Iruñaren alde

Juan Martin Elexpuru / 2016-04-09 / 767 hitz

Duela gutxi prentsan nafar baten gutuna irakurtzen genuen gobernu eta udal berriari eskatuz Iruñea har zezala behingoz izen ofizialtzat, Euskaltzaindiaren aspaldiko erabakiari jarraiki. Denok nafarrak omen garenez, hona hemen mendebaldar honen kontrako iritzia.

Ahozko inkesta bat egingo balitz Pamplona-ren euskal izena galdetuz, nolakoak ote erantzunak? Nire iritziz, gehienek, euskaldun zein erdaldun, Iruña erantzungo lukete; nafar euskaldun askok Iruñe, eta euskaldun gutxi batzuek Iruñea. Eta hori badirela hogeita hamar urte Euskaltzaindiak Iruñea erabaki zuela, eta eskoletan, prentsan edo liburuetan ez dela besterik ikusten. Koldo Mitxelenak bi artikulu idatzi zituen Iruñea formaren alde, bata 1958an (Archivum 8), gaztelaniaz, eta bestea 1982an (Iker 2), euskaraz. Iruñea, Iruñeko, Iruñetik, Iruñera… formak usu dokumentatzen ditu idatziz zein ahoz, eta bikain arrazoitzen du, ohi bezala, bere hautua. Iruña, Iruñako, Iruñatik… ere aurkitzen ditu, baina lehenak hobesten ditu, azaltzeak luze joko lukeen argudioetan oinarrituta.

Aita Polikarpo Iraizozkoak ezagutzen zuen Mitxelenaren 1958ko lana eta, erantzun gisa edo, Iruña-ren aldeko artikulua idatzi zuen, hilda gero argitaratua (Fontes 12, 1980). Antzinako testuetan Iruña aurkitzen du gehien-gehienetan, edo ahoskera bereko Iruina edo Irunia, ñ gabeko testuetan. Iruñea, berriz, oso gutxi. Eta ahozko erabileraz zera dio: «¿es que en Navarra se ha dicho y se dice aún el nominativo Iruñea? No me parece. […] En muchas partes de Navarra (y fuera de ella), se dice sí el nominativo Iruñe, pero no Iruñea. Así lo oigo y lo leo yo aquí en Baztán. […] También en Ulzama se dice Iruñe. En otras partes del país se dice Iruña, no Iruñea. Así en la Burunda». Gero Azkuek Aezkoan jasotako haur kanta dakar: «Arre, arre, mandoko/biar Iruñarako,/etzi Tafallarako». Eta pisu handiko datuak eta argudioak ematen ditu Iruña formaren alde (Iruñeri ere berea aitortuz), eta desegokitzat jotzen du Iruñea.

Zilegi izango zaigu ondoko galdera egitea: Mitxelenak bultzaturiko Euskaltzaindiaren erabakia zuzena izan ote zen? Esandakoaz gain, Iruñea-ren erabilera da arazoa, deklinatzeko orduan, batik bat. Zera idatzi zuen Patxi Salaberri Zaratiegi euskaltzain uxuetarrak 1991n (Zutabe 27).

«Nafarroako hiriburuaren izenak buruhaustea franko eman, ematen, eta emango dizkigu euskara irakasterakoan, Euskaltzaindiak proposatu izenari eusten bazaio bederen. […]. Euskaltzaindiak, segur aski Mitxelenaren aholkuei jarraiki, Iruñea aukeratu zuenean ezin pentsatuko zuen (batez ere) Nafarroako euskara-irakasleoi nolako zama pisua bizkarreratzen zigun. Zama hau bi zatitan bana daiteke: batetik Iruña hitzak duen tradizioa (Café Iruña, Pan lruña, Transportes Iruña, Mercairuña…) dago; hau da iruindar gehienek, erdaldun nahiz euskaldunek, ezagutzen dutena, begi-belarrietatik sartzen dena, eta zail gertatzen da ongi ikasia dagoena bazterrera uztea.

Bestetik, morfologia bera dago, hau da, hitzaren forma eta hitza deklinatzeko modua. Izan ere, ikasle askok aldaera zuzena eta batuaz erabili behar dena Iruñea dela ikasi arren, ez dakite azkeneko –a hori mugatzailea baizik ez dela (izen berezi gehienek ez baitute mugatzailerik onartzen), eta Iruñean ongi esaten badute ere, ez dute asmatzen Iruiñera, Iruñeko, Iruñetik eta abarrekin, eta hauen ordez Iruñeara, Iruñeako eta Iruñeatik esaten edo idazten dute. Arazoa gehiago korapilatzen da mintzagai dugun izen honi postposizioak eransterakoan, zeren nola esan behar ote da: Iruñe ondoan ala Iruñea ondoan? Jakina, –a artikulua bada, lehen forma izanen da zuzena, eta ez bigarrena, baina ikasleei gogoeta hauek egiteko eskatzea, maiz aski, praktikak erakusten digunez, soberaxko eskatzea da».

Guztiz bat nator Salaberrirekin. Mitxelenaren bi lanez aparte, ez dut Iruñea-ren aldeko besterik ezagutzen. Merezi du errenteriarraren eta Iraizoztarraren lanak irakurtzea eta aztertzea (sarean aurki daitezke); nire ustez, argudioen balantza nafarraren alde makurtzen da nabarmen. Eta arrazoi praktikoei begiratzen badiegu, are eta zalantza gutxiago. Iruña ezagutzen eta esaten du jende gehienak, erdaraz zein euskaraz ari denean. Deklinatzeko ez du inolako arazorik. Iruñea, berriz, NOR kasuan, ahoskatzen zaila da, eta bere deklinabidearekin EGAdun askok ere ez du asmatzen. Eta Pamplona-ren ordez euskal izena erabili nahi duten erdaldunei hasi zaitez Iruñearen onurak esplikatzen, –a artikulua dela eta enparauak.

Horrelakoetan etimologiak ez luke izan behar erabakia hartzeko irizpide nagusia. Gainera, nahiko eztabaidatua da, nahiz eta gehientsuen ustez (h)iri-ona izan azpian. Hala iritzi zion, esaterako, Garibaik: «Los naturales del mesmo reyno la llaman Iriona y agora corrompiendo el nombre dizen Iruña, nombre apropiado a tan buena ciudad, porque Yriona en la lengua de la mesma tierra, quiere dezir villa buena»; eta gauza bera Oihenartek edo Moretek. Egungo hizkuntzalariek ere ez dute txartzat eman izan etimologia hori, nahiz eta hiri+une ere aintzat hartzekoa den. Beraz, iri-ona balitz, beste arrazoi bat Iruña hobesteko.

Etimologiak etimologia eta erabakiak erabaki, iruditzen zait arrazoi praktikoek agindu behar luketela eta horiek Iruña-ren alde mintzo direla ozen. Eta ezin gara in aeternum korapilo honekin bizi, jakin behar dugu Euskal Herriko hiriburua zalantzarik gabe izendatzen. Esandakoagatik, oinezko xume honek uste du Euskaltzaindiak birpentsatu egin behar lukeela aspaldi hartutako erabakia eta Nafarroako Gobernuak eta Iruña-ko Udalak Iruña-ri eutsi egin behar lioketela, orain arte bezala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.