1.284 planeta aurkitu dituzte teknika berri batekin

Eitb.eus / 2016-05-11 / 190 hitz

Horietatik bederatzi izar baten inguruan orbitatzen ari dira, bizitzeko moduko eremu batean; ondorioz, ur likidoa izateko hautagaiak dira eta, beraz, bizitza.

1.284 planeta berri topatu dituztela iragarri du AEBko Agentzia Aeroespazialak (NASA). Kepler teleskopioaren datuak aztertzeko teknika berri batekin aurkitu dituzte planetak. Egun bakarrean egindako iragarpen handiena da.

“Keplerrek baieztatutako planetak bikoiztu ditu aurkikuntzak”, azaldu du Ellen Stofan NASAko zientzialari buruzagiak Washingtonen, prentsaurrekoan.

Bederatzi planeta izar baten inguruan orbitatzen ari dira, bizitzeko moduko eremu batean; ondorioz, ur likidoa izateko hautagaiak dira eta, beraz, bizitza.

Bederatzi planeta horiek zenbatuta, bizitzeko moduko hautagaien kopuruak gora egin du Kepler teleskopioari esker, eta dagoeneko 21 dira, guztira. Teleskopio espazialak 2013ra arte egin zuen lan. Gainera, ia 550 planeta harritsuak izan daitezke, Lurra bezala, euren tamaina kontuan hartuta.

Distiraren aldaketa

Kepler teleskopioak bildutako datuekin 150.000 izar baino gehiagoren espektroa aztertzea eta distiraren aldaketa txikiak antzematea posible izan da. Distiraren aldaketak planeta bat izarraren orbitatik pasa dela frogatzen du.

Teknikarekin, historian lehen aldiz, eguzki-sistematik at 2.300 planeta baino gehiago baieztatzea posible izan da, baina horietako gutxi batzuk soilik Lurraren antzekoak dira.

Teknika berriak planeten aurkikuntzak azkartu ditu. Teknika Princeton Unibertsitateko (AEB) zientzialariek garatu zuten. Hala, software ireki bati eta algoritmoei esker aurkikuntzak automatizatu dituzte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.