Asteburu honetan: txerri saiheskia labean

Pagotxa / 2016-05-14 / 218 hitz

Asteburu honetarako euria agindu dute. Ez horregatik, baina horregatik ere bai, proposamen zehatza dator gaurkoan: txerri saiheskia erreta.

Barazkijalea edo beganoa bazara, SUKALDE MOTA aukeran begiratu beharko duzu gure bihotzeko errezetak biltzen dituen  PAGOTXAN, izan ere jai baitaukazu gaurko proposatzen dizugun platerarekin. Baina, osterantzean, poztuko zara zinez proposamenarekin: merkea, erraza eta ahoa betetzen duen horietako. Eta ez ahaztu: hezurrak ez dira zuretzat, izan eskuzabala eta eman katuari (edo zakurrari). On egin!

Osagaiak:

  • Txerri saiheski bat
  • Gatza
  • Piper hauts beltza
  • Oliba olioa
  • Ezkaia (Begiratu gure hiztegian, baina tomillo/thym da. Hilario Arbelaitzek, hala ere, xarpota esaten dio)
  • Ozpina koilarakada bat
  • Baso bete ur

 

Errezeta:

  1. Labea 190 gradutan berotzen jarri
  2. Txerri saiheskiari gatza eta piper hauts beltza gehitu, norberaren gustuaren arabera.
  3. Labeko ontzi batean txerri saiheskia jarri, azpian basokada bat ur eta ozpin koilarakada bat jarriz.
  4. Azkenik ezkaia gehitu saiheskiari. Ezkai freskoa bada, hobe.
  5. Saiheskia labean sartu, gorritzen den bitartean. Kolorea hartzen duenean atera eta saiheskiari buelta eman.
  6. Tamainaren arabera egon beharko da labean baina 10-15 minutu inguru beharko du alde bakoitzeko.
  7. Eginik dagoenean, hezurrak markatzen duen eran moztu eta platerean jarri. Nahi bada, gatzaren puntua egokitu gainetik jarriaz.

Kasu!

Guztiz gomendagarria da letxuga edo barazki freskoez laguntzea saiheskia.

Era askotara egin daiteke saiheskia. Gatz eta piper hautsa gehitu beharrean, barbakoa saltsa ere jar daiteke. Finean, norberak nahi duen saltsa edo osagarria.

On egin!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude