PopcornTime bueltan da, euskarazko azpititulu eta guzti

Denboraldi bat itxita eman ostean, itzuli da beste behin ere PopcornTime torrent erreproduktore famatua. Eta badirudi luzera begirako proiektu bat dela, 4 aldiz ixten saiatu badira ere, behin eta berriz jarri baitute martxan. Honez gero jakingo duzuen bezala, erreproduktore honek, torrent zerbitzari ezberdinetatik bai filme, serie eta baita anime torrentak eskuratu eta era oso txukun batean katalogatzen ditu.

Era honetako produktuen ikuslearentzat inoiz baino errazagoa da, bi kliketara eskuragarri baitu produktua inongo jakintza berezirik izan gabe. Bestaldean ordea, produktu hauekin etekina atera nahi duten enpresak daude, Netflix eta antzeko plataformen erabil erraztasuna eta erabateko doakotasuna baitu software honek.

Plataforma ezberdinetan instalatu daiteke: Android TV, Android mugikorretan, MAC, Linux edota Windows ordenagailuetan. Eta horrez gain, zenbait SmartTV (nire kasuan Samsung bat) eta Chromecast aparailuarekin ere ondo konpontzen da. Gainera TrackTV (ikusi dituzun filme/serien zerrenden hemeroteka osatzeko), TVShow time (zure serie gustokoenen egutegia) edota OpenSubtitles (azpititulu datubase librea) bezalako zerbitzuekin konektatzeko aukera ere ematen digu.

Beraz, “Torrent media center” bat dela edo esan genezake. Hau da, media kudeatzaile konbentzionalen moduko software bat baina, fitxategia aurrez deskargatu eta katalogatu beharrik gabe. Ireki, aukeratu eta ikusi. Horrelako sinplea da.

Ez da edozein filme edo serie agertzen gainera katalogoan. HD kalitatetik beherakorik ez dute onartzen eta gutxienez 720p edota 1080p kalitatedun media aurki dezakegu bertako katalogoan. Ah, hori bai, bertsio originalean (ingelesez) eskaintzen dituzte eta oraingoz behintzat, Holywoodeko ekoizpenetatik aparte oso zaila da zerbait aurkitzea. Hala ere, katalogoan ez dagoen film baten torrent fitxategi bat ireki dezakezu, aurrez saretik zuk zeuk eskuz deskargatu baduzu… Baina film, serie edota dena delako multimedia produktua guztiz eskuragarri izateaz gain, badu euskal komunitatearentzat abantaila handi bat. Behar bezala konfiguratuz gero eta filmaren azpitituluak euskaraz eskuragarri badaude, zuzenean erakutsiko dizkizu. Ah, eta konturatu zarete interfazea bera ere euskarara itzulita dagoela?

Defektuz euskarazko azpitituluak agertzeko konfiguratu

Modu oso errazean konfiguratzen da aplikazioa bai interfazea eskaraz jartzeko eta baita azpitituluak defektuz euskaraz bilatzeko ere. Menuan goian eskuinetara, engranaia moduko botoi baten bitartez aplikazioaren hobespenetara joango gara. Bertan, PopcornTime aplikazioaren hizkuntza lehenetsia euskara dela esango diogu eta beheraxeago, berriz, film bat kargatzen den bakoitzean automatikoki euskarazko azpitituluak aurkitzeko esango diogu. Ikusi beheko irudian “Erabiltzaile interfazea” eta “Azpitituluak” atalei dagokien aukeretan.

Euskarazko azpitituluekin ikusteko beste aukera batzuk

Defektuz euskarazko azpitituluak agertzerik nahi ez baduzu ere, badago film bakoitza erreproduzitzen ari zaren bitartean azpitituluak aukeratzea. Aplikazioak erreprodukzio menuan, film horrentzat aurkitu dituen azpitituluen hizkuntzen zerrenda bat proposatuko dizu klik batean kargatzeko. Noski gure kasuan euskarazko aukera aukeratuko genuke, baina zer egin aukeren artean euskarazkoa ez badago?

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude