«Niretzat Che ez da mito bat, anaia baizik»

Gotzon Hermosilla / 2016-03-18 / 644 hitz

Euskal Herrian izan da Guevara ETBren saio batean parte hartzeko, eta aukera izan du bere sendiaren jatorria eta ahaideak ezagutzeko; Euskal Herriarekin hasi duen harremanari eutsiko diola esan du.

EITBk gonbidatuta, Euskal Herrian izan da egunotan Juan Martin Guevara (Cordoba, Argentina, 1943). Ezkerreko militantea da, FAS Sozialismoaren aldeko eta Inperialismoaren kontrako Fronteko kide izan zen, eta preso atxiki zuten 1975etik 1983ra, baina, batez ere, Ernesto Guevara Che-ren anaia izateagatik egin da ezagun.

Saio berria prestatzen ari da ETB, Origen (Jatorria) izenekoa. Ameriketara joandako euskaldunen ondorengoak Euskal Herrira ekarri eta haien sustraiekin eta urruneko ahaideekin harremanetan jartzea da saioaren xedea. Horretan aritu da Guevara hiru egunez: Gebara (Araba) herria bisitatu du, bai eta Bizkaiko eta Gipuzkoako beste zenbait herri ere, arbasoen lorratzaren xerka. Maiatzetik aurrera emango du ETBk harekin grabatutako saioa.

Zuen familian bazenekiten jatorria Euskal Herrian zenutela. Zein irudi zenuten Euskal Herriaz?

Bai, bagenekien gure jatorrian euskal osagarri garrantzitsu bat zegoela, gure arbasoak Euskal Herritik iritsi zirela; Txilera lehen, eta gero, handik Argentinara. Baina, horretaz aparte, ez genuen erreferentzia handirik. Gure izeba Beatrizek beti esaten zuen Euskal Herriko eta Irlandako jatorria genuela, eta familiaren izaeran nabaritzen zela hori: burugogorrak gara, erabakimen handikoak eta managaitzak. Baina hori baino askoz gehiago ez; gu aurrera begira bizi ginen, eta ez genuen gure arbasoen berri jakiteko irrika berezirik.

Nolakoa zen Ernesto Guevara?

Familian matxinoak izan gara beti, baina Ernesto, inor baino gehiago. Eta bidaietara oso emana: beti zegoen kanpoan, bizikletan, motorrean, auto-stop eginez eta abar; eta onena zen beti itzultzen zela. Medikuntza ikasketak ere horrela egin zituen, bere kasa; normalean ez zen fakultatera joaten; itzultzen zenean, ikasi, eta azterketetara aurkezten zen. Eta nahikoa zen erronka jotzea eta esatea: «Ezetz egin hau edo bestea», berak egin zezan. Esan didatenez, ezaugarri hori oso euskalduna da.

Jakitun zen iraultzaren ikur gisa hartzen ari zen neurriaz?

Nik esango nuke baietz, bere lidergoaren garrantziaz kontziente zela, nahiz eta Fidel Castrok inoiz kritikatu dion ez zuela iraultzan zuen garrantzia balioetsi eta arrisku gehiegi hartu zituela. Baina niretzat Che ez da mito bat; nik anaia nuen. Iraultza gailendu zenean, [1959ko urtarrilean] ni Kubara joan nintzen, eta han mundu guztiak komandantearekin egon nahi zuen; nik ez, nik anaiarekin egon nahi nuen. Gure belaunaldikoentzat ikur izan zen Che, eta ez soilki ezkerrarentzat, gazte guztientzat baizik.

Zu ere errepresioa nozitutakoa zara.

1974an espetxeratu ninduten lehenengo aldiz, [Juan Domingo] Peron erbestetik itzuli zenean. Orduan hasi zen ezkerraren kontrako errepresioa. Jomuga ez zen ezker osoa, ezker iraultzailea baizik, boterea eskuratzeko estrategia argia zuena. Bolada laburra eman nuen espetxean, baina, jakina, ordurako markatuta nengoen, eta 1975ean berriro atxilotu ninduten. 1975etik 1983ra kartzelan egon nintzen. Jakina, militarrak boterera iristeak ez zuen asko lagundu presoon egoera samurtzen.

Zer irizten diezu Kuban gertatzen ari diren aldaketei?

Aldaketa horiek askoz lehenagotik datoz. Hedabideetan ez zen agertzen, baina aspaldi luzean Miamin [AEB] erbesteratutako milaka kubatar arazorik gabe ari ziren Kubara bidaiatzen. Nik uste dut bidegabea dela mundu osoan sozialismoaren zuzia bakar-bakarrik eramateko ardura Kubaren gain utzi nahi izatea. Elkartasunaren esparruan sekulako lana egin du, baina Kubak hamabi milioi biztanle eta herrialde pobre bat baino ez dauka.

Zein izan daiteke etorkizuna?

Ez nator bat uste dutenekin Kubak bere printzipioei traizio egin diela, ezta 1959 baino lehenagoko egoerara bueltatu nahi dutenekin ere. Erabakia kubatarren esku egongo da.

Nolakoa izan da Euskal Herria ezagutzeko esperientzia?

Sinestezina, ikaragarria. Oraindik ez dut guztiz barneratu. Batez ere, jendea ezagutzea, nire urruneko senitartekoak ezagutzea. Jenderik gabe, paisaia argazki hutsa da. Argazkia aldizkari batean ikustea banuen, baina hemen bizi dudana ez nuke inoiz bizitzerik izango aldizkari batean ikusita.

Etorkizunari begira, orain egin dituzun harremanei segida emateko asmorik ba al duzu?

Jakina. Argi dut itzuli egingo naizena. Gainera, badakit hemen herri bat dagoela, eta herri horrek herri izan nahi duela, ez inoren menpeko. Gauza batzuk egiteko dauzkat, esaterako, Gebara gaztelura igotzea, herrian egon nintzenean ez bainuen egiterik izan eguraldi eskasaren erruz. Egin dudan harremana barruan gelditzen zait, eta, modu batera edo bestera, jarraitu egingo dut horrekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.