Legezkotasuna ezbaian

UNHCRk salatu du giza eskubideen aurkakoa dela Bruselak eta Ankarak eginiko ituna. GKEek «lotsagarri» deritzote Turkia «herrialde seguru» gisa izendatzeari.

EB Europako Batasunak Turkiarekin itxitako aurreakordioak argi baino ilun gehiago utzi ditu, ugariak izan baitira errefuxiatuekin lan egiten duten erakundeek plazaratutako zalantzak. Greziara iritsitako errefuxiatuak Turkiara kanporatzea nazioarteko legeen aurkakoa dela ondorioztatu dute eragile gehienek, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatari Pilippo Grandi barne. «Nazioarteko legeen araberako errefuxiatuentzako babesik eskaintzen ez duten herrialde batetik besterako itzulketa prozesu zabalek kezkatzen naute». Gobernuz kanpoko erakundeak ere bat datoz: «Turkia ezin da kontsideratu herrialde seguru bat». Europako Batzordeak, ordea, ziurtatu du «Europako eta nazioarteko legea» errespetatuko duela itunak.

Legezko arazo nagusia datza EBn dauden asilo eskatzaileak hirugarren herrialde batera kanporatzean. «Beste herrialde batera kanporatzeko berme bat egon behar luke: ihes egin duten tokira itzularaziko ez dituztela», ohartarazi du Grandik Estrasburgoko Europako Parlamentuan emandako hitzaldian. Horrez gainera, herrialde horrek lana egiteko aukera, osasun arreta, hezkuntza eta gizarte laguntzak bermatu beharko lizkieke asiloa eskatutakoei. Vincent Cochetel UNHCReko Europako zuzendariak argi hitz egin du: «Europako giza eskubideen hitzarmenak debekatzen ditu atzerritarren kanporaketa kolektiboak».

Europako agintariek, ordea, ituna goraipatu dute, uste dutelako Greziako iheslari siriarrak Turkiako kanpalekuetan daudenengatik ordezkatzeak Mediterraneoa gurutzatzeko asmoa kenduko diela. Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren arabera, «dokumentu sendoa da», eta giza trafikatzaileen eta mafien aurka borrokatzeko «tresna erabilgarria» izango da. Itunaren legezkotasuna defendatu du Jean-Claude Junckerrek, Europako Batzordeko presidenteak: «Greziak Turkia herrialde segurua izendatu du».

Hain zuzen ere, «herrialde seguru» izendapen horretan datza legezkotasunaren ardatza. Horrexegatik, iheslariak kanporatzeko EBren asmoetako bat da «herrialde seguru» horien zerrenda bateratu bat osatzea, estatu horretako herritarrei asilo eskubidea automatikoki ukatzeko eta beste iheslariak hirugarren herrialde horietara kanporatzeko.

«Eskubideekin tratuan»

Amnesty International erakundeko Europako zuzendari Iverna McGowanek gogor kritikatu du ituna. «EBk eta Turkiak munduko herritar zaurgarrienen eskubideekin eta duintasunarekin tratuan ibili dira maltzurki». Giza eskubideen aldeko erakundeak «lotsagarria» deritzo Turkia «herrialde seguru» izendatzeari. Are gehiago, «hirugarren herrialde seguruaren» kontzeptua bera auzitan jarri du.

Human Rights Watchek «begi laburtzat» jo ditu Europako agintariak, eginiko itunak Siriaren eta Turkiaren arteko mugaldean izan ditzakeen ondorioak kontuan ez hartzegatik. Siriatik eta Iraketik ihes egiten duten kurduek Turkian «egoera oso arriskutsua» bizi dezaketela ohartarazi du erakundeak.

Edonola ere, itunak galdera ugari utzi ditu airean, ez baitu argitzen Grezian dagoeneko harrapatuta dauden iheslariekin edo Turkiara kanporatuko dituztenekin zer egingo duten. Azken datuen arabera, 34.000 lagun daude Grezian aurrera egin ezinik, eta hurrengo egunetan kopuru horrek gora egin dezake, Bruselak bidalitako mezuek ez baitituzte errefuxiatuen zeharkaldiak galarazi. Migrazioan adituek ohartarazi dute Balkanetako bidea ixtean halabeharrez beste bideak irekiko direla. Frontex agentziako zuzendari ohi Gil Arias Fernandezek Efe agentziara esan dionez, Errusiatik Norvegiara eta Finlandiara egunean ehun lagun iristen dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.