George Martin hil da. Bosgarren Beatlea? Lehena akaso

Julen Leuza / 2016-03-09 / 361 hitz

Games of Thrones frankiziaren zaleek susto ederra hartuko zuten gaur, baina ez kezka, ez baikara George R. R. Martini buruz mintza.

The Beatles taldearen ekoizle nagusi izan zen George Martin hil berri da, 90 urte zituela. Taldearen disko guztiak ekoiztu zituen bakarra izan ezik, Let It Be (1970), Phil Spector polemikoak Estatu Batuetan ekoiztu zuena.

Martin zen taldearen aita, maisu eta zuzendaria. Lehen disko eta singleetan bere esku akademikoak izan zituen apaindurak argi ikus daitezke, bera baitzen armonia, konposizio eta kontrapuntuan ezagutzak zituen bakarra. Adibide dugu From Me To You kantuan (DO maiorrean dago) bat-batean agertzen den Sol menor akorde hura, hartara DoM7ra doana FaM-en amaitzeko: (sII – D7)=S notazio funtzionalean. Ziurrenez Help! kantuko #Dom (dIII) eta Yesterday kantuaren Mim – LaM7 (sII – D7) = tVI akordeen atzean bera ere egonen zen, beste aunitz beste. Eta zergatik garrantzi hori eta azalpen pedante hauek akordeen inguruan? Ba, Paul McCartney berak sarritan aitortu bezala, kantu horien akorde miragarri hauek izan zirelako taldearen arrakastaren arrazoi sendo eta nabarmenak The Beatlesen arrakastaren lehen urteetan.

Bera izan zen ere lehen diskoan Twist and Shout sartzera animatu zituena, edo And I Love Her balada Los Panchos taldearena zirudien boleroa bihurtu zuena. Bera izan zen Yesterday bezalako kantu goxoetarako orkestrazioak moldatu zituena, edo All You Need is Love kantuaren hasieran La Marseillaise ereserkia sartu zuena, Penny Lane abestian entzuten dugun tronpeta pikoloaren soloa bezala. Orokorrean, estudioetan hartu izan ziren musika erabaki garrantzitsuenen burua, eta horrek historiak izan duen fenomeno musikal handienaren arduradun nagusi bihurtzen du, musika kontu zehatzetan oinarritzen bagara behintzat.

Hain izan zen musikariaren emate eta laguntza handia, taldeak berarekin lan egin zuela beti, aipaturiko disko bakarrean izan ezik. Baina, zale askok dakiten bezala, Let It Be Liverpoolekoen argitaratutako azken lana izan bazen ere, ez zen azken grabazioa izan. Alegia, McCartney lanarekin kontent ez eta, grabatu zuten azkena Abbey Road (1969) izan zen, Martin aitaren besoetara bueltatuz, eta haien betiko estudioa lanaren izenburu eta portadan hilezkortuz, Let It Beko grabazioak hurrengo urtean argitaratzeko utziz.

Paul McCartney eta John Lennonen talentu nabarmen eta baloratua ezin uka daiteke, baina Caesari quod est Caesaris, lagunok. Ni bezalako graziarik gabeko graziosoek, gure Beatle gustukoena esatera goazenean beti esan eta esango dugu, zalantzarik gabe: George Martin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.