Luis Hueso, Fisikaria: «Hain gailu txikiak eginik, elektroirik gabe gelditzen ari gara»

Juanma Gallego / 2016-04-10 / 613 hitz

CIC Nanoguneak aste honetan Donostian antolatu duen 10Alamenos9 jaialdian parte hartu du Huesok. Eguneroko bizitzan erabiltzen diren gailuetan nanoteknologiak duen garrantzia defendatu du.

Zientzia fikzioak zibilizazioa txikituko duten nanorrobot beldurgarriak irudikatu ditu behin baino gehiagotan, eta teknologian beharrezkoa den zuhurtzia printzipioari ohi baino gehiagotan erreparatzen zaio nanoteknologiari buruz hitz egiten denean. Mundu ñimiño horretan sartuta dago buru-belarri Luis Hueso fisikaria (Madril, 1974). Erresuma Batuan eta Italian lanean ibili ondoren, CIC Nanogunera heldu zen orain zortzi urte Ikerbasque programari esker. 10Alamenos9 jardunaldian parte hartu du asteon.

Zerk eraman zintuen arlo horretan ikertzen jardutera?

Fisika ikasi nuenean konturatu nintzen kosmologia, partikulen fisika eta horrelako espezialitateak oso erakargarriak direla, baina horiek ez daudela sartuta gure eguneroko fisikan. Aitzitik, materia kondentsatuaren fisikak gure bizitzak gobernatzen dituela aurkitu nuen: ordenagailuen funtzionamendua edo haririk gabeko komunikazioa, esaterako. Gailu horien barruan fisikaren ikuspuntutik zer gertatzen den da nire interesa. Izan ere, gaur egun dugun gizartera eraman gaitu teknologia horrek. Nanoteknologiaz inguratuta bizi gara. Adibidez, sakelako telefono bat erabiltzen dugun aldiro nanotransistoreak erabiltzen ari gara. Baina horrek aurretik lan handia eskatzen du. Hamar urte barruan izango den elektronika lantzen ari gara orain. Gaur ditugun ekipoak zahartzen direnerako, alternatiba berriak bilatu behar ditugu.

Jakin daiteke hamar urte barruko teknologia nolakoa izango den?

Nire ikerketa lerroa den memorien alorrean, batez ere, flash motakoak erabiltzen ditugu egun, baina hau ez da beti horrela izango. Gaurko memoriak desagertuko dira seguruenera, eta horiek ordezkatzeko bi teknologia lehian ari dira. Batetik, euskarri magnetikoen bidea garatzea —gaurko disko gogorren antzeko teknologia- , eta, bestetik, oxidoetan oinarritutako memoriak sortzea. Gu, esaterako, bigarren horretan ari gara lanean.

Oxidoen bitartez diozu?

Bai, oso ohikoak diren materialez ari gara, eta horiekin erraz lan egin daiteke: aluminio oxidoa, adibidez. Oxido horiek eroale izatetik isolatzaile izatera pasatzea lortu nahi dugu. Isolatzailea denean 0 bat litzateke eta eroalea denean, berriz, 1. Hori nanometro gutxiko eskalan egin daiteke. Teknologia azkarra, merkea eta erresistentea da. Horrelako teknologia sateliteetan probatzeko proiektu bat dugu esku artean. Oso baldintza gogorretan lan egin behar dute sateliteek, eta bertan ezin dira erabili Lurrean erabiltzen diren hainbat teknologia, izpi kosmikoek osagai horiek erretzen dituztelako.

Ohi den moduan, zeruetako teknologia hori Lurrera bueltatuko da, ezta?

Bai, izan ere, espazioan kostuak ez du horrenbeste axola: garrantzitsuena da oso ondo funtzionatzea. Tira, satelite bati reboot bat egitea [berrabiaraztea] ez da erraza! Baina horiek espazioan ondo funtzionatzen badute, prezioek behera egingo dute eta modu masiboan Lurrean ekoiztu ahal izango da. Interesgarria da hori, laborategian benetako beharrak asetzen dituzten proiektuak egin ditzakegulako.

Nolako eskalak erabiltzen dituzue zuen lanean?

Ohiko eskala hamar eta ehun nanometro artekoa da. Hamar nanometro ilaran jarritako 20-30 atomo dira. Baina hain eskala txikia izanda, gaurko elektronikak badu arazo handi bat: elektroirik gabe gelditzen ari da. Fisika aplikatua estatistikaren arabera egiten da: milioi bat elektroi izanda, hamar elektroi gaizki aritzeak ez du axola. Baina ehun elektroitik hamarrek ez badute lanik egiten, akatsak izateko aukera handiagoa egongo da, eta hori ez dago onartzerik. Horregatik elektronikaren munduan bide berriak topatu behar dira. Estatiskarik gabe geratzen ari gara!

Nano hitza entzutean askotan nanorrobotak datoz burura…

Edonon dago nanoteknologia, ez soilik minbizia sendatuko duen nanorobotetan. Beirak, estaldurak, litioko bateriak, konpositeak, GPSak edo sakelako telefonoek dituzten azelerometroak… horiek guztiak eskala nanometrikoan egiten dira. Baina nanoteknologia ez da soilik gauzak eskala txikiagoan egitea. Garrantzitsuena da eskala horietan egiteagatik gauzek portaera aldatzen dutela, eta gakoa da fenomeno horiek aurkitu eta horiei etekina ateratzea.

Beste diziplinekin alderatuz, nanoteknologiaren ustezko arriskuak maizago aipatzen dira. Akaso ikusten ez denak beldur handiagoa ematen du?

Edozein diziplina landu baino lehen, haren arriskuak ulertu behar ditugu. Badira hainbat produktu potentzialki arriskutsuak izan daitezkeenak. Amiantoak jende asko kutsatu zuen, biriketan sartu ondoren minbizia eragiten duelako, baina hori gerora ikusi zen, produktua ikertuz. Segurtasuna bermatze aldera, merkaturatu baino lehen aztertu behar dira produktu horiek.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.