“NotFound” Proiektua: aprobetxatu zure webguneko errore orriak

Sustatu / 2016-04-04 / x hitz

Ezagunak dira NotFound edo 404 orriak: webgune batean helbide oker bat jartzen duzunean zerbitzariak bueltatzen duen helbide orria da NotFound edo 404 kodea duen orria. Normalean mezu labur bat erakusten dizute webgunerik gehienetan (“Zuk eskatutako orrialdea ez da existitzen” edo “Page not Found” modukoak). Orain, orrialde horiek helburu on baterako aprobetxatzeko aukera ematen du NotFound proiektuak: galdutako umeen argazkiak erakutsiz, aurkitzen laguntzeko.

Normalean, webgunerik gehienetan, ez da informaziorik egoten orri horietan, eta jasotzen dugun NotFound edo 404 errore horrek “Sentitzen dugu, hemen ez dugu ezer ere aurkitu” esan nahi du. Orri hori ez da existitzen, eta idatzi beste helbideren bat. (Bide batez, 404 kode horrek ere badu bere historia, badirudi CERN-eko gela baten izendapena zela 404 hori).

Orain, gazte eta umeen babeserako erakunde batek NotFound proiektua jarri du martxan. Horren bidez, zure webguneko 404 orrialde hori pertsonalizatu ahal izango da, galduta dauden ume eta gazteen argazkiak erakusteko. Modu horretan, egunero hainbeste 404 orri bisitatzen direnez, milaka eta milaka pertsonek ikusiko dituzte galdutako gazteen argazkiak, eta beraiek aurkitzea asko erraztuko da.

Horretarako, kode informatiko txiki bat txertatu beharko da gure webgunearen 404 orrialdean, eta automatikoki joango dira argazkiak azaltzen.

Proiektua hasiberritan dago eta tamalez oraingoz Belgikan bakarrik dago erabilgarri, baina badirudi laster izango dela proiektua prest Espainiar eta Frantziar estatuetan.

Gehiago jakiteko: NotFound.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.