«Gaztelua publikoari zabaltzea da ideia»

Nora Arbelbide Lete / 2016-03-04 / 618 hitz

Etxauzia gaztelua erosi, eta hainbat proiektu bideratzeko leku publiko bilaka dadin hasi da lanean Etxauzia elkartea. ‘Euskaldun bat, euro bat’ lelopean, hiru milioi euro bildu nahi ditu.

Baigorriar, historialari eta irakasle gisa ezin konbentzituagoa da Antton Kurutxarri (Baigorri, Baxenabarre, 1978). Ez du nahi herriak aukera gal dezan Etxauzia berenganatzeko, erroak XII. menderaino luzatzen zaizkion gaztelua. Zertarako erabili ere pentsatua du, Etxauzia elkarteko beste kideekin: historia transmititzeko gune, euskal diasporarentzako bilgune, kontseilu zentro, enpresentzako toki, irudia erabiltzeko zein seminarioetarako. Ostatu bat eta liburutegi bat ere antolatzekoak dituzte.

Nafartarren etxea bihurtu nahi duzue Etxauzia. Zergatik?

Nafartarren etxea deitu dugu, bai, hor baita kokatzen, baina proiektuaren oinarria gaztelua publikoari zabaltzea da, denei. Ez dadin gehiago pribatua izan. Jina da garaia herritarrek balia dezaten. Ez da leku anitz Euskal Herriaren, Nafarroaren historia esplikatzeko. Hor izan dezakegu.

Euskaldunak beren historiaren jabetzeko aukera gisa ikusten duzu?

Gaztelua anitz gauza aipatzeko sinbolo izan daiteke. Inguruan duen paisaia ere bai. Nafarroako erresuma ulertzeko balio du, iraultza garaia, karlistadak, Kintoa nola trenkatua izan den, muga nola finkatu zuten bi Nafarroen artean. Etxauzia erdi-erdian da.

Kalkulatu duzue hiru milioi euro behar direla gaztelua erosteko eta proiektua biziarazteko. Umorez aurkeztu duzue: Euskaldun bat, euro bat duzue leloa.

Bai. Hiru milioi biztanle Euskal Herrian, eta hiru milioi euro behar… Bada antzekotasun bat. Hamabost milioi ere badira diasporan. Anitz jende hunkitzen ahal da. Proiektua herrikoia dela erakusteko, bakoitzak euro bat eman dezakeela pentsatu dugu. Moltsa guztiei irekia da.

Euskaldun sentitzen denari egin desafioa duzue?

Euskaldun sentitzen direnen artean emulazio bat sortzea da ideia. Denborarekin mapa egitea dugu asmoa: Idahon honenbestek eman dute sosa, Argentinan, Shanghain… Arinki hartzea erabaki dugu. Hobe da. «Euskalduna naiz, eta Etxauzia dut maite», jarri dugu webgunean…

Zergatik hobe arinki hartzea?

Erokeria baita. Hiru milioi euro…

Gaztelu batentzat, gainera.

Bai, segur. Zenbat jendek ez ote digun erran: hau ote da lehentasuna? Krisia dela, langabezia dela…

Zer erantzuten diezue?

Ados garela. Baina, orduan, ez dugu deus eginen? Beti badira beste lehentasun batzuk. Segur, Sirian asko sufritzen dute. Hiru milioi horiek siriarrei bidaltzen badizkiegu? Guk, beste anitz gauzaren artean, hau dugu proposatzen. Badugu proiektu bat, eta badugu garapen proiektu bat horri lotua. Ikusten dugu teorian egingarria dela. Ikusten dugu gure ibarrari ematen ahal diola alimaleko bultzada. Horretaz segur gara.

Ofizialki ez da salgai gaztelua.

Baina badakigu jabeak desjabetuko direla, eta aski fite.

Zein duzue epea?

Uda hau inportantea izanen da. Jabeekin mintzatuko baikara. Hiru milioiak ez ditugu izanen, baina nahiko genuke aski ukan berdinen artean mintzatzeko gai izateko.

Zuhaurrek zein harreman duzu gazteluarekin?

Txikia nintzela, joko gune bikain bat zen. Baigorriko askok ezagutu dugu horrela. Hutsa zen; andeatua zen biziki. Zerratua zen, baina sasi bidez sartzen ginen. Bagenituen gure trikimailuak. Eta jostatzen ginen. Pentsa! Alimalekoa zen! Gainera, joaten ginen hontzek berriz botatzen dituzten harilkoak hartzera, biologia kurtsoetarako. Ireki eta saguaren eskeletoak-eta begiratzen genituen. Kermeza egunetan, denak hara joaten ginen gauaz, espedizioak muntatuz.

Geroztik handitu zara, historialari bilakatu, eta liluraturik segitzen duzula senti da.

Ene ikerketetan gurutzatu ditut Etxauzko jaunak. Sasi bidez bisitatzen nuen gaztelua ikusten nuen XIII. mendeko dokumentuetan… Geroztik ez dut berdin ikusten.

Ez dirudi liluratua zaren bakarra zarenik Baigorrin berean.

Azken finean, baigorriarren eta gazteluaren artean badira harreman mota desberdin anitz. Baina denek badugu istorio bat Etxauziari lotua. Sentitzen da nahi bat. Antolatzen ditugun gazteluaren bisitetan turista baino baigorriar gehiago bada.

Joan den igandean Atxaga eta Anariren errezitala zenuten.

Koadroa ikusi behar zen… Argi urdinak bota zituzten teilatuko zureriari buruz. Ikusten zen zer obra den… Atxagak berak erran digu lekuak inspirazioa ematen diola. Axularren testu batzuk irakurri zituen, Etxauzko jaunari dedikatuak.

Bertrand Etxauz, famatu egin zena sorginen kontrako auzia geldiarazteagatik.

Bai, Baionako apezpikua zela. Gero egin zuen, baina egiten ahal zuen lehenago… Ez zen biziki mugitu emazteak zituztelarik erretzen. Mugitu zen bi apez erre zituztelarik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.