Errefuxiatuen integrazioa errazten ari da Deutsche Welle Arabia katea

Urtzi Urkizu / 2016-03-15 / 321 hitz

Alemaniako kateak arabieraz emititzen du. Astra satelitearen bidez Europa osoan ikus daiteke.

Siriatik eta beste herrialde batzuetatik Europara iristen ari diren errefuxiatuen alde lan egin daitekeela erakusten ari da azkeneko hilabeteetan Deutsche Welle Arabia telebista katea. Arabieraz emititzen du Alemaniatik, eta errefuxiatuei informazioa eta mezuak zabaltzeko tresna eraginkorra bilakatzen ari da. Salbuespen txiki bat da, komunikabide gehienen axolagabetasunaren inguruan. Palestinan jaiotako Naser Schrufek zuzentzen du katea —2005ean sortu zuten—, eta Astra satelitearen bitartez Europa osoan ikus daiteke iaztik. Alemanian ez ezik, beste herrialde batzuetan dauden errefuxiatuek ikusteko modua izan dezakete, horrenbestez.

Deutsche Welle Arabiako zuzendariak hainbat atari digitaletan azaldu duenez, kateak bere ohiko jarduna aldatu du errefuxiatu berriei laguntza eskaintzeko; katea sortu zutenean, batik bat goi mailako irakasle, kazetari eta ikerlarientzat zen. Testuinguru berriarekin, zerbitzua aldatzea erabaki dute. Iritsitakoei herrialdea, kultura eta hizkuntza ezagutzeko baliabideak eman nahi dizkiete. Horren erakusgarri, programazioaren parte garrantzitsu bat alemanez ikasteko saioekin bete dute. Babes legeen aldaketen nondik norakoak ere azaltzen dituzte.

Katearen saio izarretako bat Shabab Talk da. Eztabaida saio bat da —laugarren denboraldian da—, eta gizarte gaiak jorratzen dituzte, parekidetasunaren eta integrazioaren ikuspuntutik: gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, homosexualitatea, adierazpen askatasuna, besteekiko tolerantzia, eta abar. Aurkezlea Jafaar Abdul Karim kazetaria da, Libanokoa jatorriz.

Saioen partekatze eta trukean ere ari da Deutsche Welle Arabia. Katearen hainbat programa Alemaniako tokiko telebistetan ematen dituzte.

Arabieraz hitz egiten duten ikusleentzat interesgarriak izan daitezkeen gaiak jorratzen dituzte katean, eta askotariko lekukotasunak jaso: adituak, kazetariak, baita errefuxiatuak ere. Arduradunek aitortu dute ezin direla ikusle kopuru handietara iritsi, ezin direla lehiatu Al-Jazeerarekin, BBCrekin eta France24rekin. Baina, hala ere, Europan gero eta jarraitzaile gehiago ditu telebista tradizionalaren bidez zein Interneten. Alemanian, denbora gutxian, webgunearen bisiten eta sare sozialetako interakzioen kopurua hamar aldiz handiagotu da —duela gutxira arte, bisita gehienak Saudi Arabiatik, Jordaniatik eta Egiptotik eginak ziren—.

Deutsche Welle diru publikoarekin finantzatzen da. Taldeak sei telebista kate ditu, DW-Radiok irrati emanaldiak 11 hizkuntzatan egiten ditu eta www.dw.com webguneak 30 hizkuntzatan argitaratzen ditu informazioak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude