Kirolak 1, bazterketak 0

Iñaki Lasa Etura / 2016-04-20 / 983 hitz

Adimen urritasuna duten pertsonei sozializatzen laguntzeko balio dute kirol integratuek; elkarren artean parte hartzen dute batzuetan, eta urritasunik ez dutenekin besteetan. Psikomotrizitatean eta harremanetan hobetzen dute.

Lagunekin futbolean aritzea gustatzen zaio Enekori, haren gelakide askori bezala. Baina elkarrekin jolasten direnean, taldez aldatzea erabakitzen du batzuetan, edo jokalari izateari utzi eta atezain gisa jartzea. «Portaera aldetik, oso pertsona berezia da; bere modura ikusten ditu gauzak. Arauak ezagutzen ditu, baina une bakoitzean berari egokitzen zaiona betetzen du». Aintzane Muguruzarena da azalpena, haren amarena. 8 urteko haurra da Eneko, eta autismoa du. Ederki pasatzen du lagunekin futbolean, eta haiek beste bat bezala hartzen dute, eta haiekin jolasteko eskatzen diote: «Txikitatik ezagutzen dute, eta badakite nolakoa den: ezberdina dela, gauza batzuetan mugatua dagoela, baina beste bat da».

Jolasa joko bihurtzen den heinean, baina, Enekoren mugak azalarazten dira. Haren gelakideak Añorgako futbol taldean (Donostia) aritzen dira, baina hura ez. «Ez da posible talde arrunt batera eramatea. Bera bakarrik jende arruntarekin jartzen badut, zailtasunak sor daitezke». Desberdina litzateke taldea mistoa balitz, adimen urritasuna duten eta ez duten haurrak nahastuta baleude, bakoitza bere zaletasuna garatzeko gai izango litzateke, eta haur guztiak integratuko lirateke.

Interneten begira, futbol integratuko hainbat talde zeudela ikusi zuen Muguruzak, eta txio bat idatzi zion Realari, halako talderik zuen edo sortzeko asmorik zuen galdetzeko. Ez zuen erantzunik jaso. Euskal futbol talde profesionalek ez dute kirol integratuko talderik. Gisa horretako egitasmoak haien fundazioen bitartez babestu besterik ez dute egiten, oraingoz. Athletic fundazioak, esaterako, adimen urritasuneko areto futboleko euskal liga babesten du, eta astero entrenamendu bat antolatzen du urritasuna duten Bizkaiko adingabeekin.

Muguruzaren antzeko kasua da Oskar Sotorena. Adimen urritasuna dauka haren semeak. 16 urte ditu, eta, adinagatik gazte mailan lehiatu beharko lukeen arren, Idiazabalgo (Gipuzkoa) kadete mailako taldean dihardu. Haiekin entrenatzen da, eta, partida ofizialak jokatu ezin dituenez, materialaren arduradun gisa aritzen da, partida guztietara joan ahal izateko. «Kosta egiten zaio hitz egitea, sozializatzea, pazientzia asko behar du jendeak; baina futbola oso basikoa da, baloiari eman eta korri egin, lagundu egiten dio bidaiatzeak eta entrenatzeak».

Ezin partidarik jokatu, baina. Iragan Aste Santura arte, bederen. Saloura (Herrialde Katalanak) joan zen futbol taldea, hango lehiaketa batera, eta Sotoren semeak bederatzi zenbakidun elastikoa eta kapitainaren besokoa jantzi zituen. Ez hori bakarrik: gola sartu zuen. «Imajinatu! Denak negar batean, jokalari guztiak korrika berarekin ospatzeko… Ito beharrean ginen!».

Sotoren aburuz, garrantzitsuena ez da liga bat sortzea, haurrak kontuan hartzea baizik: «Txuri-urdinez edo beste kolorez janzteko aitzakia da; elkarrekin zelairatzea, epaileari eskua ematea. Badakizu zer den hori gure izartxoentzat? Ikaragarria. Begirada horiek Messiren golek baino gehiago balio dute». Iritzi berekoa da Muguruza: «Autismoa duten haurrek ez diotela elkarri eragin nahi esaten da; hori ez da egia, nahi dute, baina ez dakite nola, laguntza behar dute. Nola? Horrelako egitasmoak antolatuz, adibidez».

Arestian aipaturiko areto futboleko euskal liga antolatzen hasi zen Kirol Egokituaren Euskal Federazioa, 2013an. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat taldek parte hartzen dute: Gorabide, Uribe Kosta, Geu Be, Atzegi, Apdema… Ondo antolatutako lehiaketa da: hiru maila ditu, eta astero jokatzen dute. 45 jokalari eta lau entrenatzaile ditu Gorabidek, hiru taldetan. Elkarteko aisialdi arduraduna da Estefania Yañez, eta txapelketaren garrantzia nabarmendu du: «Unean uneko entrenamenduekin hasi zena erabat egituratu da». Ez da sexu bereizketarik egiten: neska-mutil adindunek parte hartzen dute.

Lehiak bere lekua izan arren, garrantzitsuena parte hartzea, kirola egitea eta sozializatzea da. Nolanahi ere, inork ez du galtzea gogoko, eta beste edonor bezala «muzintzen» dira galtzean. Halere, emozio horiek «beste edonork baino hobeto kudeatzen dituzte», Yañezen iritziz. Txapelketak lehiakideen artean duen garrantzia nabarmendu du: «Uzkur hurbiltzen dira batzuk hasieran, baina bizitza aldatzen die gero; askoz gehiago sozializatzen dira, eta pozez zoratzen daude familiak eta gazteak. Ligako partida asteburuko une garrantzitsuena da haientzat».

Kirol integratuarekin lotutako beste hainbat ekintzatan parte hartzen du Gorabidek. Iazko udan, adibidez, Unoy13 eskolak antolatutako atezain campusean izan ziren elkarteko zazpi haur. Adimen urritasunik ez dutenekin batera aritu ziren. Jardunaldiok zuzendu zituen Imanol Etxeberria atezain ohiak, eta «oso pozik» amaitu zuen. «Une oro egon zen normaltasuna nabarmendu nahi nuke; talde desberdinetan banatu genituen, nahastuta egon zitezen. Oso ondo erantzun zuten, urritasuna dutenek eta ez dutenek: bi norabideko irakaskuntza izan zen». Harrituta geratu zen Etxeberria Gorabideko kideen gaitasunarekin. «Ez zituzten eskularruak inoiz jantzi, ez lurrera bota; baina ariketak munduko asmo guztiarekin egiten zituzten, beste edonork bezala parte hartzen zuten». Atezain ohiak nabarmendu du urritasuna duten haurren integrazioak ez zuela «inola ere» entrenamenduen erritmoa baldintzatu. «Lan egitera datorrenak lan egingo du, norbere gaitasunaren arabera».

Euskal Herrian ez bezala, nazioartean badaude futbol talde profesionalen gerizpean sortutako adimen urritasuneko taldeak, Herrialde Katalanetako Levante eta Vila-real, kasurako. Urtebete darama Vila-realek, eta hango entrenatzaileetako bat da Sonia Alcon. Astean bitan entrenatzen dira, eta, oinarritik hasi baziren ere —«3 eta 5 urte artekoekin egiten ditugun psikomotrizitate ariketekin»—, dagoeneko korner jaurtiketak lantzen ari dira. «Oso azkar ikasten dute». Teknikaria izateaz gain, hezitzailea ere bada Alcon, eta azaldu du talde baten egituraren barruan egotea onuragarria dela: «Elkarren arteko harremanak lantzen dituzte, laguntasuna, arauak betetzea…». Espainiako Ligako Lehen Mailari eta Bigarren Mailari erreparatuz gero, adimen urritasuneko taldea duten bakarrak dira Vila-real eta Levante. Nolanahi ere, udara begira txapelketa bat antolatu asmo dute, eta «hainbat talde profesionalek» parte hartu nahi dute.

Autrem’handi jaialdia

Futbolaz harago ere badira beste hainbat kirol integratu. Horietako bat da igeriketa. Gautena elkarteko irakaslea da Leyre Franganillo, eta behar bereziko kirolariekin espezializatua dago. Hiru haur autistekin aritu da bost urtez, eta haien hobekuntza nabaritu du: «Normalean giharrak asko tenkatzen dituzte, eta uretan daudenean asko erlaxatzen dira». Haiekin lan egitean, beste modu batera eman behar ditu azalpenak, haiekin konektatzeko: «Imitazioz egiten dituzte gauza asko, horregatik da garrantzitsua besteekin ere egotea, eremu bera konpartitzea, nahiz eta gero ariketa desberdinak egin». Jolasen bitartez irakasten die askotan. Franganilloren iritziz, helburua «beti» integrazioa da, nahiz eta «normalean oso zaila» den. «Egia da pertsona horiek mugak dituztela, baina askotan ingurukoek jartzen dizkiegu muga horiek».

Etzi hasi eta maiatzaren lehenera, «talentuak oztoporik ez» duela erakutsiko dute Angelun (Lapurdi), Autrem’handi elkarteak antolaturiko jaialdian. Urritasuna duten pertsonentzako kirol ekitaldiak eta kultur jarduerak antolatu dituzte. Besteak beste, lasterketa bat antolatu dute maiatzaren 1erako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.