Salbuespenari begira

Garbiñe Ubeda / 2016-03-17 / 456 hitz

Duela bost urte, Fukushimako hondamendia gertatu eta astebetera, energia nuklearraren gaineko kezka orokortuak zipriztintzen zituen egunak. Japonian suertatutakoa karanbolaren karanbola izan zela argudiatuz, adituak ezbeharren katea esplikatzen saiatzen ziren, esan nahi baita zerk zer eragin zuen azaltzen eta katastrofea segida horren logikan justifikatzen, izuak gaina har ez zezan, batez ere zorte txarrak izan zezan erru puska (edo halabeharrak, edo, gaizto jarrita, naturak berak

Pausoz pauso, lurrikararen osteko historia esplikatzen ziguten xehe, istripuaren kronologia zehatza, subliminalki bestelako mezu bat hedatzea izanik helburua: hemen —irakur bedi Frantzian, Espainian edota Erresuma Batuan—, ez daitekeela halakorik gerta, ez ginatekeela puntu horretaraino inondik inora ere helduko, karanbola horietatik guztietatik eta kalkulatu gabeko ezustekoetatik libre gaudelako, eta gainera den-dena dakigulako (salbu eta fisioaren prozesua gelditzen, bistan denez). Horra paradoxa.

Ura da hitz gakoa Fukushiman. Lurrikara baten ondorioz sortutako ur kolpekadak zartarazi zuen zentral nuklearra, funtsean eta bere sinplean, ur-ponpak hondatu zituelako, erreaktorearen nukleoa berotu ez dadin ezinbesteko. Tenperaturari neurria hartu ezinak, beraz, hekatonbea jarri zuen abian, erradioaktibitateak borborka egin zuen ihes, eta egun haietako borraskak eta euri jasek —urak berriz ere— lurrera makurrarazi zuten pozoia, haizeari lanak hein batean eragotzita. Teknikariek hozte sistema inprobisatu zioten munstroari, ura bertaraino helarazi eta bota eta bota arituz, etengabe ureztatuz, eguna joan eta eguna etorri. Gaur arte. Baina barealdia horrela bilatzeak badu ordainik: hozteko baliatzen diren ur zorrotada horiek, bost urtean etengabe jariatzen ari diren urak, goitika eginda bezala itzultzen ditu piztiak, ukitu orduko poluituta, erradioaktibitatez gainezka. Eta handik itsasora egingo dute bidea, urpeko ekosistema dagoeneko ahulduetara, batek daki zer-nolako mutazio genetikoak eragitera; edo lurpera filtratuko, eta azpiko erreketan bilduko, ur edangarriekin bat egingo, landareen sustraiek xurgatuko, landarea erradioaktibo bilakatuko, abereen bazkan agertuko, eta aberea bera, ondoren, jendeen platerean… Ur kaltegarriok bereizteko, igerilekuetan metatzeko eta erradioaktibitatea nola hala garbitzeko ahalegin orok porrot egin duelako beti. Leherketaren ondoren bildutako hondakin eta lur kutsatuak, milaka tona zaku beltz, nonbait ezkutatzeko asmo guztiak ere pikutara joan diren bezala. Azkenean, itsaspeak hartu beharko ditu, zabortegi zabal horrek, gure begiek sufri ez dezaten.

Baina bakea. Barrengo berotasunak freskatzen zaizkion bitartean, lozorroan jarraituko du piztiak. Biztanle ebakuatuak, etsiak hartuta, etxera itzultzen hasita daude dagoeneko, ezikusia egiten diote gaitz-iturriari, batetik halabeharrez, eta bestetik gobernuaren aginduz. Eta okerra etsenplu. Normaltasunaren izenean, zentral nuklear berriak zabaldu dira han-hemenka (Txinan, AEBetan, Erresuma Batuan), eta 40 urtetik gora bete dituzten planta zaharkituei ere, zergatik ez, bizitza luzatzeko planak proiektatu zaizkie, itxiera duinaren ordez (esate baterako, Garoñakoari).

Urak dakarrena, urak daroa. Bost urteko epe eskasean, Fukushimako hondamendiak azaleratu zuen alde on bakarra ahantzi zaio munduari: indar nuklearrari beldurra, mesfidantza, kontrolatu ezinaren kontzientzia. Salbuespenak salbuespen, betiere. Alemaniak, 2011ko hartan otsoari belarriak ikusita, ezkertiarrek edo berdeek sekula lortu gabekoa egin zuen, Angela Merkel anderea buru zuela: energia atomikoa behingoz atzean uzteko lehen jauzi sinesgarria, energia berriztagarrien aldeko apustu baldintzarik gabea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude