Kezka piztu duen txostena

“Lehen, gutxi egiten nuen lo, eta Nafarroako Gobernuak egindako ikerketaren txostena irakurri eta gero, deus ere ez”. El Molino okupazio zentroko erabiltzaile baten amarenak dira hitzak. Erakunde horretara eramaten du alaba. Adimen urriko pertsonentzat da. Joan den irailean, sexu gehiegikeriak salatu zituen hango bertze erabiltzaile baten familiak. Hainbat gurasoren kezka, hala ere, lehenago piztu zen. Maiatzetik aritu dira zentroko kudeatzaileekin auzia argitu nahian. “Baina ez digute kasurik egin”. Orain, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Ikuskaritzak egindako txostena dute esku artean: hiru langileren ustezko tratu txarrak utzi ditu agerian. Txosten hori epaileen esku utzi zuten gobernuko arduradunek, martxoan, eta auzian akusazio partikular gisa aritzea erabaki dute.

Asteon itzuli dira El Molinoko erabiltzaileak zentrora, Aste Santuko oporrak amaitu eta gero. Zentro horretan 21 urte baino gehiago dituzten pertsonak aritzen dira; Ziganda Ferrer fundazioa da jabea, eta eraikin multzo berean, 21 urte baino gutxiago dituztenentzako ikastetxea ere badu. Javier Aramendia da kudeatzailea. Harekin hitz egiten saiatu da NAFARROAKO HITZA, baina haren bulegoko kideek azaldu diote gobernuak agerian utzitako ustezko tratu txarren inguruan ez duela adierazpenik eginen.

Nafarroako Gobernuak bere txostena egin eta epaileen esku utzi eta gero, zentroak enpresa bat kontratatu du, orain, ikuskaritza egiteko. “Bere burua zuritu besterik ez du nahi. Ekainean eskatu genuen hainbat gurasok halako ikuskaritza egin zezatela, baina ez ziguten jaramonik egin. Orain eginen dute, gobernuak egindako txostenari erantzuteko”, erran du amak. Zentroko arduradunen babesa ez dutela jaso salatu du, eta guraso anitzek ere ustezko tratu txarrak ukatu dituztela gaineratu du.

Nafarroako Gobernuaren txostenak gauzak argi erran dituela berretsi du. Ikerketak aipatzen du ustez zigor desegokiak gertatu direla, bai eta ahozko gehiegikeriak eta gehiegikeria fisikoak ere. “Nire alabak 24 urte ditu, baina 7 urteko haur baten burua du. Zentroan aritzen diren guztiak dira umeak”, erran du zentroko amak. Alaba auzi psikologo batengana eramateko asmoa du. “Ongi dagoela dio; baina ez dakit hala den benetan, edo ontzat jotzen ote duen berez ona ez dena”.

2012an, bertze kexa bat

El Molinoko bertze hainbat gurasorekin egin zuen ikastaro batean jakin zuen emakumeak, lehen aldiz, zentroan zerbait gertatzen ari zela. Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako presidenteorde Miguel Laparrak berak onartu zuen, martxoan, 2012an kexa agertu zuela zentroan, jada, bertze erabiltzaile batek, baina orduko gobernuko arduradunek ez zutela esku hartu. Nabarmendu beharra dago itunpeko zentroa dela El Molino, eta, iaz, adibidez, 224.000 euroko diru laguntza jaso zuen gobernuaren eskutik. Okupazio zentroa Eskubide Sozialetako Departamentuaren menpe da; 21 urte baino gutxiago dituzten erabiltzaileentzako ikastetxea, berriz, Hezkuntza Departamentuaren menpe.

Hasieran, erabiltzaileek jasotzen zituzten zigorren inguruan gauzak argitzeko asmoz jo zuten hainbat gurasok zentroko kudeatzaileengana, lehendabizi, eta Nafarroako Gobernura, gero. Hainbat eskaera egin zituzten, tartean psikologo bat eramatea zentrora, erabiltzaileak laguntzeko, eta haien jardunaldia murriztea. Kudeatzaileen ezezkoa jaso eta gero jo zuten Gizarte Zerbitzuengana. Eta eskaeren harira egindako bileretako batean agerian gelditu zen irailean salaketa jarri zuen erabiltzailearen kasua. “Haren aita egon zen. Gure eskaerak ahaztu, eta babesa eman genion; oso larria baitzen gertatzen ari zena”.

Ustezko gehiegikeriak egindako langilea baztertzeko eskatu zuten gurasoek, auziaren berri jaso eta gero. Baina joan den irailean, udako oporrak amaituta erabiltzaileak zentrora itzuli zirenean, langileak han jarraitzen zuen.

Hilabete hartan, 21 urte baino gutxiago dituztenentzako ikastetxeko guraso elkarteak erabaki zuen auzian esku hartzea. Hezkuntza Departamentura jo zuten. “Bilera egin eta berehala baztertu zuten langilea bere postutik; itzuli egin zen, ordea, eta berriz baztertu egin zuten. Nik dakidala, dena den, ez dute kanporatu”, erran du zentroko amak.

Irailean Eskubide Sozialetako arduradunengana itzuli ziren El Molinoko gurasoak. Gobernua aldatu eta gero, ordea, agintari berriek auziari buruzko informaziorik ez zuten. “Ez zegoen daturik”. Gurasoekin bilerak egin, eta ikerketa hasi zuen Laparraren sailak. Horren emaitza da epaileen esku dagoen txostena: “Zigorren muga gainditu dutela uste dut; txostena oso gogorra da”.

Joan den irailean sexu gehiegikeriak salatu zituen erabiltzailearen auzia artxibatu egin zuen epaileak, baina akusazioek helegitea jarri, eta berriz ere zabaldu zuten; aurrera jarraitzen du.

Auzian akusazio partikular gisa aritzea erabaki du Nafarroako Gobernuak. Argi utzi du, hala ere, haren asmoa ez dela “zentroaren eta langileen lana” zalantzan jartzea. Eskubide Sozialetako Departamentuak gaineratu du neurriak hartzen ari dela, gurasoek eta zentroko erabiltzaileek “arretarik onena” jaso dezaten.

Ikastetxeko gurasoek ere azaldu dute haien asmoa ez dela fundazioaren aurka egitea. Zentroari, hala ere, komunikazio eta gardentasun gehiago eskatu diote. Okupazio zentroko amak ere bat egin du eskaera horrekin. Ez da hagitz baikorra, baina argi du “gaizki dauden gauza guztiak konpontzeko ordua” dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.