Anari Alberdi: “Min egiten dit talde berriak ingelesez aritzen direla ikusteak”

Ia hogei urte eman ditu Anarik oholtza gainean, izen horrekin sinatutako lehen diskoa 1997an argitaratu baitzuen. Tarte horretan bera eta bere sorkuntza asko aldatu direla aitortu du. Etengabe aldatzen ari den mundu honetan atzean geratu ez denaren seinale.

Ia hogei urte beteko dira lehen diskoa argitaratu zenuenetik, nola aldatu da zure sorkuntza? Nola ikusten duzu egindako bidea?

Niretzat asko aldatu da, baina kanpotik ikusita, besteek ez dakit gauza bera esango luketen. Hogei urteotan zenbat aldatu zaren zuk soilik dakizu, baina kanpokoek, agian ez dute hainbesteko aldaketa nabarituko. Norberak bere aldaketaren gainean daukan sentsazioa askoz indartsuagoa dela iruditzen zait. Ni neu asko aldatu naiz eta, gainera, saiatu naiz aldatzen. Bide bat egiten saiatu naiz, leku desberdinetara jotzen, eta disko bakoitzarekin bide horretan pausu bat aurrera eman dut. Nire lehen diskoa oso biluzia da, eta, orduan bezala, orain ere bakarrik jotzen dut askotan. Baina ez da gauza bera orain dela 20 urteko disko horretako Anari edota aurreko astean Ermuan bakarrik gitarrarekin aritu zena. Beraz, erantzuna da bai, aldatu da.

Aurrekari Penalak disko berria aurkezten zabiltza. Nahi duzun leku horretatik gertuago sentitzen zarela adierazi duzu horren harira.

Zenbait kantutan sentitu dut. Nik neure burua entzunda, inguruan ikusten ditudan gauzak… Batzuetan, ez zara heltzen zuk nahi duzun leku horretara. Izan daiteke melodiagatik ala hitzengatik, edo bien nahasketagatik, interpretazioagatik, taldeagatik… gauza asko daude tartean. Batzuetan, zerbait esan egin nahi duzu, baina ez zara heltzen. Eta alde horretatik, gustura geratu naiz disko honetako zenbait kantarekin, nire helmuga zen leku horretara gerturatu naizelako.

Emakume sortzaileek emakumeentzat soilik sortzen duzuela esaten duen topikoa apurtze aldera, zure sorkuntzak generoaren muga hausten duela uste duzu?

Ez dakit gizonek idazten dituzten kantak gizonentzat soilik idazten dituzten edo, aldiz, denentzat diren. Topikoa da esatea gizonek idazten dutena unibertsala dela, hau da, denena dela, eta emakumeek egiten duguna soilik emakumeentzat dela. Larriena zera da, emakumeok, neurri batean, sinetsi dugula hori eta, gainera, topiko horren arabera, emakumearenak gutxiago balio duela. Oso gai potoloa da, eta, egia esan, niri ere kostatu zait horretaz jabetzea.

Baina, bai, ematen du gizonena unibertsala dela eta emakumeena emakumeentzat, eta gauza sotil horien kontra indarra egin beharra dago. Zein da gai femeninoa? Abeslari femeninoak garela esaten digute guri, eta zergatik ez diote Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizuri esaten  abeslari maskulinoa dela? Ez, Gorka abeslari neutroa da eta ni abeslari emakumezkoa naiz. Hori dena gizonen asmakuntza bat da, eta hori deseraikitzen lan handia egin behar dugu. Niri galdetu didazun bezala, hurrengoan, gizon bati galdetu behar diozu ea bere sorkuntza maskulinoa den.

Garrantzitsua da sorkuntza lanaren transmisioa eta komunikazioa?

Transmisio horrek inporta dit. Min egiten dit talde berriak ingelesez aritzen direla ikusteak, adibidez.
Euskal kulturaren partaide naizen aldetik, garrantzitsua iruditzen zait transmisioa. Baina esango nuke gauza orokorrak transmititu behar ditugula, eta ez hainbeste kantuak.

Euskaraz abesteko grina transmititzea garrantzitsuago iruditzen zait, euskal kantuen transmisioa baino. Euskal kantuak bidean galduko dira, nahi eta nahi ez. Hurrengo belaunaldiek ez dute jakingo Mikel Laboa zein zen. Pasatuko da, AEBetan Elvis eta Dylan pasatu ziren moduan. Asko obsesionatu gara horrekin.

Baina beti egongo da jendea hori bilatuko duena, pentsatu nahi dut, guk gure aurrekoak bilatu genituen bezala. Benetan inportanteena da euskaraz sortzeko grina transmititzea.

Horregatik izugarrizko pena ematen dit talde berriak ingelesez aritzen ikusteak, eta uste dut hor ez dugula lortu transmisio hori. Azken finean, munduari begiratzekotan, argi daukat zeure mundura eta zeure mundutik begiratu behar diozula. Hori litzateke gure erronka. Esate baterako, Euskadi Gaztea bezalako plataforma batek euskaraz transmititzen du ingelesezko musika. Agian, hori ondo dago, baina beste zer edo zer behar da.

Zein da zure iritzia Jalgi eta antzeko ekimenen gainean? Euskal komunitatea, bai sortzaileak zein zaletuak biltzeko modu bat da?

Dudarik ez. Guretzat, sortzaileontzat, beste sortzaile batzuekin ibiltzea beti da ederra. Eta ederra da, halaber, kokapen geografikoaren hautua, eta sormena mapa batean kokatzea. Oso gustura gaude, Laudion jotzeko aukera gutxi izan ditugulako. Aukera ederra da, gainera, Agustin Alkhat eta Gorka Urbizurekin taula gainera igotzea, eszena desberdinak nahasten direlako. Ekimen indartsua eta interesgarria da, zalantzarik gabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.