45,8 milioi pertsona esklabo bizi dira munduan

Eitb.eus / 2016-05-31 / 172 hitz

Duela bi urte egindako azterketan baino 10 milioi pertsona gehiago dira gaur morroi moderno. Ondorioz, bi urtean % 28 egin du gora esklabotzak.

45,8 milioi pertsona, milioika haur tartean, esklabotza modernoan bizi dira, Australiako fundazio batek jakitera eman duenez.

Esklabotza modernoak (giza trafikoa, bortxazko lana, zorrengatiko mirabetza, sexu-esplotazioa edo bortxazko ezkontza) 167 herrialderi eragiten die, Walk Free Fundazioaren esanetan.

Askatasun falta duten pertsonen % 58 Indian (18,35 milioi), Txinan (3,39 milioi), Pakistanen (2,13 milioi), Bangladeshen (1,53 milioi) eta Uzbekistanen (1,23 milioi) bizi dira.

Hala ere, India arazo horri aurre egiteko egiten ari den lana goraipatu du txostenak.

Duela bi urte baino 10 milioi gehiago

Munduko Esklabotzaren Indizearen arabera, duela bi urte egindako azterketan baino 10 milioi pertsona gehiago dira gaur egun morroi moderno. Ondorioz, bi urten % 28 egin du gora esklabotzak.

Ipar Korea dago zerrenda horretan buru, 1,1 milioi esklabo modernorekin; biztanleria osoaren % 4,3, hain zuzen ere.

Herbehereak, AEB, Erresuma Batua, Suedia, Australia, Portugal, Kroazia, Espainia, Belgika eta Norvegiako gobernuak giza esklabotzaren aurkako borroka bultzatzen ari direla argitu du txostenak.

Andrew Forrest handi-mandiak, Walk Free Fundazioaren sortzaile eta presidenteak, esklabotza modernoari aurre egiteko dirua eta legeak bideratzea eskatu die munduko hamar ekonomia nagusiei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.