‘Spotlight’ hemen, gaur

Alberto Barandiaran / 2016-03-01 / 661 hitz

Spotlight filmaren eszena batean, protagonistak, Boston Globe egunkariko ikerketa saileko kazetari beterano batek, galdetzen dio ikaskide ohiari ea ze kirola egiten zuen berak, institutu garaian. «Beisboleko taldean nintzen», erantzuten dio lagunak. «Ni errugbian aritzen nintzen. Hockey taldea Anaia Talbotek zuzentzen zuen. Gu biotako edonork hockeya hautatu izan bagenu, gaur, beharbada, ez ginen hemen egongo». Anaia Talbotek hainbat gazte bortxatu zituen Bostongo auzo dotore bateko eskola batean, 70eko hamarkadan. Gazte horiek ez ziren bereziki erakargarriak, bereziki gazteak, bereziki txiroak edo bereziki aberatsak. Hockeya gustatzen zitzaien, eta anaia Talbotek institutu horretako hockey taldea zuzentzen zuen, besterik ez.

Boston Globe kazetak ikerketa zabala abiatu zuen kasu horien inguruan 90eko hamarkadaren hasieran. Spotlight izeneko ikerketa taldeak aurrera eraman zuen lan horri esker frogatuta geratu zen Eliza katolikoak isildu zituela, hainbat hamarkadaz, Bostongo abusu horiek guztiak, eta erasotzaileak lagundu eta babestu zituela. Ondoren jakin zen ez zela bakarrik Bostonen gertatu. AEBetako beste hiri askotan atera ziren kasuak, eta Europako beste hiri askotan ere bai. Afrikan eta Asian ere bai. Arazoa sistemikoa zela, alegia. Eliza katolikoaren estamentu guztiak ukitzen zituela

Boston Globe-ko kazetariek Pullitzer sari preziatua irabazi zuten ikerketa lan horrengatik, eta Spotlight filmak aurtengo Oscar sari nagusia jaso du. Bi kazetari gaztek gomendatu zidaten, biziki. Halako grina piztu ziela, ea non ote dagoen gurean horrelako eskandalua. Gustura hasiko zirela ikertzen eta trapu zikinak ateratzen. Ea non zegoen eskandalu hori, gurean.

Gazte ginenean, guk abusuak jasan genituen Irungo La Salle eskolan. Anaia Valeriok, gure tutoreak, asteko azken ordua aprobetxatzen zuen gure aurrean jarri eta patxadaz hitz egiteko, giro lasaian. Esertzen zen bere mahaiaren aurrealdean, edo ikasmahaien lehen lerroko eserlekuan, guri begira, eta gogoetan hasten zen, lagun artean bezala. Han esaten zirenak ezin zirela gelatik atera behar azpimarratzen zuen maiz. Hori zela gure konfiantzazko eremua. Inork gelatik kanpo zerbait esanez gero, traizioa egingo ziola taldeari. Horrela bakarrik lortuko genuela elkarri gure gauzak aitortzea. Ona zela hori.

Behin esan zigun ezagutzen zituela gu bezalako gazteak elkarri zakila ukitzen ziotenak, «konfiantza edo adiskidetasuna» erakustearren. Ez zuela ezagutzen adiskidetasun aitorpen benetakoagorik elkarri masturbatzea baino.

Hamahiru urte genituen.

Tutoretzak genituenean, ikasmahaien gainean eserarazten gintuen, hankak aulkian jarrita, aurrez aurre. Gure belaun gainean paratzen zituen eskuak, eta besarkada estuak ematen zizkigun. Eskua jertsearen azpitik luzatzen zuen. Izaera koleriko samarra zeukan, haserretzen zen urruntzen baginen. Gaizki pentsatu izanaren errua txertatzen zigun. Konfiantza, hori zen bere hitz klabea.

Garai hartan, eskolan asko lantzen zituzten adiskidantzazko egonaldiak, gogo jardunak edo. Borondatezkoak ziren, eta Valeriok lortu zuen gure lagun taldea konbentzitzea. Donostiako Antigua auzoko etxe batera joan ginen beraz sei lagunak, han asteburua pasatzera. Uda zen, estropadak ikusi genituelako. Kasualitatez, guretako omen ziren hiru logelatako bat txikiegia zen, eta, oheratzeko unea iritsi zenean, Valeriok esan zigun bere logelan bazegoela tokia, gutako bat berarekin joateko. Ez dakit nola, baina txandak azkar osatu ziren, eta ni geratu nintzen tokirik gabe. Ezetz, tematu nintzaion Valeriori, koltxoi bat jarriko genuela lurrean, eta moldatuko nintzela Iñakirekin. Ez zitzaion gustatu. Muturtuta egon zen hurrengo egun osoan. Konfiantzarik ez zegoela eta, kexaka aritu zen. Etxerako trena hartu genuenean, lasaitu ederra hartu genuen denok.

Bai, ni hockey taldeko bat izan nintekeen.

Esango nuke inoiz ez dela hemen benetan hitz egin, benetan aztertu, Elizarekin lotutako irakaskuntzaren inguruan hainbeste urtez gertatutakoa. Nola toleratu den hori guztia. Nola isildu den. Ez dugu galdetu, ez dugu entzun, ez dugu kontatu. Eta hemen, guk, badugu Pullitzer bat.

Ez baitzen bakarrik anaia Valerio izan, eta ez ziren bakarrik grina sexualarekin lotutako abusuak izan. Eskola berean eta garai berean, irakasle batek nerbioak galdu zituen batean Pedro Pablori esan zion leihotik bere burua botatzeko: «Pedro Pablo, hala, tírate por la ventana si te da la gana». Eta Pedro Pablok bere burua leihotik behera bota zuen.

Ez genuen negar egiten. Ez ginen kexu. Irunen, 70eko hamarkadan.

Anaia Valerio ikastetxez aldatu zuten tutoretza horietakoren batean eskua gehiegi luzatu zuela eta gurasoek protesta egin zutenean. Ikastetxez aldatu zuten.

Spotlight filmak halako gogoa pizten du gure lanbidearekiko, egia da. Halako aldarri bat: kazetaritzak baduela injustiziak salatzeko gaitasuna, eta, batez ere, eginbeharra.

Gaur, hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.