Alex Txikon: «Aurreko urteekin alderatuta, ez dut gauza ezberdinik sentitzen»

Unai Ugartemendia / 2016-03-17 / 1.466 hitz

Urteetako eskarmentuari, diziplinari, pazientziari eta egoskorkeriari esker lortu du Alex Txikonek Nanga Parbateko neguko lehen igoera. Naturaltasunez hitz egiten du lorpenaz, alpinismoaren historian lekutxo bat egin badu ere.

Pakistango goi mendietatik Euskal Herrian lurreratu berria da Alex Txikon (Lemoa, Bizkaia, 1981). Sudurreko arrasto beltzak erakusten du hotz handia pasatu dutela. Ezkerreko hankako behatz lodiak ere ez du kolore onik. Irribarretsu dago, hala ere, amaren berotasunean. Espedizio gogorra izan dela dio, inoizko gogorrena. Gogortasunaren parekoak izan dira saria eta oihartzuna: Nanga Parbateko (8.125 metro) neguko lehen igoera. Historia.

Zorionak! Zer moduz sudurra?

Mila esker. Sudurra erdipurdi dago, egia esan. Hasieran oso beltz zegoen, eta asko larritu nintzen. Orain, berriz, hobeto sentitzen naiz. Hamabost egunean itxura hobea izatea espero dut. Ea ez didaten ebakuntzarik egin behar itxuraz jartzeko [barreak].

Nolakoa izan da Euskal Herrian jaso duzuen harrera?

Hasteko, eskertu nahi nuke zuen gertutasuna. Mezu asko jaso ditut egun hauetan, eta espedizioak izan duen jarraipenak ere asko poztu nau. Ondoan izan ditudanei esker lortutako tontorra izan da, eta agurtu nahi ditut bereziki Trangoworld, Boreal, Caixabank, Turkish Airlines, K35, DAS eta Bebasqueko lagunak.

Jabetu al zara historia egin duzuela?

Bai, baina ez dut gauza ezberdinik sentitzen aurreko urteekin alderatuta. Aurreko urteetan ere lana ondo egin dugula sentitu dut, nahiz eta tontorrera ez heldu. Niretzat, hala ere, tontor honek aurreko guztiek baino balio handiagoa du.

Batzuek zuen lorpena Martin Zabaletaren Everestekin edo Edurne Pasabanen hamalau zortzimilakoekin parekatu dute. Ados?

Uf! Uste dut bakoitzak bere garaia izan duela. Hala ere, uste dut euskal alpinismoarentzat garrantzi handiagoa izan zuela Martinek lortutakoak. Nork ez ditu gogoan irudi haiek! Oraindik oilo ipurdia jartzen zait pentsatze hutsarekin. Garai ezberdinak dira, baina garai haietan ikurrina ateratzea ikaragarria izan zen. Bakoitzak dauka bere garrantzia, baita Pasabanen hamalau zortzimilakoek, Alberto Iñurrategik Gasherbrum 1, 2, 3 eta 4 kateatzeak, Juanito Oiartzabalen hamalauek eta abarrek ere. Zaleentzat gauza polita da erreferentziak edukitzea.

Berez, Daniele Nardi italiarrarekin eta Ali Sadpara pakistandarrarekin igo behar zenuen. Nola sortu zen Simone Mororekin eta Tamara Lungerrekin batera igotzeko aukera?

Simone oso umil hurbildu zitzaigun, egia esanez. Jendea mendian ezkutuan bezala zebilen, asmoak azaldu gabe, egia osoa esan gabe. Simoneren asmoa Messnerren bidetik igotzea eta gure bidetik jaistea zen. Egun batean, Morok galdetu zidan ea jaitsieran gure sokak erabil zitzakeen. Ez nion arazorik jarri, are gutxiago aurrez aurre etorrita. Berak bere materiala eskaini zigun. Gerora, behe kanpalekuan bakarrik gelditu ginenean, besterik gabe sortu zen elkarlanerako aukera.

Zuek ordurako jarrita zeneuzkaten sokak ia bide guztian. Zer eskaini zizuen trukean?

Ezer ez; nik ere ez berari. Bat-bateko zerbait izan zen. Goiz batean, batzar bat egin genuen bostok, Nardi barne, tontorrera igotzeko asmoei buruz. Guk lan guztia egina genuen, jada ez genituen behar, baina pozgarria zen neguko lau igoera dituen norbaitekin elkarlanean aritzea. Hala ere, aurten tontorra lortu badugu, azken bost urteetan egindako lanari esker lortu dugu.

Zer ikasi zenuten iazko espediziotik? Zein aldaketa egin dituzue?

Gauza bat argi dago: Nanga Parbat mendi ezberdina da. Aurten ere berriro erakutsi digu. Jende asko egon gara han, eta, denborarekin, pixkana-pixkana, denak etxera bidaliz joan da. Oso jende indartsuak ere bertan behera utzi behar izan zuen igotzeko asmoa. Munduko mendirik handiena da, bolumena kontuan hartzen badugu. Ikusi besterik ez dago zenbat saiakera izan diren azken 25 urteetan. Aldaketa nagusia, hala ere, beheko kanpalekua beherago jartzea izan da. Azken urteetan asko ikasi dugu, eta baliatu egin dugu.

Zergatik garraiatu duzue zama lerekin?

Hego poloan erabili nituen. Pisu asko eramateko ikaragarrizko laguntza da. Distantzia eta zailtasuna kontuan hartuta, banekien baliagarri izango zela. Hasieran barre ere egin ziguten, baina konturatu ziren balio zuela.

Zer garrantzi izan dute Mororen eta zure meteorologoek?

Haien lana oso garrantzitsua izaten da; neguko espedizioetan, gehienbat. Haien hitzaz fidatu behar dugu, nahiz eta gero bakoitzaren intuizioak ere asko balio duen. Aurreikuspenen %70etan asmatzen dute, gutxi gorabehera.

Otsailaren 26koa azken saiakera izango zela argi izan zenuten?

Nik behintzat bai. Ez nekien zer gertatuko zen, baina argi nuen berriro ere ez nintzela Nanga Parbatera itzuliko. Simonek lasai egoteko esaten zidan arren, nik argi neukan azkena izango zela.

Nolako hotza da zero azpiko 40 gradu?

Oso gogorra. Hotza eta haizea kontuan hartuta, konbinazio krudela da. Hala ere, esango nuke motibazioak asko balio duela horrelako kasuetan. Gozatzen ari bazara, gustura bazaude, dena ahazten duzu. Aurten, motibaziorik ez zuen jendeak asko sufritu du, eta besteoi ere asko sufriarazi digu.

Laugarren kanpalekura iritsita, tontorrerako bidea ez zenuten batera egin Ali Sadparak eta zuk. Zergatik?

Zalantza asko izan genituen. Igone Mariezkurrenarekin [prentsa arduraduna] harremanetan geunden, eta ez genuen argi nondik jo. Halako batean, aspaldiko plastiko zahar bat ikusi nuen, eta orduan konturatu nintzen hori zela bidea. Gezurra dirudien arren, han dauden tontor txiki askok galtzera eraman zaitzakete. Ali, ordea, udan jendea joaten den lekutik abiatu zen. Aurrerago ikusi nuen berriro, korridoretik nindoala.

Berriz ere bide okerra hartzeko beldur al zinen?

Bai, bai [barreak]. Hori ere gogoan nuen.

Gailurrera bidean, atzera egitea pentsatu al zenuen?

Ez, ezta pentsatu ere. Eguzkiaren bila aritu nintzen denbora batean, hotza saihesteko, baina ez nuen atzera itzultzeko asmorik.

Noiz konturatu zinen tontorrera iritsiko zinela?

6.550 metrora iritsi nintzenean. Orduan aldendu ginen Ali eta biok. Simone ere urduritu egin zen, baina nik argi nuen bide ona hori zela. Igonek bide egokia zela baieztatu zigunean ikusi nuen gai izango ginela.

Igoera eta jaitsiera lotu gabe eta piolet batekin soilik egin zenuten. Zergatik? Ez al da arrisku handiegia?

Egia esan, sokarik ez genuelako izan zen. Badakit ez dela seguruena, baina horrela izan zen. Kordel bat izan nuen faltan, pioleta lotzeko eta segurtasun gehiago izateko. Hotza ikaragarria zen, eta kontzentrazioari eutsi nahi nion, tentsioak ere asko agintzen baitu. Txorakeria gutxi izaten da altuera horietan.

Jaitsiera elkarrekin egin al zenuten?

Ez zen aldez aurretik hitz egin genuen gauza bat. Alik beste alde batetik jaitsi nahi zuen, baina denok batera jaistea erabaki genuen, arriskuak saihesteko.

Jaitsierako lehen gaua, laugarren kanpalekuan, oso gogorra izan zela esan duzu.

Nire bizitzako okerrena izan da. Ez zen hotzagatik. Denbora guztian galdera bat nuen buruan: «Bihar indarrik izango al dut jaisteko? Gai izango al naiz?». Buruak lan handia egiten du. Indartsu sentitzen nintzen arren, buruari bueltak eman eta eman aritu nintzen gau guztian.

Zenbat ordu pasatu zenituen ezer jan eta edan gabe?

Tontorrerako egunean, 24 ordu. Hala ere, lau egun aurretik asko edan nuen, egunean ia bost litro. Tontorraren egunean bertan goizean zerbait jan nuen, baina ezer askorik ez. Aurreko egunetan, uraz gain, ahuntz okelaz egindako salda eraman nuen.

Nola erantzun zuen gorputzak?

Uste baino hobeto. Horretarako ere entrenatu egin behar izaten da. Hala ere, esan behar dut aurreko egunetako erreserba ere hor nuela.

Zamaketari izan ostean, goi mailako alpinista da Ali Sadpara gaur egun. Zenbatekoa izan da Sadpararen lana?

Besteentzat lan egitera ohitua dago: erabaki garrantzitsu asko hartzera ohitua, alegia. Baina Alirentzat egun guztiak dira gailur egunak. Askotan, baretu beharrean izaten naiz. Alik eta biok osatu dugu sokekin bidearen %95. Gero, gailurraren egunean, taldean hartu genituen erabakiak.

Etorkizunean espedizio gehiago egiteko asmorik baduzue elkarrekin?

Azkeneko hamabost egunak harekin igaro ditugu, haren herrian. Aholku batzuk eman dizkiogu. Ali Sadpara jada ez da orain bi urtekoa: askoz ere mediatikoagoa da, ezagunagoa… Hankak lurrean izateko gomendatu diogu. Aurten Euskal Herrira etortzea nahiko nuke, hemengo mendietan ibiltzeko, harkaitzean eskalatzeko, eta, ahal badugu, elkarrekin proiekzio batzuk eskaintzeko. Oraindik ez dugu ezer pentsatu elkarrekin egiteko.

Daniele Nardi italiarra izan da espedizio honetako beste izena. Zer gertatu zen harekin?

Nire arazoa izan da azkenean. Ez nuen jakin hura gerarazten. Gu lanean ari ginen bitartean, edozein aitzakia izaten zuen beheko kanpalekuan geratzeko. Hiru kilometro eta erdi prestatu ditugu. Berak ez du metro bakar batean ere lagundu. Ez du lanik egin; beti izaten zuen aitzakiaren bat lanean hasi behar genuenean. Egia esan, Nardik asko irakatsi dit; nire lekuan jartzen ikasi behar dudala, gehienbat. Liderra izateko heldutasun pixka bat falta zaidala esango nuke.

Argentinan batera egon eta gero, eta aurreko urteetako esperientziarekin, nolatan berriro ere harekin?

Nik banekien nolakoa zen, beti atzetik ibili beharko nuela ere bai, baina beti izan naiz beste aukera bat ematekoa. Niretzat garrantzitsua zen hark nigan sinestea. Iaz ondo moldatu ginen Nangan bertan. Geroztik, Thalay Sagarren eta Argentinan ere bai, baina aurtengo jarrera askoz okerragoa izan da. Azkenerako, inork ez zuen harekin eskalatu nahi.

Azken egunetan zurrumurru asko atera dira. Morok, esaterako, esan berri du datorren neguan Everesten izango dela. Guk badakigu, berriz, poloniarren gonbit bat baduzula K2rako. Non ikusiko dugu Alex Txikon 2017ko neguan?

Egia esatea nahi baduzu, aurten Nangan ikusitakoa ikusita, oso zaila izango da K2n egotea. Barne informazio batzuen arabera, badakit jende asko izango dela han, eta ez nuke lasterketa horretan egon nahi. Beraz, nahiago nuke Everesten izan, K2n baino. Hala ere, oso zaila da neguko horrelako beste erronka batean izatea; oso gogorrak dira espedizio hauek. Ez mendiari dagokionez, ekonomikoki baizik. Oraintxe bertan, ez dago nire esku horrelako espedizio handi batean parte hartzea.

Eta udan zer? Zein dira zure asmoak?

Kirol eskaladan murgildu nahi dut berriro. Baliteke mendi lasterketaren bat ere egitea. Bestela, gertukoez gozatu, etxekoez, Euskal Herriaz. Babesleekin ere egon behar dut. Baliteke aspaldian buruan daukadan Afrikako bidaia bat egitea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.