Etorkizuneko robotak bertan daude jada

Jon Fernandez / 2016-03-13 / 320 hitz

Robotizazioa ez da soilik industriaren kontua, sektore guztietan ari dira garatzen, eta abiada bizian. Duela urte gutxi futuristak ziruditen makinak dagoeneko existitzen dira, eta probatan edo martxan daude. Sei adibide, horren lekuko.

Euskal Herriko ospitaletan urteak dira Da Vinci robota erabiltzen dela ebakuntzak egiteko. Lau besodun robota da Da Vinci, eta kirurgialariak gidatzen du beti. Prostatako minbiziak erauzteko erabiltzen da, besteak beste. Ebakuntza zehatzagoa egitea ahalbidetzen du robotaren mikromugimenduei esker, eta gaixoaren gorputz barruko irudia 3Dn erakusten dio kirurgialariari hark mugimenduak agintzeko.

Nekazaritza.  Wall-Ye

Mahatsa bildu eta mahatsondoak inausteko gai da Frantzian sortutako Wall-Ye makina. Ez da kasu bakarra sektorean, hala ere. Japoniako Kizugawa hirian, soilik robotek kudeatutako baratzea jarriko dute martxan datorren urtean —munduko lehena—, egunean 30.000 letxuga ekoizteko.

Zerbitzuak.  Pepper

Pertsonekin komunikatzeko gai da Pepper, eta emozioak ulertzeko eta horien arabera erantzuteko gai ere bada. Gizaki itxurako robotak saltzaile lanak egiten ditu dagoeneko Japonian, Nescaferen kafetegi batzuetan. Etxerako ere eros daiteke, konpainia egiteko, 1.400 euroren truke.

Aisia.  Compressorhead

2013an sortu zen Alemanian robotek osatutako munduko lehen heavy metal taldea, Compressorhead. Sortzaile anonimo batzuk egin dituzte taldea osatzen duten hiru robotak, berrerabilitako metalekin, eta AC/DC edo Motorheaden doinuak jotzen dituzte iaiotasun handiz. Gitarristak 48 hatz ditu, eta Fingers izena du; Stickboy da bateria-jotzailea eta lau beso ditu; baxu-jotzaileak, Bonesek, hamar hatz ditu.

Defentsa.  Spot

Googleren txakur itxurako robot hidraulikoa operazio militarretan erabiltzeko probak egin zituen iaz Ameriketako Estatu Batuetako armadak. Boston Dynamicsek ekoitzitako robota tente mantentzeko gai da zoru irregularretan ere, eta, horregatik, hondamendi kasuetan pertsonak bilatzeko eta erreskatatzeko erabiltzeko asmoa dauka Googlek. Spot pertsona batek gidatzen du une oro urrutiko kontrol bidez.

Ostalaritza.  Relay

Relay robota erabiltzen dute Silicon Valleyko (AEB) hiru hoteletan, geletarako zerbitzua eskaintzeko: bezeroei janaria eta edaria eskaini eta banatzeko. Japonian, berriz, pauso bat harago joan dira, eta soilik robotek kudeatutako bost izarreko hotel bat ireki dute Sasebo hirian. Bakarrik robotek kudeatutako munduko hotel bakarra da, eta ohiz kanpoko proposamena dela jabetuta, Hotel Arraroa izena jarri diote.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude