Jantzi berri bat San Ferminentzat

Edurne Elizondo / 2016-04-22 / 1004 hitz

San Fermini ere ailegatu zaio berritzeko ordua; UPNren agindupean jantzi zituen arropak, behingoz, haizatzekoa. Hori uste dute Pamplona Orain kultur elkarteko kideek, eta asmo horrekin antolatu dituzte sanferminei buruz hausnarketa bultzatzeko jardunaldiak. Gaur eta bihar eginen dituzte, Iruñeko Katakrak liburu dendan eta Kondestable jauregian. Bertze besta eredu bati buruzko gogoeta jarri nahi dute mahai gainean, herritarren artean eztabaida pizteko sexismoaren, jaiak ingurumenean duen eraginaren, bestaren eta kontsumoaren arteko lotura estuaren, ekonomiaren eta animalien erabileraren inguruan, bertzeak bertze.

Iruñeko udal gobernu berriak 2015eko ekainean hartu zuen hiriaren ardura bere gain. Ordurako, ia itxita zegoen uztailaren 6an hasi ziren sanferminetako egitaraua. Aurtengoak izanen dira, beraz, Joseba Asiron alkatea buru duen taldeak osoki prestatutako lehendabiziko bestak. Aldaketak izan dira jada. “Sanferminetako mahaian parte hartu ahal izan dugu. UPNk gizarte eragileak bazter utzi zituen; aurten, gure proposamenak egin ahal izan ditugu, eta hori garrantzitsua izan da. Ekarpen hori egiteko aukera izateak jada irabazten ari garela esan nahi du”, nabarmendu du Gora Iruñea plataformako kide Gorka Izkok.

Gora Iruñeak, hain zuzen, proposamena egin du sanferminetan hiriko hiru gunetan egoteko; udalaren oniritziaren zain dago, baina jasoko dutela espero dute plataformako kideek. Santa Ana, San Jose eta Baratxurien plazan izanen dira, baimena jasoz gero. Hori, hala ere, ez da nahikoa sanferminei buruzko gogoeta bultzatu nahi duten guztientzat. Izkok berak aitortu du: “Gora Iruñeak ez ditu hirian dauden sentsibilitate guztiak ordezkatzen”. Erantsi du, dena den, haien asmoa dela “ahalik eta jende gehien erakartzea” haien proiektura. “Gora Iruñea sortu zen besta herrikoiak, parte hartzaileak, euskaldunak eta parekideak izateko asmoz; gogoeta prozesua egin dugu guk ere, eta bertze hainbat balio erantsi ditugu: antikapitalistak, ekologikoak, askotarikoak eta kulturalak. Bide horretan lan egin nahi duena ongi etorria izan dadila”.

Udalak martxan jarritako sanferminen mahaiak lau atal ditu, eta bakoitza jorratzeko osatu dute mahai propio bat: karrika, entzierroa, egitaraua eta generoa. Pamplona Orain taldeko Arturo Cisnerosentzat mahaiak martxan jartzea ez da nahikoa, eta, are gehiago, uste du ez dutela bermatzen bestek behar duten gogoeta egiteko aukera: “Bilera bat egitea jendeak bere iritzia emateko ez da benetako prozesu parte hartzaile bat. Prozesu hori egin ahal izateko markorik ez du zehaztu udalak; udaleko herritarren parte hartzerako sailak berak ez du sanferminetako mahaia prozesu parte hartzailetzat jo nahi izan”.

Cisnerosek onartu du aurrera egin duela udalak, eta ahalegina eskertu du, baina gehiago behar dela berretsi du. Udal gobernua osatzeko akordioan jasotako konpromisoa betetzeko epeak atzeratu izana ere kezkagarritzat jo du. Udalak, hain zuzen, sanferminei buruzko liburu txuria osatzeko ardura bere egin zuen akordio horretan, besta ereduari buruzko gogoeta egiteko. “2017ra atzeratu dute”, erran du Cisnerosek.

Ez hori bakarrik. Udalak hainbat gairi buruzko eztabaida egiteko aukerari atea itxi diola nabarmendu du Pamplona Orain elkarteko kideak. Zezenen erabileraren inguruan mahai ingurua eginen du talde horrek bihar, prestatu dituen jardunaldien barruan. “Iruñeko alkate Joseba Asironek erran du entzierroak ezin direla ukitu”. Are gehiago, alkateak “irrigarritzat” jo izan du zezenketak debekatzeko aukera, “tradizioaren” izenean.

Iruñeko Udaleko Kultura zinegotzi Maider Belokik ere “tradizioa” jarri du mahai gainean, zezenen erabilerari buruz galdetuta. Udalak eztabaida bultzatzeko hainbat gai zehaztu dituela iragarri du, eta irailean hasiko direla lan horrekin. Gaien zerrenda horretan, ordea, animalien erabilerari buruzko aipamenik ez dago. “Hitz egiteko aukerari ez diot atea ixten, baina guk ez ditugu pausoak emanen aurretik hiriak ez baditu ematen”.

Urteak dira Iruñean animalien erabileraren aurka protestak egiten dituztela, eta gora egin dute urtetik urtera. Iaz, Anima Naturalis taldeak, Equo eta Pacma alderdiek eta Iruñeko Ekintza Antiespezistak antolatu zituzten, bertzeak bertze. Gaur hasiko diren jardunaldietara ere eraman du gaia Pamplona Orain taldeak, eta Gora Iruñea plataformak, berriz, bere oinarrizko balioen artean kokatu du “bizirik dagoen inolako animaliarik ez erabiltzea”.

Pamplona Orain taldeko kideek zezenketen inguruko eztabaida piztu nahi dute batez ere; ez, hainbertze, entzierroei buruz. Gora Iruñeak onartu du entzierroak kentzea zezenketak bazter uztea baino zailagoa izanen dela, baina plataformak helburutzat jo du animaliak erabiltzen dituzten ikuskizun guztiak kentzea. “Egia da auzi hau ez dugula behar bezala zabaldu, oraindik ere, baina argi dugu ezin dugula bizirik diren animaliak erabiltzen dituzten ikuskizunik onartu. Eztabaida egiteko prozesu bat adosteko beharra dago”, berretsi du Izkok.

Hiriko hoteletako enpresarien ordezkariek ere onartu dute, bestak prestatzeko mahaietan, kalte egiten diela sanferminak zezenekin lotzeak, eta hainbat herritan nahiago dutela Iruñeko bestak ezagutzeko bidaiak ez antolatu. “Bai, mahai gainean jarri dute auzi hori. Hipotesi bat da. Ez dugu daturik”, erran du Maider Belokik.

Alde Zaharra, jaiaren gune

Sanferminak zezenekin lotzen ohi dira, batez ere, baina Iruñeko besten inguruko gogoetak anitzez ere esparru gehiago ukitu behar dituela uste dute gaur hasiko diren jardunaldien antolatzaileek. Haietako bat da Nerea Fillat eragile soziala. Zalantzarik gabe erran du: “Azken hamasei urteotan jai eredu bat inposatu digute, eta bada garaia eredu horri buelta emateko. Eztabaida sakona behar dugu”.

Hiritarren zati batek ez dituela sanferminak bere sentitzen nabarmendu du Fillatek, eta horri buruzko gogoeta beharrezkotzat jo du. Besta, egun, alkoholarekin lotzen da, batez ere, eta ordutegirik gabeko jaia ekartzen du horrek. “Alde Zaharra bilakatzen da sanferminen erdigune; zaborra eta zarata sufritu behar dute bertako herritarrek”. Galdetu du zilegi ote den batzuek besta egitea eta bertzeek, berriz, ondorioak pairatzea. “Egia da festek hiria baldintzatu behar dutela, eta dena aldatu, baina modu zentzudunago batean”.

Oraingo sanferminak ez direla denentzat gaineratu du. “Dirua duten gazteentzat dira, eta klase ertain edo altuko helduentzat; egia da festak hamaika aurpegi dituela, eta bakoitza saiatzen dela bere esparrua bilatzen; baina nik sentitzen dut nireak diren esparru horiek gero eta txikiagoak direla”.

Sexismoaren auzia ere jarri du mahai gainean. “Feministen lanari esker azaleratu da gai hori; lehen, isilpean gelditzen zen”. Emakumeek bestaren esparru nagusietan tokirik ez dutela salatu du. Erasoena ere landu beharreko gaia dela nabarmendu du. Are gehiago, “urte osoan” egin beharreko lana dela argi du Fillatek.

Zeri buruz gogoeta egin bada. Hasteko, besta herrikoiak zer diren zehaztu beharko litzatekeela uste du Nerea Fillatek. Argitu beharko litzateke, halaber, erakundeek gogoeta egiteko benetako borondatea ote duten. Belokik baietz erran du, eztabaidarako prest direla. Aurten egin diren aldaketak, ordea, “gutxienekoak” direla uste du Fillatek, eta urrunago jo beharko lukeela udalak: “Ez da benetako parte hartzea bultzatu. Udalak ez lioke beldurrik izan behar eztabaidari, eta susmoa dut badiola; eredu berberari eusten badiogu, tristea eta pobrea izanen da bidea”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude