Aizkora kolpe bi, euskarara ekarriak

Ander Perez / 2016-03-15 / 642 hitz

Franz Kafkaren ‘Metamorfosia’ eta Herman Melvilleren ‘Bartleby eskribatzailea’ itzuli ditu Ereinek. Sail berri baten lehen bi aleak dira.

«Irakurtzen dugun liburuak kaskezurrean ukabilkada bat jota esnatzen ez bagaitu, zertarako irakurri? Liburuak aizkora izan behar du, gure baitan daramagun izotzezko itsasoa hautsiko duen aizkora». Anton Garikano itzultzaileak ekarri ditu gogora Franz Kafkaren hitzak. Berak ekarri du euskarara autore txekiarraren Metamorfosia lan ezaguna. Gauza bera egin du Juan Garzia Garmendiak, Herman Melvilleren Bartleby eskribatzailea eleberriarekin. Atzo aurkeztu zituen Ereinek bi lanak, Donostiako udal liburutegiko sotoan. Bi aizkora kolpe, Kafkaren esanari segika, biek «errealitatea apurtu, eta barruan dauzkagun miseria guztiak —ezintasunak, lotsak, beldurrak— erakutsi eta muturrera eramaten dituztelako», Garikanoren ustez.

Erein argitaletxeak abian jarri berri duen 4nak sailaren lehen bi aleak dira atzo aurkeztutakoak. Itzulpenak eta liburu laburrak jaso nahi dituzte bertan, Inaxio Mujika editoreak atzo azaldu zuenez, eta batik bat, mendebaldeko literaturaren «historia mugitu» duten lanei egin nahi diete leku. «Edonor» izan daiteke hartzailea, Mujikaren ustez, baina 16 eta 18 urte bitarteko gazteak izan dituzte batez ere gogoan, hartzaile «egokiak» izan daitezkeelakoan. Alde horretatik, «estetika gaztea» erabili dute edizioan, «haientzat erakargarri izan dadin». Kafkaren hitzei ere keinua egin zien editoreak, ireki duten sailaren nolakotasuna azaltze aldera: «Oxala sail hau izango balitz aizkora horren trangadera».

Aurretik ere itzuliak izan dira Kafkaren Metamorfosia eta Melvilleren Bartleby eskribatzailea eleberri laburrak. Kafkarena Xabier Kintanak ekarri zuen euskarara lehen aldiz, 1970ean, Itxura aldaketa izenburuarekin, eta Lur argitaletxaren eskutik. 2000. urtean, itzulpen berri bat aurkeztu zuen Rufino Iraolak, Hiria argitaletxearekin. Biak ala biak, edonola, gaztelerazko bertsiotik egindako itzulpenak dira. Garikanok, ordea, alemanez idatzitako jatorrizko bertsioa izan du lanaren oinarri, eta hortik berritasuna.

Bartleby eskribatzailea Juan Garziak berak euskaratu zuen, duela 25 urte, orduan ere Ereinen babesean. Mujikak atzo esan zuenez, orduan «nahiko ezezaguna» zen AEBetako autorearen lan hura. Itzulpenak, edonola, «oso ezaguna eta estimatua» egin zuen eleberria. Garziak azaldu zuenez, ordea, «urak eraman zuen» soto zahar batean gordetako edizio hura, uholde sasoi batean. «Arrastorik ez da geratu, irakurleen buruan beharbada».

Orain, lehen itzulpen hartatik mende laurdena bete delarik, Melvilleren klasikoa berriro itzultzeko lana hartu du Garziak. Eta uste baino konplexuago suertatu zaio erronka: «[Lehen itzulpena egindako garaian] Hiztegi baturik ez zegoen, libreago ibiltzen ginen, eta arauak ez ziren hain zorrotzak. Pentsatu nuen hiztegia pixka bat aldatuta… bada, ez! Hasi banintz berriro itzultzen, lan gutxiago izango nuen. Gauzak asko aldatu dira, ustez zerbait ikasi dugu. Zorionez, uholdetan galdu zen zaharra, eta, beraz, akats zaharrak ez dira hain agerikoak».

Antzekotasunak eta aldeak

Esnatu eta bere burua zomorro bihurturik aurkitzen duen gizonaren istorioa kontatzen du Kafkaren Metamorfosiak. Bere lana egiteari uko egin eta jarrera bitxia hartzen duen eskribatzailearen istorioaz mintzo da, berriz, Melvilleren narrazioa. Biei loturak ikusi zizkien Jorge Luis Borges idazle argentinarrak, eta aipatu zuen «estilo jostagarrian» idatzitako Melvilleren obrak Kafka «iragartzen» zuela. Atzoko aurkezpenean, bi lanen arteko antzekotasunez mintzatu zen Garikano ere. Azaldu zuenez,«mundu absurdo bat agertzen da» bi eleberrietan, «ez hanka ez buru ez duena, non pertsonaren sentimenduek hainbesteko inportantziarik ez duten, eta lehentasuna ematen zaion produkzioari». Alde horretatik, bietan «pertsonaiak bakartuta» agertzen direla nabarmendu zuen Garikanok, «lanarekin alienatua» baleude bezala. Gainera, bi pertsonaiek «enbarazu»egiten dutela azpimarratu zuen itzultzaileak, eta «besteek baztertuta» bizi direla.

Garziak, edonola, «kontrakotasunak» ere bilatu zizkien aurkeztutako bi lanei. Bat, «nabarmenena», ikuspuntuarena: Kafkarenean protagonistarena da idazketaren begirada; Melvilleren obran, ordea, beste pertsonaia batek interpretatzen du Bartleby eskribatzailearen jokamoldea. Edonola, aldeak alde, bi lanak nobela laburraren «ordezkari zoragarriak direla» nabarmendu zuen Garziak, eta klasikoen ezaugarriak aitortu zizkien, irakurtzen diren bakoitzean interpretazio asko egin daitezkeelako. Berak ere plazaratu zuen berea: «Bi liburu hauek umorearen gailurra dira, umore klase asko baitago».

Albert Camusek ere ikusi zituen antzekotasunak Kafkaren eta Melvilleren lanetan, eta biak jo zituen bere obraren aurrekotzat. Hain zuzen ere, 4nak sailaren hurrengo alea Camusen Arrotza izango dela aurreratu zuen atzo Mujikak: «Hiru liburuak lokarri batekin lotuta daude». Halere, irakurleari egotzi zion editoreak inauguratu berri duten sailaren etorkizuna. Azaldu zuenez, «haren estimazioaren araberakoa» izango da atalaren patua ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude