Ray Tomlinson hil da, posta elektronikoaren eta abilduaren sortzailea

Sustatu.eus / 2016-03-07 / 190 hitz

Asteburuan hil da New Yorken Ray Tomlinson, besteak beste posta elektronikoa eta @ (abildua) ikurraren erabilera nolabait asmatu zituen informatikaria.  1971. urtean izan zen hori, duela 45 urte. Internetaren gurasoen multzoan aipatu izan da beti Tomlinson, eta hamaika sari eta aipamen jaso izan ditu horregatik. MIT150 zerrendan (innobazioaren munduan 150 pertsonarik garrantzitsuenak) 4. postuan zegoen, eta Internet Hall of Fame delakoan ere sartu zuten 2012an, ondorengo aipamenarekin: “Tomlinsonen posta-programak iraultza osoa ekarri zuen, gizarteak komunikatzeko zeukan modua erabat aldatuz”.

 

Joan zen larunbatean hil zen New Yorken Ray Tomlinson programatzailea (New York, 1941-2016), Interneta sortu eta garatu zuten aitzindarien artean beti aipatzen den izen ezinbesteko horietakoa.

Tomlinsonek pare bat programa zituen garatuta (Sndmsg eta Readmail), ordenagailu bera konpartitzen zuten erabiltzaileen artean mezuak trukatzeko. Gaur egungo Internetak lehenengo urratsak eman zituenean (ARPANET sarearen bidez), Tomlinsonek bere programa horiek egokitu egin zituen erabiltzaileak sarean zehar komunikatu ahal izateko, posta elektronikoa sortuz. 1971. urtea izan zen hori.

A bildua ikurraren (@) aita ere bada, Tomlinsonen ideia izan baitzen, ordenagailu ezberdinetako erabiltzaileak bereizteko a bildua erabiltzea (ikurraren bidez 2 eremuak elkartzen zituen Tomlinsonek “erabiltzailea@makina”), gaur egun ere oso modu antzekoan erabiltzen duguna.

Tomlinsonek sortutako sistema berriak goitik behera aldatu du gizakiok elkarren artean komunikatzeko dugun modua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.