Txernobyl, 30 urte : Oinaze emari bizia

Maialen Unanue / 2016-04-17 / 1662 hitz

Aurki 30 urte beteko dira Txernobylgo hondamenditik. Inoiz izandako istripu nuklearrik larriena izan zen 1986ko apirilaren 26koa: milaka hildako eta zauritu utzi zituen zentral nuklearraren 4. erreaktorearen eztandak. Istripuak bizi-bizi jarraitzen du ondorioak euren hezur-haragitan pairatzen dituztenen artean.

Hemen minbizia katarroa bezain arrunta da: izugarri dago zabalduta Oranen, ia etxe guztietan dago kasuren bat». Duela hiru hilabete galdu zuten ama Elena Volotxai eta Sveta Xmagailo ahizpek (Orane, Ukraina, 1982; 1973). Telefonoaren beste aldean, ahotsak ez dio dardararik egiten Volotxairi: «Arazo larriak zituen tiroideekin, baina ez zen horregatik hil. Urdaileko minbizia zuen: medikuen arabera, tiroideek ez zioten utzi haren gorputzari minbiziari aurre egiten». Isilunea. 30 urte geroago, Txernobylgo istripuak eraman du Volotxairen eta Xmagailoren ama. Oinazea bizirik da.

Txernobyl, Ukraina, 1986ko apirilaren 26a. Inoiz izandako istripu nuklearrik larriena. Zentral nuklearraren 4. erreaktorea lehertu zen, proba saio batean. Konponketa lanetarako geratu behar zutenez, aukera baliatu zuten: kanpoko argindar sorgailuak huts eginez gero, erreaktorearen turbinak segurtasun sistemak piztuta edukitzeko behar adina energia sortzeko gai ote ziren jakin nahi zuten. Prozesua azkarregi egin zuten, ordea, eta gelditzeko aginduak motelegi eman zituzten: ordurako, beranduegi zen. Erregai nuklearra urtzen hasi zen, 2.000 gradu baino gehiago hartu zuen nukleoak: lurruna pilatu eta leherketa eragin zuen. Erreaktorearen estalkia suntsitu zuen leherketak, eta 200 tona gai erradioaktibo jaurti zituen atmosferara, sumendi baten legez. Zortzi egunez iraun zuen erupzioak. Haizeak Ukrainaz kanpo eraman zituen partikula erradioaktiboak: hurrengo egunean, Suediako Frosmarken antzeman zituzten, eta Sobietar Batasunetik zetozela ondorioztatu zuten. Hauts erradioaktiboaren erdia baino gehiago Europako beste herrialdeetan erori zen: dosi handienak, Ukraina, Bielorrusia eta Errusiatik at jaso ziren.

Ingeniariek ezinezkotzat jotzen zuten. Mikhail Gorbatxov presidenteak berak esan zuen zentral nuklearra Moskuko Plaza Gorriaren erdian jartzeko bezain segurua zela. Uste guztien kontra, ezinezkoa zena egia bihurtu zen. Milaka eta milaka familiaren bizia goitik behera baldintzatu du tragediak; baldintzatzen du oraindik ere. Osasun arazo larriak eragin zituen inguruko herrietan: gaixotutakoen artean, ohikoa zen tiroideetan arazoak izatea, ilearekin, zirkulazioarekin…

Istripua gertatu eta berehala hutsarazi zuten Pripiat, Txernobylgo zentraleko langileen hiria. Ateraraziak izan ziren, baita ere, 30 kilometroko erradioan bizi ziren herrixketako biztanleak. Hainbat eratara deitu izan diete sarbidea debekatutako inguru horiei, besteak beste, eremu baztertua, 30 kilometroen eremua, hildako eremua edo, besterik gabe, eremua. Debekuak debeku, bizilekua bertan zuten biztanle ugarik uko egin zioten etxea uzteari, eta agintariek ez zieten kontra egin. 1986an, 116.000 lagun ebakuatu zituzten Ukrainan; 1986ren ostean, 220.000 inguru lagun izan dira ebakuatuak Ukraina, Errusia eta Bielorrusiakoak gehituta, Erradiazio Atomikoaren Eraginen NBEren Zientzia Batzordearen arabera.

Gertu, Txernobyldik oso gertu dago Orane, Volotxai eta Xmagailoren herrixka, 35 kilometrora. Hasiera batean, hutsarazi egingo zutela esan zieten, baina «iritzia aldatu» zuten gero, Volotxaik gogoratu duenez. 1987ko negura bitartean, astero erakusten zieten eskolan zer egin beharko luketen herria hutsaraztekotan. Alferrik. Hiriburuan, Kieven, bizi da egun Volotxai; Oranen gelditu da Xmagailo. Biek laguntzen diote Txernobyl elkarteari begirale gisa, haurren jarraipena eginez eta behar zenbaitekin lagunduz.

Istripua gertatu eta astebetera eman zieten horren berri: «Zerbait pasatu zela esan ziguten, baina ez zela larria, egun batzuetako kontua soilik izango zela. Leihoak itxita edukitzeko eta kalera ahalik eta gutxien irteteko esan zuten». Maiatzaren 3an.

Lehenengo egun haietaz gogoratzen dituztenek badute garratzik, badute minik. «Amak eta ahizpak baratzean egiten zuten lan, eta ni ondoan izaten nintzen jolasean: beroa da udaberria Oranen, eta bainujantzitan egoten ginen. Militarrek, ondotik kotxean pasatzean, maskara handi batzuk zituzten soinean: begiak zabal-zabalik begiratzen ziguten». Ez zuten ulertzen herritarren «lasaitasuna»: inork ez zien istripuaren berri eman. Ez dakienaren zoriontasuna: «Gogoan dut normal-normal ospatu genuela Garaipenaren Eguna. Maiatzaren 9an izaten zen, eta oso garrantzitsua zen ospatzea».

Volotxaik baino xehetasun gehiago oroitzen ditu Xmagailok, nagusiago zelako. Gogoan du nola jarri zituzten base militarrak Oranen: «Lehenengo egunetan, ez zen erradiazio maila handirik; horregatik jarri zituzten han. Baina egunero egiten zuten joan-etorria Txernobylera: autoek ekartzen zuten erradiazioa». Auto haiek egunero egiten zuten ibilbidearen ondoan zeukaten baratza, Orane kanpoaldean; hortik jaten zuten. Janaria izan zen, hain zuzen, pertsonak erradiazioz kutsatzeko moduetako bat.

Gertu dute Txernobyl distantzian, eta gertu dute oinazean ere. Hirurek jasan zituzten osasun arazoak, baina, gazteenak izan zituen arazo gehien, Volotxaik. 4 urte betetzear zen gertatu zenean —13 zituen haren ahizpak—, eta haurrei egiten zizkieten kontroletan, ohikoa baino 30 aldiz erradiazio maila handiagoa antzeman zioten Volotxairi. «Tiroideekin arazoak izan nituen lehenik, beste organo batzuekin gero: ilearekin arazoak izan nituen, garunean, odolean…». Hilabete egin zuen Volotxaik Kieveko ospitale batean: hala, familia osoa mugitu zen Kiev ondoko herri batera lehenengo, eta Volotxaik hobera egin zuenean, Odesara joan ziren uda osorako, Ukraina hegoaldera. Oranera itzuli ziren gero, beste askok bezala, gertatutakoa gertatuta ere, ez zutelako euren jaioterria utzi nahi.

Herriko haur talde oso bat zegoen Volotxairen egoera berean. Oraindik ere kontrolpean dituzte, bi urtetik behin Ukrainako Medikuntza Erradioaktiboko Zentro Zientifikoan egiten dizkieten azterketen bidez. «Gaur egun, hormonak hartzen jarraitzen dugu, eta hori betirako izango da. Gehienek, osasun arazoak dituzte oraindik ere: tiroideak, odolaren zirkulazioa, burua… Askok dituzte buru osasunarekin lotutako arazoak».

Volotxai behin izan da Txernobylen, lagun atzerritar bati laguntzeko. «Han oraindik lan egiten da, badago bizitza. Baina Pripiat hiri fantasma bat da: ez da inor bizi bertan». Txernobylgo zentral nuklearreko langileentzat sortu zuten hiria: 50.000 lagun bizi ziren han. 16 urte besterik ez zituen hiriak hondamendia gertatu zenean. Berehala hutsarazi zuten. Oso ezaguna da hango jolas parke hondatuaren irudia: egun gutxi geroago inauguratzekoak ziren. «Txoriak baino ez genituen entzun. Iluntzean, urrunetik ikusi genuen hiria: ez zegoen argirik. Beldurgarria zen».

Etsipena bizilege

Bizitzea egokitu zaienera ohitu dira Oranen. Hondamendia saihestea ez zegoen haien esku, eta horren ondorioekin bizitzera etsi ziren. «Ez da denen kasua, baina minbizia dutela jakiten dutenek badakite ez dutela bizirik iraungo, ezin baitute ordaindu tratamendua», ohartarazi du Xmagailok. Ezagun du hori Katerina Davidtxukek (Orane, Ukraina, 1952). Senarra urdaileko minbiziarekin hil zen. Davidtxukek berak ere baditu hainbat gaixotasun istripuaren ondorioz: golo nodularra, gaixotasun kronikoa pankreasen eta diabetesa. «Beharrezkoa da pentsioak eta diru laguntzak handitzea Txernobylen: likidatzaile gisa, 207 hrivnia jasotzen ditut hilabetean (7 euro, gutxi gorabehera), eta 100 hrivnia urtean (3,4 euro) osasuna hobetzeko».

Txernobylgo istripuaren eraginak txikitzen lagundu zutenak izan ziren likidatzaileak. Gehienak suhiltzaileak eta Sobietar Batasuneko soldaduak izan ziren —600.000 lagun, guztira—. Izatez, istripuaren ondorioei aurre egiteko eta errepika ez zedin lan egin zuten pertsona guztiei deitu zieten likidatzaile. Davidtxukek, esaterako, administrazio lana egin zuen, eta Ukrainak «likidatzaile» gisa aitortu du: diru laguntza ematen dio horrengatik, nahiz oso txikia izan.

Janari denda bat zeukan Oranen, eta istripuaren ostean, kontabilitatearen arduraduna izan zen Energia Sailean, 1987. eta 1990. urteen artean. Volotxaik eta Xmagailoren gisan gogoratzen du garai hura. «Segituan ulertu genuen zerbait pasatu zela, baina inork ez zuen horren inguruan hitz egiten. Astebete beranduago esan ziguten istripu txiki bat pasa zela». Besteak beste, ogia plastikozko estalki batean bilduta saltzea izan zen dendan hartu behar izan zuen neurrietako bat. «Gogoan dut janari garbi asko ekarri zutela dendara. Gure herrixkaren ondoan antolatu zuten base militarra, eta lehenengo egunetan ez zeukaten janaririk: herritarrek, eta, nik neuk ere, janaria eraman genien. Eta gogoan dut haiek ere etorri zirela gero nire dendara, sukaldea jarri zietenean». Davidtxuk ere baratzean aritzen zen: «Patatak eta barazkiak landatzen genituen. Ezer ez landatzeko esan ziguten, erradiazio maila handiagatik, baina beti bezala jarraitu zuen lanean mundu guztiak».

Hirurak oso kritikoak dira Ukrainako agintariekin eta Sobietar Batasunarekin. «Denean izan behar zuten garaile… Akats larriak egin zituzten», dio Volotxaik. «Egia ezkutatu zuten. Erradiazio maila neurtzen zuten, baina ez ziguten egia esaten. Herritarrei bizkarra emanda aritu ziren herriko agintariak: beldurra zioten gobernu sobietarrari, eta haren aginduak bete zituzten», kritikatu du Davidtxukek.

Belaunaldi berrien beharrak

Txernobylgo hondamendia gertatu ostean jaioagatik ere, beharrizan ugari dituzte hango haurrek egun, eta atzerrira joan ohi dira zenbait elkarteren laguntzarekin. Baita 2000. urtetik aurrera jaiotakoak ere. Volotxai bera hamalau urtez joan zen Italiara, hango familia batekin denbora bat pasatzera, bertako klimak on egiten ziolako. Gaur, Volotxai eta Xmagailo dira Txernobylgo haurrei euren osasuna hobetzeko lanetan aritzen direnak, haurrak Euskal Herrira ekarriz, Txernobyl elkartearen bidez.

Aire garbia arnastea eta elikadura. Horiek dira haurrak Ukrainatik ateratzeko arrazoi nagusiak. Hamabi urtez etorri da Marina Ovsiannikova (Kiev, 1994) Euskal Herrira, Bilbora. Ovsiannikovaren arabera, bere inguruko gazteek ez dute interes askorik Txernobylgo istripuarekin. Ez da bere kasua: «Dezente ezagutzen dut. Hasieran, galdetzen nuenean, hondamendia izan zela esaten zidaten, jendeak ez zekiela zeinen arriskutsua zen, beste leku batera joan behar zutela bizitzera… Euren bizitza goitik behera aldatu zuela istripu hark». Dioenez, ez du gaiaz gehiegi hitz egiten lagun edo senitartekoekin. Beste hizketa lagun batzuk ditu: «Nik hitz egin izan dut gaiaz, baina soilik jende helduarekin. Lagunek, ez zutenez egun hura bizi, ez dakite jendeak zenbat sufritu behar izan zuen, eta zergatik egin zien hainbesteko mina istripu hark».

Ezagun du bere familiak bizitakoa: seme-alaba guztiak hartuta joan zen Odesara, Oranetik ia 600 kilometrora, hiru hilabeterako. «Euren etxeak uztera behartuak izan ziren familia asko: joan egin behar izan zuten, gogoz kontra. Baina nire amonak ez zuen herria utzi nahi, eta Oranera bueltatu zen familia osoa hartuta».

Vladislav Davidenkok (Priborsk, Ukraina, 2002) eskolaren bidez ezagutu du, batik bat, hondamendia: «Gurasoekin ez dut inoiz hitz egin horretaz. Baina irakasleak kontatu zidan jende askok lan egin zuela jendea salbatzen, eta horrelako kontu asko». Davidenkok bezala, bere adiskideek ere badute Txernobylen gertatutakoaz jakiteko interesa. «Nire lagun batzuen aitonak han izan ziren. Horietako bat duela gutxi hil da». Bilbora etortzen da udan, eta asko gustatzen zaiola dio: «Gustuko dut nire hango familia, eta gustatzen zait ikustea nola bizi den jendea: orokorrean, gu baino hobeto bizi dira».

Haurrak udan atzerrira joatea bezain ohikoa da bainuetxeetan egonaldiak egitea. Anastasia Bulakh (Orane, Ukraina, 2004) eta Martxenko Mikola (Orane, Ukraina, 2004) hainbatetan joan izan dira. Eskolaren eta lagunen bidez jakin du Bulakhek istripuaren berri, baita bainuetxera egindako egonaldietan ere: «Txernobylgo istripuaren ondorioz masaileko minbizia zuen neska bat ezagutu nuen behin». Mikolak ez du lagunekin gehiegi hitz egiten istripuaren inguruan, eta eskolaren bidez ezagutu du: «Pelikula bat ikusi genuen, liburu bat irakurri, eta eskola orduetan ere hitz egin dugu gaiaz».

Ez dago hildakoen inguruko zenbaki adosturik. Txernobylgo kaltetuekin lan egiten duten elkarteek salatu izan dutenez, Sobietar Batasunak ezkutatu egin zituen hildako eta zaurituen zenbaki errealak, izua ez zabaltzeko aitzakiapean. Oso polemikoa izan zen 2005eko irailean Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (IAEA) ateratako txostena: istripuak eraginda, 60 lagun baino ez zirela hil esan zuen —31, zuzenean—, eta, orotara, 9.000 izango zirela kalkulatu zuen. Greenpeacek gogor kritikatu zuen hura, eta esan ordurako 200.000 lagun hil zirela, eta hurrengo urteetan beste 100.000 hilko zirela. Testigantzak lekuko: 30 urte geroago, oinaze emaria bizia da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.