Idoia Etxeberria Ikutza, harrijasotzailea: «Neure burua da nire aurkaririk handiena»

Unai Zubeldia / 2016-04-26 / 1642 hitz

Bi eskuekin 157 kiloko harria dauka berdinduta, eta esku bakarrarekin, 117koa. Etxean egindako lan ona plazan berretsiz, egurrean dabil Idoia Etxeberria Ikutza.

Zenbakirik jarri gabe dauka, oraindik, harria. «Kiloren bat edo beste gehiago izango da». Baina kontuz Idoia Etxeberria Ikutzaren (Orio, Gipuzkoa, 1992) baieztapen horrekin, 105etik 117ra arteko aldea «kiloren bat edo beste» delako Ortzaikako harri-jasotzailearentzat. Arrauna, zaldi probak, giza probak… «Indarra izan dugu beti familian». 157 kiloko harria berdinduta dauka bi eskuekin, eta 117koa bakarrarekin. Larunbatean Idiazabalen saiatuko da biak koska bat igotzen (19:00).

105 kiloko harriari «kiloren bat edo beste» gehituko zeniola esan, eta 117koarekin atera plazara. Marka da gero!

[Barrez] Ortzaikako haizea-edo izango da… Ez, ez; Aizarnazabalen egon zen gakoa [esku bakarrarekin hiru aldiz berdindu zuen 100 kilokoa]. Marka ahalegina baino bi aste lehenago hautsi egin zitzaidan harria, eta zer egin ez genekiela geratu ginen. 100 kilokoa eta 120koa baneuzkan, baina bi eskuekin altxatzekoak biak, beheko zulorik gabeak. 120 kilokoa 117an geratu zen azpiko zuloa eginda; etxean probatu, eta jaso egin nuen, eta geneuzkan aukera apurrak aprobetxatu beharra geneuzkala esan zidan anaiak, bestela penetan geldituko ginela-eta; bi entrenamendu eginda joan ginen plazara. Lehen edozein garaitan deitzen zuten marka ahalegina egiteko, baina bizpahiru dei besterik ez dira izaten orain.

117 kiloko harriarekin plazaratu zinenerako, auskalo etxean zenbatekoa daukazun berdinduta!

Etxekoa etxean geratzen da beti, baina entrenamendu batzuk egin ditugu, bai.

Ordiziatik bihurgunea hartu, eta Idiazabalera orain. Handia egitera zoaz hor ere…

Izugarrizko lanak hartu ditugu, eta kezka pixka bat badaukat! Baina pare bat entrenamendu on egin ditugu etxean, nahiz eta etxea eta plaza erabat desberdinak izaten diren beti.

Nabaritu duzu Idoia Etxeberriak zalea erakartzen duela jada?

Berritasuna gustatzen zaio jendeari. Ikusmin handia sortu dute esku bakarrarekin egindako ahaleginek. Batzuek oraindik ere esaten didate: «Pentsatu ere ez nuen egingo emakume bat 100 kiloko harria esku bakarrarekin altxatzen ikusiko nuenik». Berritasunak lagundu egin digula uste dut.

Erakustaldiak eta gainerakoak jaitsita daude, hala ere?

Bai… Baina iazko urtea polita joan zen. AEBetako bidaiatik itzuli [Boisen izan ziren], eta hurrengo egunean bertan erakustaldia izan nuen. Dezente mugitu nintzen iaz, eta uste dut urterik txarrenak pasatu ditugula.

Erakustaldiak ez ziren makalduko baldintza zorrotzegiak jartzen zenituztelako, ezta?

Ez, ez! Gure baldintzak ez dira izaten betetzeko zailegiak.

Baldintzak baldintza, edozeinek aurre egiten dio Euskal Herriko emakumerik indartsuenari…

Askotan entzun izan dut hori, baina uste dut plazara ateratzen ausartzen ez diren neska asko daudela; egingo luketenak, baina ausartzen ez direnak. Ni ere behe-behetik hasi nintzen. 35 kiloko harria jasotzen ari zen neska bati begira sartu zitzaidan niri harriei heltzeko grina. Miren Urkiola-eta 100 kiloko harria altxatzen ikusi, eta marka haiek nik noiz lortuko nituen pentsatu ere ez nuen egiten orduan. Ni ere pixkanaka eta erdi jolasean hasi nintzela, alegia. Teknika eta indarra behar dira harria jasotzeko, baina bereziki teknikak dauka garrantzia.

Aurkezpenak ondoegi egin gabe joan dira, eta Idoia Etxeberria bai, baina Ikutza ere bazara zu.

Bai, bai. Ikutza ere jarri, aitonaren aldeko abizena. Gustatuko zaio!

Oriotarra zarela esanez gero, berriz, paretik kentzea hobe?

Kolperik ez dizut tirako, baina atzera egin badaezpada ere [barrez]. Ortzaikakoak gara gu. Gustatzen zaigu gurea goratzea.

Nolako neskatoa zinen umetan?

Egoskorra nintzela esaten du amak! Orain ere pixka bat badugu hortik, eta… Aitonak-eta oso umetatik ikusten omen zidaten indarra. Astunenak ziren lehengusu txikiak ere airean ibiltzen nituela esan izan didate askotan.

Familian, hala ere, ez duzue harri-jasotzen ibiltzeko joera berezirik…

Ez, ez. Harri konturik ez dugu izan. Aitonak Kontxako hiru bandera badauzka irabazita, birraitonak hamahiru… Aita ere herri kiroletan asko ibilitakoa da. Baina, harri kontuetan, ni bakarrik.

«Nik ere hori egin nahi dut». 14 urte zeneuzkan aitari hori esan zenionean, ezta?

Hala da, bai. Futbolean aritzen nintzen orduan, eta entrenamendua amaitu berritan maleta eskuetan nuela ikusi nuen neska hura harria jasotzen. «Aita, nik ere nahi dut», esan nion, eta berehala jantzi zizkidan txalekoa eta gerrikoa. Itsaso Legorburu zen neska hura, eta hari esker hasi nintzen ni lan hauetan.

Aukeran, gutxiegik eman duzue pausoa, hala ere. Beldurra, gizartearen presioa, familia kontuak… Zer dago atzean?

Gizarte kontuei baino gehiago etxekoei begiratuko nieke nik. Nire kasuan ere ama egunero aritzen zait uzteko esanez. Markak-eta ikusten ditu amak, bai, baina atzetik datozen lesioak eta eguneroko lanak ere bai. «Hainbesteko sakrifizioa egitea, neska…», esaten dit beti, baina hauxe gustatzen zait ba, eta… Etxean babes handia daukat; aita, aitona, ama, anaiak… Eguneroko babes hori gabe ez dakit zer egingo nuen.

Mari Jose Sardon, Miren Urkiola, Estitxu Almandoz… Giro polita sortu zenuten, baina, ohartzerako, akabo.

Bai… Inguruan jende gehiago edukiz gero, entrenatzeko ere beste grina bat egoten da. Sardon hasi zen, Urkiola gero, eta Almandoz orain. Estitxuk [Almandoz] txapelketa jokatzeko pausoa eman zuen behin [2014an], baina gerora bide hori ez hartzea erabaki du, eta horrela gelditu da. Mirariaren parekoa da plazara atera eta urtebetera txapelketei heltzea; denbora behar du horrek. Hala ere, neure burua da nire aurkaririk handiena. Hasieratik oso argi daukat hori.

Zeure buruari oso gogor egin zalea zara orduan?

Tira… Anaiak laguntzen dit horretan asko. Nik pixka bat gutxiago egin nahi badut ere, hark bi hitz esan, eta sutan jartzen naiz. Izugarria da ondokoaren laguntza. Arrastotik ateratzera zoazenean, anaia beti hor egoten da nire bidea zein den gogoratzeko.

Aurkaria zeure burua denean, ordea, nola aurkitu motibazioa?

Aurreneko eguneko motibazio berbera daukat nik. Marka handi horietan sartu izan ez banintz, besterik gabe entrenatzen ariko nintzatekeen orain. Baina horrek ez nau betetzen. Txapelketak, erakustaldiak… Denetik probatu dugu, eta marka ahaleginen bidea da nirea. Indarra ematen dit.

Zer gertatuko da plazak uztea erabakitzen duzunean?

Ustekabean agian agertuko da baten bat orduan! Nik beti esaten dut lagunak baino aurkariak errazago agertzen direla beti. Baina, auskalo. Hori bai, ahal dudan artean eutsiko diot nik.

Zerk dauka karga handiagoa, harriak edo ikasketek?

[Barrez] Basoko goi mailako zikloa egiten ari naiz. Praktiketan egon behar nuen orain berez, baina ikasgai bat bidean geratu zait, eta… Zalantzarik gabe, niretzat eskola izan da beti harririk astunena; amak beti esan izan dit hori. Haur Hezkuntzako goi mailako zikloa ere eginda daukat, eta, tira, kalte ere ez dit egin ikasgai batean 4,2 atera izanak. Ez nuen nahita egin, baina mesede egin dit entrenatzeko eta markak hausteko.

Harri-jasotzaileak zorrotz zaindu behar izaten al du elikadura?

Niri ez dit ematen buruko minik; ez daukat dieta zorrotzik. Herbalifen sartuta dabil orain anaia, eta jarraibide batzuk eman dizkigu. Lehen, adibidez, gosaldu ere ez nuen egiten, eta 15:00 arte ezer jan gabe egoten nintzen askotan. Elikadura kontuan kaosa izan da nirea, baina anaiari esker ari naiz hartzen ohitura batzuk.

Etxean harriak altxatuta bakarrik ezin dira altxatu gero harriak plazan, ezta? Korrika saioak, pisuak, luzatzeak…

Prestaketa lan handia eskatzen du plazak. Ezagutzen ditut harriak altxatuz bakarrik entrenatzen direnak, eta hala hasi nintzen ni ere. Baina berehala lesionatu nintzen. Jaiotzetik daukat arazoa hezurretan, eta inguru hori indartuta neukan bitartean harri-jasotzen jarraitzeko moduan izango nintzela esan zidan medikuak. Hori bai, abdominalak, lunbareak, gimnasia ariketak, bizikleta estatikoa… denetik egin behar izaten dut hezurrak indartzeko. Astean bi aldiz aritzen naiz harriekin, astelehenetan eta ostegunetan, eta gainerakoan, bizikletan, gimnasioan, anaiaren zaldiekin itzain lanetan… Astean egun bat hartzen dut jai.

Beldurrik edo errespeturik ematen dizute lesio kontuek?

Ez. Aita ere ikusten dugu nola dagoen, aitona ere bai… «Gaztetan egindako astakerien ondorioak dira horiek!», esaten dute. Baina nik zuzen galdetzen diet: «Egindako astakerien damurik ba al duzue zuek?». Nik ere ez! Normala da kezka izatea, baina hauxe gustatzen zait niri, eta hau baino bizi okerragoak badaude!

Zaintzaile fin bat ere badaukazu tartean, ezta?

Bai, bai. Aitona da nire helduleku nagusia. «Hik zerbait egingo dun!», esan zidan lehen egunean. Gehienak mar-marrean ari ziren bitartean, aitonak babesa eman zidan, eta hasiberri batentzat izugarria da hori. Barru-barruraino iritsi zitzaidan. Orain ere adi-adi egoten da telefono deiaren zain.

Kolpeka-kolpeka goraka zoaz, baina hartu ere, kolpe ederra hartu zenuen 2013an, Joxerramon Unanue prestatzailearen heriotzarekin.

Ustekabean iritsi zen, eta jota geratu nintzen. Birus bat zela, ez zela… Bi asteko tartean joan zitzaigun. Oso gaizki pasatu nuen. Urtebete igaro nuen harriak eta kontu guztiak utzita. Bigundu egin nintzen. Depresio apur batekin, ezertarako gauza ez nintzen. Baina hark horrela ez ninduela ikusi nahiko pentsatu nuen, eta burua altxatzen hasi nintzen pixkanaka. Joseinazio Saizar Luxarbe-k deitu zidan egun batean, eta txapelketa antolatzen ari zirela esan zidan. Anaiarekin hitz egin, eta prestatzea erabaki genuen, nori eskainia bageneukalako. Indarra eman zidan ideia hark, baina haren falta handia sumatzen dut oraindik. Kirol mundurako prestatzailea bakarrik ez, bizitzarako prestatzailea ere bazen niretzat, eta izugarrizko kolpea izan zen.

Zenbat diru eskatzen du harriak?

Ni kitoan geratzen naiz erakustaldiekin eta gainerakoekin. Jendeari iruditzen zaio aberasten ari naizela, baina jakingo balute gure irabaziak zenbatekoak diren… Iñaki Perurenaren garaiari begiratzen diote askok, baina lekutan daude! Harria egin behar dela? 400-500 euro. Txalekoa? Beste 500 euro. Galtzak, bidaiak… Ezinezkoa da hortik bizitzea, baina ez nintzen hasi diruagatik.

Plazara atera, eta arazorik izan al duzu inoiz?

Niri ez didate ezer esan, baina jendea etorri izan zait ingurukoen esanak aipatuz: harriak ez lukeela emakumeen kirola izan beharko, gizonen kirolean zertan ari garen gu… Baina emakumeei ireki diegun bidea eskertu eta animatzen nauen jende asko ere badago.

Iaz Ergobian aritu zinen lehenengoz gizonezkoekin lehian, harri baldarrarekin.

AEBetatik etorri berritan, fisikoki baxu nengoen orduan, bigun-bigun, janarekin gaizki ibili nintzelako han. Hamar minutuko txanda bakarrean aritu ginen, ia entrenamendurik egin gabe. Orain marka hobea egingo nukeela iruditzen zait, baina harri baldar hura jasotzeko gai nintzela erakustea zen kontua.

Igeldoko Harriari edo besteren bati bidea irekiko dio horrek?

Ez, ez; ez dut uste. Ez zait ruditzen orain plazan dabiltzan mutil horietako inori gaina hartzeko gai nintzatekeenik, eta, nahi ere, ez nuke nahi. Nire bidea egin nahi dut nik.

Non daude Idoia Etxeberriaren mugak?

Neure buruari mugak urtero jarri zalea naiz ni. Inoiz ez dut esango hemendik hiru urtera harri hau edo hura berdinduko dudala. Ez dakit neure muga non dagoen, baina gertuko helburuak jarriko ditut beti. Jasoaldi txukunak ematea gustatzen zait, perfekzioa bilatzea, eta pausoka joango naiz, harria altxatu ezinik gelditzen naizen arte.

Harritik harrira eginda, 308 kilokoa berdindu du Inaxio Perurenak.

Ez nintzen plazan izan, baina ikaragarria da lortu duen marka. Izugarrizko meritua dauka. Etxean jasotzen duzula jakin, plazara joan, eta ezin. Buru indar ikaragarria dauka, eta bikoitza da meritua. Asko poztu naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.