearen filosofoaren ideiez gain, semiologia maisuaren figura loratu zuen 1960ko hamarraldian. Aldez edo moldez, gaur egun unibertsitateko edozein ikaslek ezagutzen du Ecok semiologiaren edo semiotikaren esparruan egindako ekarpenik, baina 1964an Apocalittiti e integrati obrak dezenteko zalaparta eragin zuen. Ecok Ferdinand de Saussure eta Charles Sanders Peirceren linguistika ereduak erabiltzen ditu obra horretan masa kulturen inguruan gogoeta egiteko, Supermanen fenomenotik publizitatera bitarteko fenomenoak pentsatzeko. Apokalipsia eta integrazioa, masa kultura horrekiko norberak zuen gertutasun eta onespen mailaren araberakoa zen Ecoren hitzetan; eta masa kultura kodifikazio sendo baten atzeko fenomenoa. Kodifikazio hori osatzen zuten zeinuak irakurtzen (ulertzen eta deszifratzen) igaro zuen bere ibilbide intelektual eta bitala Ecok. Zeinuen izenean lan egin zuen, hortaz. 1968an idatzi zuen semiotikaren alorrean berak ondutako lehen liburua: La structura assente. Eta ondotik etorri ziren Il segno (1973), Theory of Semiotics (1976) —ingelesez idatzia—, eta Semiotica e filosofia del linguaggio (1984). Azken urteetan Internet eta sare sozialez azaldutako iritzi eta kezkak adituta, pentsa zitekeen komunikazio molde berrien inguruan jarrera apokaliptikoa zuela integratua baino gehiago; besteak beste, esan baitzuen Internetek «gauza positiboak izanagatik, lerdo mordoari hitz egiteko aukera» ematen diola.

Eco nobelagile

Bere burua irakasle, maisu eta humanistatzat zuen nobelagiletzat bainoago —bizitza osoan dozena erdi pasatxo nobela eta dozenaka saiakera idatzi zituen—, baina beldurrik ez zion literaturaren kodeak ulertu, landu eta erabiltzeari ere. 1980an idatzi zuen mundu mailako ospea emango zion Il nome della rosa. Nobela hark izan zuen arrakasta izateko makineria soil bezain konplexua jarri zuen martxan. Polizia eleberrien egitura ordurako hiperkodifikatua Erdi Aroko trama batean txertatu zuen. Frantziako Le Monde egunkariak XX. mendeko ehun liburu onenen zerrendan sartu zuen Il nome della rosa, hamalaugarren lekuan, hain zuzen ere. Jean-Jacques Annaudek zuzendu eta Seann Connery, Christian Slater eta Ron Perlman protagonista zituen bertsio zinematografikoak —alemanezko ekoizpena izanik Der name der rose izena izan zuen jatorrian— fama izugarria eman zion Ecori, bera ohituago zegoen zirkulu akademiko eta intelektualetatik harago; hots, masa kulturaren azterketa eginez heldu zen masa kulturaren bazka izatera bera ere. Lan harekin nobela idazle bilakatu zen, best seller egile, espero ez zuelarik. Eta haren atzetik etorri ziren, besteak beste, Il pendulo di Focault (1988) —fikzio laberintikoa ondu arren milioika irakurle izan zituena—, Baudolino (2000), Il cimiterio di Praga (2010) —espiaz jositakoa— eta, azkena, iaz plazaraturiko Numero zero (2015) —kazetariz osatua—.

Mendebaldeko kulturan oihartzun eta eragin handia izan du Ecoren pentsamendu eta jarduerak, eta pentsatzekoa da halatsu izan duela euskal letra jendearen artean ere, baina Il nome della rosa nobela arrakastatsua hizkuntza askotara itzulia izanagatik, ez dago euskarara ekarria, ezta haren beste inolako lanik ere. Gorka Bereziartua kazetari eta kritikariak Anjel Lertxundiren Otto Pette (1994) nobela eta Juan Garzia Garmendiaren Itzalen itzal (1993)narrazio liburua Ecoren zordun direla idatzi zuen 2008an Argia-n.

Eco Bilbon

Euskal Herriarekin izan zuen harremanik, ordea. Ireki eta lau urtera, Bilboko Guggenheim Museoan izan zen, 2001eko ekainaren hondarrean, arte eta kulturari buruzko biltzar batean. Semiotikari eta museoen arteko harremanari buruz mintzatu zen, eta, Guggenheimen bertan izanagatik, ez zion muzin egin bere ikuspegi kritikoa azaltzeari. Haren ustetan, etorkizuneko museoek, hirugarren milurtekoek, «izkin egin beharko liokete pieza asko biltzeari, fetitxismoari eta kontinente ikusgarri bat izateari». Ecoren iritzian, museoek obra bakar bat erakutsi beharko lukete, eta gainerako areto guztiak «obra hori testuinguruan jartzeko erabili beharko lirateke».

Gaixo egonagatik, ikuspegi kritikoa ez zuen sekula ere galdu. Hala adierazi dute bere gertukoek hil ondorenean, eta hala agertzen du Numero zero bere azken nobelak ere, zeinak politikaren eta kazetaritzaren parodia gordina egiten duen. Kritikoa zen hedabideen egitekoarekin, Internetekin eta, bereziki, telebistarekin. Garai batean esana zuen telebista jende gaztea hezteko tresna baliagarria izan zitekeela, baina azken hamarkada luzean galdua zuen esperantza hori ere: «Egun, telebistan ez irtetea dotorezia zantzu bat da».

Azken urteetan, bizitzaren eta munduko egoeraren ikuspegia arras ilundu zitzaion. Charlie Hebdo aldizkari frantses satirikoaren kontrako erasoen ondoren adierazi zuen Islamiar Estatua nazismo berria zela. Il Corriere della Sella egunkariari oraintsu emandako elkarrizketa batean esan zuen umea zela izandako sentsazioak zetozkiola burura, Bigarren Mundu Gerran Italia bonbardatua izan zeneko garaikoak: «Gerraren moduak aldatu dira; baina gerra betean gaude sartuta, eta ume nintzenean bezala edozein momentutan irits liteke bonbardaketa baten tankerako zerbait».

Idazle arrakastatsua izanagatik, bere pribatutasuna modu hertsian gordetzearen aldekoa izan zen, eta oso gutxik jakin izaten zuten zer idazten ari zen uneoro; hedabideei ere elkarrizketa gutxi ematen zizkien. Familiak ere modu diskretuan azaldu zuen bere etxeko logelan zendu zela, informazio gehigarririk eman gabe.

Behin baino gehiagotan agertu izan da Umberto Ecoren izena Literatur Nobel saria eskuratzeko hautagaien artean, baina sekula ez zioten eman. Hori bai, honoris causa doktore izendatu zuten mundu osoko 38 unibertsitatetan. Italiako lehen ministro Matteo Renzik dolumina adierazi zuen, haren heriotzaren berri izan bezain pronto, eta nabarmendu «aparteko intelektual europarra» izan zela: «Adimen paregabea zuen, eta etorkizuna aurreikusteko gaitasun nekaezina».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.