«Izugarria da ikasgeletan sumatzen den ondoeza»

Ane Urrutikoetxea / 2016-04-13 / 704 hitz

Nerabezaroa garai zurrunbilotsua da. Gazteak helduen munduko kodeak imitatzen hasten dira, haurtzaroko goxotasuna alde batera utzirik. Herrialde Katalanetako Candela elkarteak hamar urte daramatza eskola eta institutuetako ikasleekin lanean, trantsizio garai horretan ikuspegi feminista eta komunitarioa garatzen lagunduz. Sara Barrientos eta Miriam Aleman elkarteko kideak Donostian izan dira; sexismoaren eta indarkeria matxisten prebentzioaren inguruan aritu dira EHUko Filosofia Fakultatean eta Emakumeen Etxean.

Herrialde Katalanetako zenbat gazterekin egiten duzue lan?

SARA BARRIENTOS: Urtebetean 700 gazterekin ibili ohi gara, eta talde bakoitzak jarraipen mota bat jasotzen du; batzuetan, bi ordukoa, eta, besteetan, hainbat astekoa. Jarraipen zabalagoa egitea gustatuko litzaiguke, baina gure proiektuek ez dute babes ekonomikorik jasotzen; beraz, gure lanaren zati handi bat boluntarioa da. Hiru dira gure proiektu nagusiak. Garrantzitsuena Sexua, amodioa eta indarkeria izenekoa da, eta proiektu horren barnean beste biak biltzen dira: La Lore, nerabeentzako Internet bidezko informazio eta galdeketa atala, eta Oasis, LGTB mugimenduko gazteei hitz egiteko eta beren burua askatzeko aukera eskaintzen dien espazioa.

MIRIAM ALEMAN: Zailtasunak dituzten nerabeekin egiten dugu lan, hala eskatzen digutelako; gero eta gatazkatsuagoa izan, orduan eta sarriago eskatzen digute laguntza. Nerabe gatazkatsuaren estereotipoa oso zabalduta dago, baina eskola eta institutu guztietan daude indarkeria eta bullying kasuak. Izugarria da ikasgeletan sumatzen den ondoeza, eta egonezin hori ezkutatu egiten dute ikasle eta irakasleek.

Zer irakasten diezue nerabeei, indarkeria matxista ezagut eta atzeman dezaten?

M. A.: Lehenik eta behin, argi eduki behar dugu nerabezaroa ez dela garai arriskutsua; gazteek ez dituzte asmatzen harremanak: helduen gizartetik ikasitako rolak errepikatzen dituzte, eta, batzuetan, gustatzen ez zaizkigun baina gizartearen parte diren jarrerak bereganatzen dituzte. Jarrera horiek publizitatetik ikasten dituzte, Internetetik, filmetatik, musikaren mundutik… Jarrera horiek aztertzen baditugu, segituan konturatuko gara eredu heteropatriarkala dela nagusi. Hala, gizon fisikoki indartsuak dira mutilen ereduak: zangar itxura dutenak, arrakastaren irudia ordezkatzen dutenak. Aldiz, emakumeen ereduak ez dira emakumeentzat, gizonentzat baizik; hipersexualizatutako ereduak dira gehienetan. Beraz, neskek ez dute eredu garbirik, beren abeslari eta aktore gogokoenak lizunak direla esaten zaielako.

S. B.: Informazio falta ikaragarria da. Internet da nerabeen informazio iturri nagusia, eta, askotan, pornoa da sexuaz ikasteko duten iturri bakarra. Filmetan amodio erromantikoa da nagusi, eta errealitatera salto egitean hasten dira arazoak. Gure lan nagusia bestelako informazioa eskaintzea da; beldurrik gabe, gurekin hitz egin eta galde dezatela. Askotan ez dago termino egokirik kezkatzen dituenaz hitz egiteko; nerabeekin batera ikasten dugu, zer kezkatzen dituen banan-banan hausnartuz, formula magikorik erabili gabe. Harrigarria da nola bi orduan azaleratzen diren ikasturte guztian ezkutuan gordetako duda, beldur eta ezjakintasunak.

Irakasleek badakite sexuen arteko berdintasuna eta elkarkidetza ikasleei transmititzen?

S. B.: Denetik aurkitzen dugu; badira asmo onak dituzten baina tresnarik edo hezkuntzarik ez duten irakasleak, dagoeneko lanean ari direnak, eta gaiaz paso egiten dutenak. Gizartean dagoena hezkuntzaren munduan ere aurkitu daiteke; batzuk inplikatuta daude, beste batzuek ez ikusiarena egiten dute, eta bestetzuk matxista, misogino, arrazistak dira.

M. A.: Guk gazteekin egiten dugu lan, baina hezitzaileek ere ikasi beharko lukete nola aurre egin nerabeek jasaten dituzten arazoei. Ez da nahikoa zigorrak ezartzea eta ikasleak kanporatzea; horrek ez du eraikitzen. Aldiz, elkarrizketa bultzatzeak, tutoretzak eskaintzeak eta, azken finean, ikasleen kezkak entzuteak ondorio positiboak ekartzen dituzte. Dena den, irakasleak ez dira honetan inplikatu behar duten bakarrak; gurasoak, poliziak, gizarte langileak, politikariak… gizartea egiten duten kolektibo guztiek izan behar dute eredugarri.

Zuen erakundeak udalen laguntza jasotzen du; nahikoa egiten al dute erakunde publikoek?

M.A.: Politikariek berdintasunaz hitz egiten dutenean, ez dute eztabaidarik izaten; denek babesten dute; itxuraz, behintzat. Baina ez dute benetako politikarik bultzatzen; honetan lan egiten dugunoi asko eskatzen digute, eta gutxi ordaindu. Gure elkarteak urteak egin ditu boluntario lanetan.

Zein da nerabeen erreakzioa feminismoa, LGTB mugimendua eta indarkeria matxista aipatzen dizkiezuenean?

S. B.: Askotan, ea lesbianak garen edo bikotekiderik dugun galdetzen digute. Hasieran ez genuen argi gure sexu orientazioaz hitz egin behar ote genien; lesbiana zarela esanda, askotan tailerra galtzen duzu. Urteekin, horrekin jokatzen ikasi dugu; argi dugu garrantzitsua dela gazteei eredu on bat ematea, eta, beraz, gehienetan lasai asko hitz egiten dugu horretaz. Dena den, eskola katolikoetan eta itxiagoak diren guneetan tentuz ibiltzen gara, ez guregatik, oraindik beren sexu orientazioaz hitz egiteko prest ez dauden gazteengatik baizik.

M. A.: Homosexualitatea ez baduzu ikusi nahi, ez duzu ikusten. Asko daude gai horrekin itsututa. Baina biziki pozgarria da ikustea zeinen moldagarria den gazteen iritzia. Gehienek oso pentsaera irekia dute, eta ikasteko irrikaz daude. Helduekin ez da horren erraza izaten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude