Historia geologikoaren bitxiak

Urtzi Urkizu / 2016-03-15 / 1.571 hitz

Europako geoparkeeen sarearen koordinazio batzarra egingo dute aste honetan Debako Itziarren. Kontinenteko 69 geoparkeetako ordezkariek parte hartuko dute. Europako geoparke ederrenen artean bost ezagutzeko gomendioa egin du Euskal Kostaldeko Geoparkeko Asier Hilariok.

Azaroaren 17an, Unesco osatzen duten 195 estatu kideek erabaki zuten munduan dauden 120 geoparkeak Unescoren Munduko Geoparke izendatzea —tartean Mutriku-Deba-Zumaia herrietan dagoen Euskal Kostaldeko Geoparkea—. Unescok izendapen hori egin zuenetik lehen batzarra egingo dute bihartik larunbatera Europako 69 geoparkeetako ordezkariek, Debako Itziarren (Gipuzkoa). «Biltzar bidez hartzen dira erabaki guztiak, eta sarearen helburu nagusia elkarlana da, gure arteko esperientziak partekatzea», nabarmendu du Asier Hilariok, Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoak. «Bereziki, Europako proiektu komunak sustatzen ditugu». Urtean bi bilera egiten dituzte, eta geoparke bakoitzetik kudeatzailea eta zuzendari zientifikoa joaten dira. «Bilerak egitearen beste abantaila handia da urtean bi geoparke ezagutzen ditugula, eta lurralde bakoitzeko esperientziak bertatik bertara ikusten ditugu», gaineratu du Hilariok.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatutako batzarrean, Unescoko ordezkari batek, IUGS Munduko Zientzia Geologikoetako Batasuneko ordezkari batek eta UICN Munduko Naturaren Kontserbaziorako Batasuneko ordezkari batek ere parte hartuko dute. Hilarioren arabera, «oso garrantzitsua» da geoparkeentzat Unescoko programa propio bilakatu izana. «Negoziazio luzeen ostean iritsi da. Baina Unescok gogoko ditu geoparkeak».

Sobrarbe (Espainiako Pirinioak)

Euskal Herritik gertu, Pirinioetako hegoalde partean, Sobrarbeko geoparkea dago (Aragoi, Espainia). Gertu, baina ez dio inguruak inbidiarik munduko beste puntan egon daitezkeen natur eremuei. Geoparkeko mendiak eta harriak planetaren azkeneko 500 milioi urteetako historiaz mintzo dira. Pirinioetan ibilitako euskal herritar askok ezagutzen dituzte Ordesako parke nazionala, Monte Perdido mendia (3.355 metro), Posets Madaletako erreserba naturaleko mendilerroa edota Guarako arroilak. Baina ez euskal herritar guztiek, eta ezagutzeko toki erakargarritzat gomendatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoak. «Sobrarbeko geoparkea oso eredu ona da, Pirinio guztiak ulertzeko, Pirinioetako unitate eta morfologia geologiko guztiak ibar horietan sartuta daudelako». Monte Perdido mendiko glaziarra eta Ordesako parke nazionala aipagarritzat jo ditu. «Hegoaldera joaten bagara, Guarako arroilak ikus ditzakegu. Geoparkea osorik harribitxi bat iruditzen zait», dio Hilariok.

Dibulgazioaren alorrean, gainera, Sobrarben «lan handia» egin dutela goraipatu du zientzialariak. «Pirinioetako pasaiak beste modu batean ulertzeko gogoa edo interesa duen jendeari gomendatzen diet Sobrarbera joateko». Material asko landu dituzte azkeneko urteetan. Esate baterako, 30 geoibilbide daude oinez egiteko. «Eta ibilbide horietan, interes gune guztiak daude ondo markatuta, azalpenak ederki eginda daude». Interneten geoibilbide horiek deskargatzeko aukera dago. Sortu dituztenen arabera, Sobrarbeko ondare geologikoa ezagutzeko eta ulertzeko. «Ibilbide horietako lauzpabost eginda, nahiko ondo uler daiteke Pirinioetako paisaiak zergatik diren horrelakoak».

Monte Perdido baino altuera txikiagoa duten arren, ezagutzeko modukoak dira Cotiella (2.912 metro) eta Peña Montañesa (2.291 metro) mendiak. Cotiellan eta Gavarnien dauden arrokak Pirinioetako geologiaren erakusgarri dira, Kretazeo aldikoak eta Era Tertziariokoak. Deformatutako harri bereziak.

Hegoalde partean, Ainsako arroa dago. Pirinioetako historia geologikoan toki garrantzitsua da. Bi antiklinal handiren (lurraren tolesturak) artean dago, eta sedimentu ezberdinak ditu.

Mendi zeharkaldiak nahi adina egiteko modua izanagatik, ez da dena mendi soila. Geoparkearen funtsezko tokia Ainsako gaztelua da. Interpretazio zentro osatu bat aurkitu dezake han bisitariak, Sobrarbeko aberastasun geologikoa ezagutzeko oso baliagarria dena. Turismo bulegoa ez ezik, badute han teknikarien talde bat eskualdean lanean ari diren ikerlariei laguntzeko. Eta bidaiarientzat Geovision izeneko aretoa dago, argazki erakusketak paratzen dituena.

Parzanen (Cincako haranean), meatze ibilbide bat dago. Beraz, mea ustiatzearen moduak ezagutzeko modua bada.

Aipatutako oinezkoentzako geoibilbideez gain, mendiko bizikleta maite dutenentzat ere ez da toki txarra Sobrarbe. Hamahiru ibilbide daude mendiko bizikletarekin egiteko —bide horietan 52 panel daude, inguruetako geologiaren berri ematen dutenak—.

Geoparkeko lagunak izeneko taldea antolatua dute, geologiaren munduan murgiltzeko.

Burren and Cliffs of Moher (Irlanda)

Irlandan, mendebaldeko kostaldean, Europako paisaia ikusgarrienetan ikusgarrienetakoa aurkitu daiteke: Mohereko labarrak. Labar bertikal erraldoiak. Handik iparrera dago Burren, ondare geologiko berezia duen ingurune karstikoa. Hori bitxia da oso, zientzialarien arabera. Egitura harkaiztsu harrigarriak dira han, landaredi aberatsa ere bai —tartean Meditarreonoko espezieak hazten dira—. Ibarraren historia ere ezagutzeko modukoa da, 2.700 oroitarri baitaude inguruan grabatuekin. Horietako batzuk duela 6.000 urte baino gehiagokoak.

Geoparke horretan dauden arrokak oso zaharrak direla nabarmendu du Asier Hilariok. «Mohereko labarrak, bestalde, oso ezagunak dira ornitologoen artean. Itsas txoriak ikusteko toki oso aproposa da Moher». Kostaldetik barnera sartzen da geoparkea, Hilariok azaldu duenez: «Barnealdean parke nazional bat dago. Aintzira batzuk eta padurak daude». Geoparkea osorik hartuta Irlandako kostaldea ezagutzeko «aukera oso ona» dela iruditzen zaio Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoari.

Clareko konderrian daude Moher eta Burren. Zeharkaldiak egiteko eskualde aproposa. Oinez zein bizikletaz. Lonely Planeten arabera, bizikletaz ibiltzeko bide onenak eskaintzen dituen munduko bost toki onenen artean dago. Burren inguruan espeleologia egiteko eta eskalatzeko aukera bada. Baita zaldiz ibiltzeko ere.

Kostaldeko Carrigaholt eta Kilrush herrietan itsas bidaiak antolatzen dituzte Shannonera, izurdeak ikusteko.

Azoreak (Portugal)

Ozeano Atlantikoan, ondare geologiko aberatsa duen uhartedia osatzen dute Azoreek (Portugal). Uharte guztiek osatzen dute geoparkea, bederatzi orotara. 2.333 kilometro karratuko lurrek. Han bada zer ikusi: sumendiak, aintzira txikiak, jalkinak, geiserrak, ur termalak, laba eremuak, kobazulo bolkanikoak eta zeharkaldi interesgarriak egiteko bideak. «Egitura bolkaniko berezia dute uharteek, sumendi ikusgarriekin», azaldu du Asier Hilariok. 1.766 sumendi daude. «Gainera, fumarolak daude, eta jarduera geotermiko dezentea dute». Pico uhartean dago mendirik garaiena: Ponta do Pico. 2.351 metro ditu.

Bederatzi parke natural badira Azoreetan: Santa Maria, San Miguel, Terceira, Graciosa, San Jorge, Pico, Faial, Flores eta Corvo. Gehienetan, interpretazio zentroak jarriak dituzte, fenomeno bolkanikoak hobeto ezagutzeko aukera ematen dutenak. Bisitariei beharrezko materiala eskaintzen diete interpretazio zentroetan, kobazuloak edo sumendiak ikusi aurretik.

Hilariok nabarmendu duenez, bestalde, geologiaz gain kultur ondare eta biologia ondare garrantzitsuak ditu Azoreak uhartediak. Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoaren iritziz, erabaki «egokia» izan zen uhartedi osoa geoparketzat hartzea —Kanaria Uharteetan Hierro hartu zuten lehenbizi geoparketzat, eta berriki Lanzarote; baina gainontzeko uharteak, ez—.

Azoreetan bisitari gehien erakartzen dituzten tokien artean Sete Cidades, Fogo eta Furnas kraterrak daude. Mendiko aintzirak dira hirurak, ur urdin eta berde liluragarriekin.

Uharteen bisitarientzat jarduera eskaintza askotarikoa da: arroila jaitsierak, zeharkaldiak zaldi gainean, bizikletan ibiltzeko bideak, kayaketan, eta abarretan. Tokiko operadoreek espeleologia egiteko aukera ere ematen dute. Mendiartean ibiltzeko tokiak ugariak dira, zailtasun ezberdinekoak, gehienak landaredi aberatsez inguratuak.

Uharte bereziak izaki, itsasoan bada zer ikusi. Zetazeoak ikustea gogoko dutenek ez dute batere aukera txarra. Urpekaritza egiteko modua ere eskaintzen dute operadoreek.

Katla (Islandia)

Baleak arrantzatzera joaten ziren Islandiara euskaldunak, XV. mendean. Baleak ikustera joaten dira, XXI. mendean. Baleak ikustea turismoaren amuetako bat da egun Islandian. Baina ez bakarra. Fiordoak eta glaziarrak badira uhartean. Eta geologiaren ikuspuntutik, ez da nolanahikoa Islandiak duen aberastasuna. «Atlantikoko dortsala azaleratuta ikus daitekeen toki bakarra da Islandia», azaldu du Hilariok. Sumendi handiak daude horregatik. «Amerika eta Europa arteko plaka ere ikus daiteke toki zehatz batean».

Naturarekin lotutako turismo eskaintza aberatsa du uharteak. Toki ederrenetako bat Katla geoparkea dela dio Hilariok: «Ikaragarria da». Uhartearen hegoaldean dago geoparkea, 9.542 kilometro karratu ditu (herrialdearen %9,3). Han da Katla sumendia, Myrdalsjokull glaziarraren azpian. Han da izotz eta suzko lur miragarri bat. Mendiak, aintzirak, harea beltzeko hondartzak, ibai glaziarrak, ur-jauziak eta labazko eremu zabalak. Kobazuloen artean, Efra-Hvolshellar eta Steinahellir aipagarriak dira. Bisitaria harrituko duten paisaiak daude inguruan, ez nolanahikoak.

Eta han bada abentura jarduera ugari egiteko modua. «Irudika daitezkeen guztiak». Eskala daiteke izotzean, pasierak egin daitezke glaziarretan, espeleologia, piraguak, arrantza, safariak jeepetan, bidezidorretatik ibil daiteke. Geoparkea urte osoan bisita daiteke, gainera. Ezagutzen dutenek «naturaren paradisutzat» jotzen dute.

«Geologia gustuko izanez gero, geoparke honetara joatea oso gomendio ona da». Hala uste du Hilariok. «Geoparkean bertan ematen dizkizute beste leku batzuetan ematen ez dituzten azalpen geologikoak». Natura modu ludiko batean ezagutzeko aukeraz harago, Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoak uste du dagoen ondare geologikoarekin «zerbait gehiago» eskaintzea komeni dela. «Azalpenak modu dibulgatibo batean emateko geoparkearen aukera hartu dute Katlan, eta asmatu dute. Emaitza begi bistakoa da, bisitarien aldetik oso ondo funtzionatzen baitu».

Lotarako tokiak ez dira falta geoparkean: aterpeak, hotelak, alokairuzko etxeak. Eta natur aberastasunaz gain, tokiko kultura ezagutzeko museo txikiak eta galeriak badaude ibarreko herrietan.

Carnic Alpes (Austria)

Austriako hegoaldean, Italiako mugatik gertu, 140 kilometroko luzerako bi mendilerro daude: Alpe Karnikoak eta Gailtal Alpeak. Bi mendilerroak Lesach haranak banatzen ditu. Bi aldeetako batean bisita daiteke Karnische Alpen geoparkea —ingelesez, Carnic Alpes—. 830 kilometro karratuko eremua hartzen du geoparkeak. Geologia ikuspuntutik interesa duten 80 toki baino gehiago daude bost geoibilbidetan. Kareharrizko mendiak dira bertakoak.

Hilariok azaldu duenez, Carnic Alpes geoparkeko mendiak ez dira altuera handikoak Alpeetako beste batzuekin alderatuz. Garaienak Coglians (2.782 metro) eta Kellerspitzen (2.774 metro) dira. «Baina geologikoki badute berezitasuna, Lurraren historiaren parte bat oso-oso ondo gorde dutelako: Ordobiziko aroko eta aro Permikokoen arteko arrokak ondo daude gordeta geoparkean». Harri horiek ez dira erraz aurkitzen Europako beste tokietan. Austriako hegoaldeko eremu horretan ikus daitezkeen arrokak duela 430 milioi urtetik 250 milioi urtera artekoak dira. «Milioi urte asko daude tarte horretan, eta, gainera, oso zaharrak dira arrokak. Balio handikotzat jotzen dira garai hartatik gorde diren landareen fosilak. Asko dituzte, eta oso ondo kontserbatuak».

Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoak nabarmendu du Karnische Alpen geoparkea kudeatzen dutenek lan handia egiten dutela hezkuntza arloan. «Material asko dute prestatua, neska-mutikoekin eta ikasleekin dibulgazio lana egiteko». Ikastetxeentzat bisita gidatuak egiten dituzte. «Beste geoparke batzuen aldean, hezkuntza asko lantzen dute. Bileretan ere argi ikusten da zein aurreratuak dauden alor horretan».

Bisita gidatuak, edonola ere, Austriako hegoaldean bisitan dagoen turista edo bidaiari ororentzat antolatzen dituzte. Horrenbestez, landua duten materiala gaztetxoentzat ez ezik helduentzako ere prestatua dute. Babesleku dezente daude geoparke osoan, eta trekinak egiteko erraztasun asko ematen dizkiete bisitariei.

Alpe Karnikoek Pirinioekin «antz handi samarra» dutela uste du Hilariok. «Pirinioen eta Dolomiten tarteko menditzat jo ditzakegu. Kare harrizko pareta handiak daude, eta aintzira ederrak». Volaia aintzira da eskualdeko ederrenetakoa. Kobazuloak ere badaude.

Hilarioren iritziz, geoparke batera joaten den edonork, demagun Karnische Alpenera, hainbat gauza ditu bermatuta: «Aukera dago mundu mailako geologia bat ikusteko, hori delako jatorrian definizioan datorrena, eta bestetik inguruko paisaiak beste modu batean ulertzeko. Laugarren dimentsioan sartzen da bisitaria: denbora geologikoan».

Munduan 120 geoparke badira, laugarren dimentsio horretan murgiltzeko. Horietatik 69 Europan, Euskal Herritik ez hain urrun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude