Hamar urte txioka

Hamarkada bat bete du Twitterrek. Komunikaziorako ezinbesteko tresna izanagatik, zalantza ugari daude Twitterren biziraupenaren inguruan.

140 karakteretan ezer idatz zitekeenik dudatan jartzetik, Twitter gabeko bizitza ezin irudikatzera. Ziur aski, hori izan da sare sozialaren erabiltzaile askok azken hamarkadan eginiko bilakaera. Gaur dira hamar urte Twitter sare soziala sortu zenetik, eta ukaezina da komunikazio arauak, irakurketa ohiturak eta baita eztabaida moldeak ere aldatu dituela nolabait; etorkizuna, ordea, ez du hain argia.

Ekonomikoki larri dabil Twitter; akzioen balioa asko murriztu da, eta erabiltzaile kopurua ez da lehen bezain azkar hazten ari. 2015eko azken hiruhilekoan, 320 milioi erabiltzaile zituen, %9 hazita. 2014ko lehen hiruhilekoan, ordea, %25 hazi zen erabiltzaile kopurua. 2013an burtsaratu zen enpresa, akzio bakoitzari 26 dolarreko balioa emanda; gaur egun, ordea, 16 dolar balio du akzio batek. 521 milioi dolar galdu zituen iaz, eta norabidea aldatu ezean, etorkizun iluna du Twitterrek.

Euskara ez dago sare sozial horretatik aparte. Umapen datuen arabera, euskarazko 8.404 erabiltzaile daude Twitterren, eta 394.223 txio idatzi dira azken hilean euskaraz. Gainera, kazetaritzak pisu nabarmena du euskal txiolarien artean; Umapen rankingeko lehen hamar postuetatik bi baino ez dira kazetariak.

Jarraitzaile gehien dituen kontua, ordea, ez dago kazetaritzari lotua; soilik euskaraz idazten dutenen artean, Athleticen kontua da jarraitzaile gehien dituena (45.023), eta bigarrena da BERRIArena (42.117).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.