Adingabeek jasotzen dituzten mezu sexistez ohartarazi du Emakundek

Aitor Biain / 2016-03-01 / 432 hitz

Gaztetxoengan jarri du arreta Emakundek. Areago, haur eta nerabeek egunerokoan jaso eta barneratzen dituzten mezu sexistetan. Nesken eta mutilen arteko desberdintasuna areagotu eta generoen arteko botere harremanak «betikotzen» dituzten mezuez ohartarazi du Emakumearen Euskal Erakundeak. Hain zuzen, hori bera izango du ardatz martxoaren 8ari begira: Berdintasun eza ez da berez sortzen: egin egiten dugu. Aldatu dezagun. Egin dezagun berdintasuna izango da Emakumeen Nazioarteko Egunerako kanpainaren leloa. Gaurtik martxoaren 15era iraungo du aurtengo ekinbideak.

«Zer-nolako mezuak eta aginduak helarazten dizkiegu haur eta gazteei? Galdera hori jarri dugu kanpainaren erdian, azaltzeko berdintasunik eza ez dela berez sortzen den gauza bat, baizik eta guk eraikitzen duguna eguneroko mezu eta jarrerekin», azaldu du Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak, kanpainaren berri ematerakoan. Ana Alberdi Emakundeko idazkari nagusiarekin batera aurkeztu du. Nabarmendu duenez, egitasmoaren helburua «egunez egunekoan dauden desberdintasunak hautematea da».

Bada, mezu sexisten bitartez neskek eta mutilek jasotzen duten tratu desberdina salatu nahi du aurtengo kanpainak. Izan ere, «jarrera berdin baten aurrean, agindu ezberdinak jasotzen dituzte», Emakundeko zuzendariak adierazi duenez. Hori horrela, neskek, besteak beste, edertasunari, ontasunari, diskrezioari, zaintzari eta otzantasunari buruzko mezuak jasotzen dituztela esan du Landaidak. Mutilek, ordea, oldarkortasunari, arrakastari, anbizioari eta sentimenduak ukatzeari buruzkoak.

Adibideak ere jarri ditu: esaterako, azpimarratu du neskei «ez zaitez marisarjento izan» esaten zaiela eta mutilei, berriz, «liderra izateko gaitasuna duzu» adierazten zaiela. «Neskak, nagusiki, edertasunagatik balioesten dira, eta besteekin atseginak izateko hezten dira. Mutilek, berriz, ahalduntze mezuak jasotzen dituzte». Alegia, deitoratu duenez, neskei «Bai polita nire neska!» esaten zaie, eta mutilei «Nire txapelduna!» eta antzeko mezuak helarazten zaizkie.

Ildo beretik, Landaidak azaldu du neskak babesa behar duten ustean hezten direla, «eta mutilak, buruaskiak direnekoan». «Neskei esaten zaie ezer baino lehen daudela maitasuna eta zaintza; mutilei, aldiz, sentimenduak ukatu behar dituztela, eta esparru publikoan arrakasta lortu behar dutela», erantsi du.

Mezuen arabera, nortasuna

Gauzak horrela, hausnarketarako deia egin du: «Gazteek egunero jasotzen dituzten mezuez jabetu behar dugu, jasotako tratuaren arabera eratzen baitute nortasuna». Izan ere, gizarteratze prozesuak bizitza osoan irauten badu ere, haurtzaroan eta nerabezaroan duen eragina azpimarratu du Landaidak. «Antzeratze eta identifikazio mekanismoen bitartez ikasten dugu, eta, ondorioz, familiak eta inguratzen gaituen jendeak dituen jokabide eta jarrerek garrantzi handia dute garai horietan».

Erantsi du, gainera, adin horretan ikasten direla batzuengandik eta besteengandik espero diren jokabideak, neskengan eta mutilengan «onartzen direnak eta zigortzen direnak». «Gizarte eragileek —tartean familia, eskola, lagunak, komunikabideak, publizitatea— helarazitako mezuen bitartez» ikasten dute emakume eta gizon izaten.

Horrenbestez, Landaidak nabarmendu du desberdintasuna «ikasi» egiten dela; alegia, «egitearen ondorio» dela, eta, beraz, gogorarazi du «guztion» esku dagoela horri aurre egitea. «Ohartu behar gara nork bere esparruan berdintasuna landu dezakeela; alegia, gizartea osatzen dugun guztion egitekoa dela».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.