Autokontsumoa denok ulertzeko moduan

Jesus Maria Viana Lopez Andreas Egiluz Miranda / 2016-03-19 / 674 hitz

Hainbat eztabaida eta mobilizazio eragin eta gero, martxan da Espainiako autokontsumorako legea. Ez da lege ona, baina, oraingoz, Hegoaldean dagoen lege esparru bakarra da.

Populazioaren hazkundea eta energia prozesatzeko gaitasuna bat datoz, proportzionalki. Hala ere, energia kontsumoak arazo larriak sortzen ditu: klima aldaketa, krisiak, txirotasuna? eta horiek ere eragin latzak dituzte: gerrak, lehorteak, izurriteak, goseteak…

Gaur egun, energia mota bat nahitaezkoa bada, hori argindarra da, eta, horri esker, gainontzeko ia guztia egin daiteke. Energia mota hori unibertsala eta agortezina da, leku orotan dago, argia da. Egun, posible da argi hori jaso, argindar bihurtu eta etxean kontsumitzea, baita lantegi eta garraioan ere.

ZER DA AUTOKONTSUMOA?

Hiztegian topatzen dugun definizioa: ekoizleek sortutako zerbitzu eta kontsumo ondasunak norberak kontsumitzea.

Autokontsumorako ekipamendu fotovoltaikoek ia edozein aplikaziok behar duen argindarraren zati handi bat sor dezakete. Instalazio horiek ohiko sare elektrikotik at egon daitezke, edo horrekin bateratuak. Autokontsumorako instalazio batean, honetan datza errendimenduaren gakoa: kontsumoa eta energiaren sorkuntza aldi berean gertatzea.

Etxeetan, oso ohikoa da eguzkia gehien jotzen duenean kontsumorik ez egotea, eta, hortaz, bateriak erabiltzea beharrezkoa izaten da gehienetan.

Herrialde batzuetan balantze garbi deritzon sistema ezartzen dute. Autokontsumo mota horretan, energia sobera dagoenean, argindar sarera bideratzen da, eta, aldiz, behar denean, berreskuratu egin daiteke. Hala, gainkostuak saihesten dira, bateriak ez baitira beharko. Ibilgailu elektrikoa kargatzea irtenbide ona da, halaber, eguzki energiaren ekoizpena ahalik eta hoberen baliatzeko.

Industrian,m autokontsumoa eraginkorragoa da, oro har, ekoitzitako argindarra berehala kontsumitzen delako. Hori horrela da energia eskaria lineala delako, eta ekoizpen orduek lanorduekin bat egiten dutelako. Nekazaritzan, instalazio fotovoltaiko bat izaten da hainbat instalaziotara argindarra eramateko modu bakarra.

Autokontsumorako kit fotovoltaikoak, berriz, atal hauek izango ditu: modulu fotovoltaikoa (eguzki argia energia elektriko bihurtzen du), erregulatzailea (moduluek sortutako energia kudeatzen du, bateriak kargatzen edo eta zuzeneko kontsumora bidaliz), inbertsorea (ekoitzitako elektrizitatea gaur egun etxeetan jasotzen dugun erara egokitzen du) eta bateria (energia metatzen du ekoizpen gutxi dagoenerako edo ekoizpenik ez dagoenarako).

NORMALA DA ORTUKO  TOMATEAK  JATEAGATIK ZERGA  BAT ORDAINTZEA?

Bada, hori da Espainiako 900/2015 Errege Dekretuak dioena autokontsumoaren inguruan, instalazio kasu batzuetarako. Gainera, esaten du tomate horiek geroago kontsumitzeko gordez gero zerga handiagoa ordaindu beharko dela. Sinesgaitza dirudien arren, eguzki energia baliatu nahi duen orori gerta dakioke. Bere etxeko edo lantegiko teilatuan eguzkia jotzen dion edonori.

Hala ere, eguzkiaren gaineko zergaren kontrako gizarte presioari esker, instalazio txikiek, etxeetako gehienek alegia, oraingoz ez dute ordaindu beharko zerga hori, baina ezin izango dute energia soberakina sarera bideratu, eta, bideratzen duten kasuetan, ezin izango dute horregatik dirurik jaso. Araudi berriak hainbat baldintza ezartzen ditu instalazio mota bakoitzeko, kontratatutako potentziaren arabera, instalatutako potentziaren arabera, metaketa bateriarik edukiz gero edo eduki ezean.

Edozein kasutan, instalazioek legezkoak izan beharko dute, bestela, araudiak isunak aurreikusten ditu; kasurik okerrenean, zentral nuklear bati isurketa erradioaktiboagatik ezarriko litzaiokeena halako bi izan liteke.

Autokontsumo legea Espainiako Alderdi Popularreko gobernuak onartu zuen, 2015eko urrian, eta 18 alderdi politiko kontra agertu ziren.

Autokontsumo legea ez da aplikatzen saretik deskonektaturiko instalazioetan.

NEURE ETXEAN JARRI NAHI  BADUT, ZENBAT ORDAINDU  BEHARKO NUKE?

Balantze Netoa ez onartzeak ondorio kaltegarriak ditu bai kostuetan, baita amortizazioan ere. Orri honetako taulan ikus daitezke zenbakiak.

Zenbaki horiekin ikus daiteke amortizazio epeak motzagoak direla industrian, etxebizitzetan baino. Horren arrazoi nagusia instalazioen dimentsionamenduak eragiten du. Zenbat eta instalazio handiagoa izan, koste erlatiboak txikiagoak dira. Betiere, kontuan izanda ekoitzitakoa momentuan kontsumitzen dela.

Eguzki energia fotovoltaikoa, gaur egun, arrazoizko salneurria duen teknologia da. Horren bitartez gurea den berezko energia ekoitzi eta kontsumitu daiteke, eta gainera, gure kontroletik at dauden faktore geopolitikoetatik babesten gaitu. Horretaz guztiaz gain, eredu iraunkor, garbi eta seguru baten alde egiten du.

Elektrizitatearen prezioaren hazkundeari eta teknologia horren merkatzeari esker, gaur egun autokontsumorako ekipamendu fotovoltaikoetan inbertitzea amortizagarria da baldintza horietan, nahiz eta diru laguntzarik ez izan, eta haiek ipintzearen aldekoak ez diren lege neurriak ezarri arren. Errentagarritasuna gaur egungo lege estuak baldintzatzen du.

Espainiako Errege Dekretu berriak ez du eguzki energia bultzatzen, kontrakoa baizik. Mugak eta oztopoak ezartzen ditu instalazioa ahalik eta garestiena izan dadin, legeztatzea oztopatzen du eta egungo energia merkatuko oligopolioa mantentzea babesten du.

Hala ere, bere potentziala begi bistakoa da, eta aurrera egingo du. Autokontsumorako sistemak ezartzeak jadanik ez du atzerako martxarik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.