Anne Lockwood, musikaria: «Ibaiaren hotsa bizirik sentitu behar dut»

Iñaki Lasa Etura / 2016-04-28 / 528 hitz

Urteak daramatza naturaren hotsak grabatzen Locwoodek, eta gizakiaren eta ingurumenaren «kooperazioa» bultzatzen. Hudson, Danubio eta Housatonic ibaien soinu mapa egin du, besteak beste.

Ibaiaren hotsa entzutean, «erraietako konexioa» sortzen da, Annea Lockwood musikagilearen (Christchurch, Zeelanda Berria, 1939) aburuz. Naturarekin lotura estua du haren lanak. Danubion egindako grabaketaren inguruko hitzaldia eman zuen Donostian, aurreko astean, Kristina Eneak gonbidatua, HidroLogikak, ibaitik badiara jardunaldien harira.

Joan al zara Urumea ikustera?

Bai, itxura ederra du, baina ez du hotsik hirian; ibaian gora egin nahi nuke, leku basatiago batera.

Zer entzun daiteke ibaiaren hotsean?

Ñabardurak, erritmoa, melodia txikiak… Ibaiari buruzko informazioa ematen dizu haren hotsak. Harrixkak baditu, ixi egiten entzungo duzu; harri handiak daudenean, berriz, uhinen eragina antzemango duzu. Geologia entzuten ari zara.

Ibaia menderatzen saiatu da gizakia beti: presak altxatu, ibaien bidea aldatu… Zer eragin du horrek ibaien soinuan?

Erabatekoa. Danubio grabatzean, ez nuen Bukarest, Budapest eta Belgrad hirietako soinurik grabatu, Urumeako bera gertatzen baita: arrokak daude bazterrean, hots gutxi. Hiru egunez ibili nintzen hara-hona Donaukanalen, baina ez nuen ezer interesgarririk topatu. Ibaiaren hotsa bizirik sentitu behar dut; ez badago bizirik, ez dit balio. Hirian, geldiarazita dago ibaia.

Zergatik da hain garrantzitsua Danubio ibaia zuretzat?

Ez dut oso argi erantzuna. Nire kidearekin batera sukaldeko mahaian nengoenean konturatu nintzen ibai bat grabatu nahi nuela; hogei urte ziren Hudsoneko soinua aurkitu nuenetik. Danubio otu zitzaidan berehala. Maite dut Europako historia; asko interesatzen zait. Gainera, Europa ekialdean egon gabea nintzen, eta ibai garrantzitsua da historikoki eta kulturalki. Ibaiarekin lotura estua duen jendea elkarrizketatu nuen, eta hura gabe bizitzeko gai izango ziren galdetu nien. Pozik nago Danubio grabatzeagatik; lau urte izan ziren, bost-sei asteko sei bidaia.

Bizi ahalko zinateke ibairik gabe?

Ez dut uste. New Yorken [AEBak] Hudson ibaiaren ondoan bizi naiz, bost minutura autoan, eta askotan noa oinez hara. Udan, AEBetako ipar-mendebaldera joaten naiz, Mendi Harritsuetara, banatzaile nagusitik gertu. Laku handi bat dago, eta mendi ibilaldiak egiten ditugu.

Zeelanda Berrian jaio zinen, paisaien edertasunagatik ezaguna den herrialde batean. Eragin zuzena izan al du horrek soinuak grabatzen hasteko prozesuan?

Hain zuzen ere. Ibaiak izan dira nire belarrien entrenamendua. Txikitan, nire familiak etxola bat zuen mendian. Oso gertu zegoen ibaia, eta oso ondo entzun genezakeen; haren soinuarekin hartzen genuen lo. Bestetik, kiwi hegaztia entzun nahi izaten genuen beti. Gauez deitzen dute, eta zuhaixka batetik entzuten genituen, ibaiaren beste aldetik. Haurtzaroan hasi zen guztia.

Gaur egun, normalagoa da, baina, hasi zinenean, ez zen batere ohikoa natura grabatzea, ezta?

Hasi nintzenean, hogei bat urterekin, ez zen ohikoa; esperimentala zen. Baina, niretzat, naturala zen. 1970eko hamarkada hasieratik, musika konkretuarekin eta, artista gehiago hasi zen natura entzuten. Askok egiten dute egun; oso pozgarria eta osasuntsua iruditzen zait.

Hudson izan zen lehen ibaia.

Newyorktarrek ez dute entzuten Hudson ibaia: ezin dute. Ezin baduzu ibai bat entzun, ezin duzu jakin zenbateko indarra duen. Jendeak ibaiaren boterea ezagut zezan grabatu nuen Hudson, eta indar hori beren gorputzetan nozitu zuen jendea elkarrizketatu nuen.

Zuretzat garrantzitsua da ibaiaz gain bizilagunak ere grabatzea?

Beti interesatu zait gizakiak ibaiekin duen lotura. Animaliek ez bezala, ez dugu ur hori edateko behar, baina gertu bizi nahi dugu. Ibaien ingurumenaren parte gara, zomorroak, belarra, zuhaitzak eta arrainak bezalaxe. Ez gaude hortik at, hizkuntza batek batzen gaitu: gure bizitzan eragiten dute ibaiek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.