XXI. mendeko ludopatak gazteak dira

Gazteberri / 2016-04-04 / 725 hitz

Jokoa mendekotasun-sortzailea izan daiteke. Horrelako atxikimendua duten pertsonak ludopatak dira eta gero eta ludopata gazte gehiago daude.

Teknologia berriek gure eguneroko bizitzari ekarri dioten abantaila ukaezina da baina, aldi berean, mendekotasun eredu berriak ere ekarri dituzte. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) adierazi duenez, lau biztanleetatik batek mendekotasun berri horiekin harremana duten jokaera arazoak ditu. Hau da, zaletasunak eguneroko bizitza oztopatzen die. OMEren ustetan, XXI. mendeko mendekotasunak mendekotasun psikologikoak izango lirateke (internet, erosketak, telefono mugikorrak, kirola, lana, bideo-jokoak…) eta, aurreko mendean ez bezala, ez daude substantzia kimikoetara lotuta (drogak, alkohola…)

Aipatu mendekotasun horietatik guztietatik, jokoarena (apustuak, pokerra bezalako online jokoak…) bereziki gazteriari lotuta azaldu da. Gainera, mendekotasun horren ondorioak latzagoak izaten dira, adibidez, bideo-jokoen mendekotasunarekin alderatuta, galera ekonomikoak askoz ere handiagoak direlako. Estatu mailan, kirol apustuak ludopatiarako bigarren arrazoia bilakatu dira jada eta apustulariaren batez besteko adina 18 eta 25 urte bitartean kokatu da. Kirol-apustuen mende dauden gazteak ‘tipster’ izenarekin ere ezagutzen dira. Normalean, ikasketa maila altua eta IKTen erabileran berariazko ezagupenak dituzten gazteak izaten dira.

‘Online’ jokoen web guneei eraginez lehenengo apustua egiteko adina aurreratu da. Lehen, batez beste, 28 urterekin egiten zen lehen apustua; orain, berriz, 18 urterekin. Valentziako Unibertsitateak eta Fundación Coderek egindako ikerketa baten arabera Estatuko adingabeen %18k online apustuak egiten ditu. Ez hori bakarrik, %8k arrunki egiten du, baita 13 urterekin ere. Horretarako, nahikoa dute pertsona heldu baten NAN zenbakia eta kreditu txartela, horiek baitira horrelako web gune batean jokatzeko eskatzen diren betekizun bakarrak.

Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, Ekintza Aluviz, Bizkaiko Ludopaten Elkarteak, gero eta gazte gehiagok ludopatia arazoak dituela dio. Elkarte horren esanetan, azken urteetan kirol apustuen mende dauden gero eta gazte gehiago azaldu dira. Normalean, 18 eta 35 urte bitarteko gizonezkoak dira baina, izan badira gazteagoak ere. Nafarroan ere, 25 urte bete dituen Proyecto Hombre erakundeak arazo horren berri eman du. Nafarroako Foru Erkidegoan ludopatekin lan egiten duen Aralar elkarteak azaldu duenez, kirol apustuen mende zeuden 200 gazte baino gehiagorekin egin zuten lan iaz.

Zergatik lortu duten kirol-apustu aretoek hain arrakasta handia eta azkarra gazteen artean? Adituen ustetan arrazoi desberdinak izan daitezke. Lehenik eta behin, legediak lokal horien ugaritzea ahalbidetu du. Horiek, sozializatzeko guneak bilakatu dira gazteentzat; lagunak egiteko edo koadrilarekin arratsaldea pasatzeko guneak bihurtu dira. Gainera, online apustuetan ez bezala, areto horietan saria momentuan bertan jasotzeko aukera dago. Psikologia adituen ustetan, saria momentuan bertan jasotzeko aukera horrek bat egiten du gazteongan nagusi den soslai psikologikoarekin (‘nahi dudalako’ vs ‘behar dudalako’). Internetek ematen duen pribatutasunak ere online apustuen gorakada gazteen artean ahalbidetu du.

Ludopata gazteek hainbat arazo izaten dituzte. Normalean, guraso eta lagunei gezurrak esan behar izaten dizkiete. Bere eguneroko beharrak alde batera utzi egiten dituzte (ikasketak, lagunarteko harremanak….) Gogo-aldartean tristura nagusitzen da eta, horrek, sarritan alkohola eta bestelako drogen kontsumora bultzatzen du.

Ekonomikoki kalteak ere handiak izaten dira. Oso gutxi dira etekin ekonomikoa lortzen duten jokalariak; ostera, zorrak pilatzen dituztenak asko dira. Ludopata gazteen kasuan zor horien karga familiara pasatzen ohi da. Ondorioz, familia barruko harremanak txarrera egiten du. Ludopata batekin bizitzea oso zaila da eta gero eta gehiago dira laguntza bila jotzen duten familiak. Horixe da, hain zuzen ere ludopatiatik ateratzeko bide onena: espezialisten laguntza eskatu.

Ludopatiaren sintomak:
• EZIN DUZU GELDITU: Dirua xahutzeaz gain, ludopatek bere denbora ere xahutzen ohi dute. Jokoa uzteko arazoak daudenean kezkarako arrazoiak daude. Komeni da jokoan hasi aurretik diru zein denbora muga bat ezartzea.
• GALDU EZIN DUZUN DIRUA JOKATZEN DUZU: Jokatzea ez dago gaizki, beti ere, horretarako pentsatuta duzun kopurua soilik erabiltzen baduzu. Zure ekonomia kolokan jar dezakeen dirua jokoan jartzen baduzu, arazo bat baino gehiago izango duzu.
• EZ DUZU JOKOAREKIN GOZATZEN: Ez dira gauza bera jokoan edo apustuetan dirua gastatzea edota zinean edo kontzertu batean gastatzea. Jokoak ez du ihesbide bat izan behar. Gozatzeko jokatu, ez halabeharrez.
• EZ JOKATU GALDUTAKO BERRESKURATZEKO: Sarritan egiten den akatsa da nahiz eta aukerarik okerrena izan. Zenbat eta gehiago galdu okerrago eta behartuago jokatzen da eta galerak esponentzialki hazten dira. Jokalari on batek beti daki noiz den jokoa uzteko une egokia.
• GERO ETA DIRU GEHIAGO: Jokoa kontrolpean duten jokalariek diru kopuru ‘normalak’ jokatzen dituzte. Jokoaz gozatzeko diru-kopuru handiak jokatu behar badituzu, seguruenik, dirurik gabe amaituko duzu.
• DIRUA LORTZEKO EDOZER EGITEKO PREST: Ludopatiaren muturreko sintoma bat da. Oso zaila da buelta ematea bide hori hartzen bada. Normalean delituren bat egiten amaituko duzu.
• JOKOAK ZURE IZAERAN ERAGITEN DU: Jokatzea ez dago gaizki; are gehiago, seguruenik, ez dugu zerbaitera jokatzen ez duen inor ezagutzen. Baina jokoa gozatzeko da. Jokatzen duzunean pertsona okerragoa zarela ikusten baduzu, neurriak hartzeko unea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.