Bestelako normaltasun bat

Badira etxe fisiko batean bizi ez diren familiak. Zirkua dute ogibide rossitarrek, eta batetik bestera dabiltzan kamioiak dituzte bizileku. Gaixo dauden hainbat haurrek, berriz, Gurutzetako ospitalean dute aterpea. Eskolara joateko aukera dute, Olatz Orozkori eta Itziar Villariezori esker.

OLATZ OROZKO.

«ZIRKUKO UMEEK SEKULAKO ABILEZIA DUTE EGOERETARA EGOKITZEKO»

Mahaiak, aulkiak, arbela, ordenagailuak… Ohiko ikasgela bat dirudi lehen begiratuan, baina badu berezitik arrunta izateko txiki samarra den gelak. Lau gurpilen gainean jarrita dago, eta batera eta bestera ibili ohi da, gidaria nora, ikasgela ere hara. Kamioi bat da, finean. Zirkutik bizi denak ez du bizileku finko bat, eta, beraz, eskola ere batera eta bestera ibiltzea ezinbestekoa da, umeak egunero hara joango badira.

1958an, Claudio Rossik Il Circo Italiano sortu zuen, eta, orain, haren ondorengoek jarraitzen dute ikuskizunak egiten. Orotara, 80 laguneko taldea osatzen dute: gehienak familiakoak dira, baina badira odolekoak ez direnak ere. Espainiako eta Herrialde Katalanetako hainbat lekutan izan ostean, Getxon (Bizkaia) igaroko dituzte bi aste, eta hantxe jarri dituzte karpak, kamioiak eta bizitzeko beharrezko dituzten gauza guztiak.

Goizero bezala, ikasgelan daude Cristian, Sidney, Laura, Claudio eta Demi lehengusuak. Gaur Martin falta da, gaixorik dagoelako. «Etxean gelditu da», esan du haietako batek etxea zirkuarekin batera bidaiatzen duen kamioi bat da. Zirkuko seigarren belaunaldia osatzen dute, eta guztiek dute Rossi abizena, lehena ez bada, bigarrena. Olatz Orozko legazpiarra (Gipuzkoa) da haien irakaslea.

Iazko irailean hasi zen Orozko rossitarren familian eskolak ematen 12 eta 17 urte bitarteko haurrei. Guztiak Bigarren Hezkuntza ari dira ikasten, Espainiako Ministerioak distantzian ikasteko dituen sistemen bidez. Internet erabiliz egiten dituzte lanak, eta irakasle batek zuzentzen dizkie urrunetik; baina Orozko une oro dute alboan zalantzak argitzeko. Pareko gelan, berriz, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleak daude, beste irakasle batekin.

Orozkoren taldeak astelehenetik ostiralera ditu eskolak, 09:00etatik 14:00etara. Ohiko irakasgaiak ikasten dituzte: ingelesa, gaztelania, giza zientziak, natur zientziak? Jatorri italiarra duten arren, ikuskizun gehienak Espainian egiten dituzte, eta oso ondo moldatzen dira gaztelaniaz. Hizkuntza horretan jasotzen dituzte eskolak ere, nahiz eta zenbaitek familian italieraz hitz egiten jarraitu. Gainera, Orozkorekin zenbait hitz ikasi dituzte euskaraz. Ingurura egokitzeko erraztasuna dute, munduko hiritarrak izatearen abantaila.

Eskolak amaitutakoan, bakoitzak bere etxean bazkaldu, eta entseguak egiten dituzte arratsaldean: akrobaziak, dantza. Denetarik egitera ohituta daude txikitatik. 6-8 urterako hasi ohi dira ikuskizunetan parte hartzen, eta astebururo egiten dituzte emanaldiak. Udan denboraldi batez egiten duten geldialdia da salbuespen bakarra. Haur guztiek diote zirkua asko gustatzen zaiela; argi dago ez dutela imajinatzen bestelako bizimodurik.

Batxilergorik ikasteko asmorik ez dute, oraingoz. Derrigorrezko Hezkuntza amaitutakoan zirkuan murgildu nahi dute guztiek: goiz eta arratsalde entseguak egingo dituzte. Sidney da gerora zerbait ikasteko asmoa duen bakarra: masajista izan nahi luke, baina zirkuarekin duen lotura apurtzeko asmorik ez du. «Orain ez; gero, agian», adierazi du.

Familia oso lotuta dago, baina ez dute zirkutik aparte harreman sendorik egiterik. Nomada izateak dakarren soka da hori. Halere, tokian tokiko jendea ezagutzen dute. «Nire lagunik onena Irungoa [Gipuzkoa] da», dio Claudiok. Hori miresten du Orozkok: «Beti dabiltza hara eta hona; lehenengo, batekin daude; gero, bestearekin. Sekulako abilezia dute egoeretara egokitzeko».

Orozkorentzat, zailena bakoitzarentzat irakasgaiak prestatzea da, adin askotakoak direlako. Eta etxetik urrun egotera ohitu beharra; bera ere kamioi batean bizi baita. Inoiz ez zuen imajinatuko horrela lan egingo zuenik. Baina ohitzea da kontua. «Politena iruditzen zait batera eta bestera ibiltzea; jende berria, leku berriak eta kultura berriak ezagutzea».

ITZIAR VILLARIEZO.

«UMEEK BETI NAHI DUTE BIZITZAZ GOZATU»

Ez da egongo ikasleak eskolara agertzen ez direnean Itziar Villariezo bezainbeste poztuko den irakaslerik. «Zenbat eta jende gutxiago, askoz hobeto!». 26 urte daramatza Gurutzetako ospitalean (Barakaldo, Bizkaia) lanean, Begoña Cancelarekin batera hark 20 daramatza. Barakaldokoak dira biak, eta batzuetan lan gogorra dela aitortu arren, pozetik are gehiago duela diote. «Batzuetan gogorra da, baina hemen nahi dugulako gaude, eta horrek esan nahi du lan honek zerbait ematen digula. Sekulako esperientziak izan ditugu, eta, gainera, oso politak. Bestela ez ginateke hemen egongo».

Villariezo eskola arruntetan aritzen zen irakasle, eta, egun batean, ospitalean norbait behar zutela esan zioten. Probatzea erabaki zuen, eta ohartzerako pasatu zaizkio urteak. «Bizitza erdia daramat hemen», adierazi du, barrez. Ez du ohiko ikasgeletara itzultzeko asmorik.

Bi zerbitzu ematen dituzte erietxean. Batetik, eskolak ematen dizkiete gelatik irteteko moduan dauden haurrei. «Normalean, egunero pasatzen gara erizaintza kontsultatik, eta zerrenda bat ematen digute, eskolara zein haur joan daitezkeen dioena. Horren arabera, gela horietara joaten gara zerbitzua azaltzera eta jendea animatzera». Animatzen direnak gela batean biltzen dira, eta eskolak jasotzen dituzte. Bestetik, gelaz gela joaten dira gaixotasun larriagoak dituzten haurrengana. Oro har, onkologikoko gaixoak izaten dira azken talde horretakoak; gaixotasuna dela eta, ez dira gelatik irteteko moduan egoten gehienetan, eta, horregatik, gelan bertan jasotzen dituzte eskolak.

Azken hilabeteotan, salbuespen egoeran daude erietxeko eskola zerbitzuak, ikasgela berritzen ari direlako. Horregatik, gelaz gelako zerbitzua soilik eskaintzen dute, pediatriako solairuan eta onkologikoan. Ikasle kopurua egunaren araberakoa izan ohi da; momentu honetan, pediatriako solairuan lau pertsona inguru daude, eta onkologikoan, beste lauzpabost.

2 eta 16 urte arteko ikasleak izan ohi dira; gehienak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailakoak. Dena den, DBHko hirugarren eta laugarren mailako eta Batxilergoko ikasleei beti esaten diete laguntzeko prest daudela, irakasle espezifikoak ez diren arren. Izatez, Lehen Hezkuntzako irakasleak dira, baina ikasleen eskakizunetara egokitzen dira.

Haurrek ahalik eta bizitza normalena egin ahal izatea da irakasleen helburua. «Normaltasunak esan nahi du, ospitalean egon arren, haien eskolan egiten ari direna egiten jarraitzea, ahal duten neurrian». Horretarako, haurraren jatorrizko eskolarekin harremanetan egoten dira Villariezo eta Cancela, etengabe. Esaterako: ikaslea azterketa garaian ospitaleratuta baldin badago, azterketa horiek egiteko baliabideak eskaintzen dizkie. «Azterketa bat egiteko prest baldin badago, eskolari esaten diogu, eta guri bidaltzen digute. Hemen egiten dute, eta guk gero irakasleei bidaltzen diegu, haiek zuzen dezaten». Ospitalean egon arren, ikasleak bere ikasketa prozesuarekin jarraitzea da eskolaren helburua.

Oinarrizko irakasgaiak dira gehien lantzen dituztenak: matematika, euskara, gaztelania, ingelesa… Baina bestelako irakasgaiak ere jorratzen dituzte, ikasleek horretarako interesa baldin badute. Gainera, jolasak eta harremanak sustatzeko ekintzak ere egiten dituzte. «Nahiko orekatuak ditugu lan akademikoa eta harreman sozialak finkatzeko ekintzak». Ikasleak adin askotakoak dira, eta horrek maila ezberdinetako irakasgaiak prestatzea eskatzen du. Baina hori ez da erronka bat Villariezorentzat: «Alde horretatik ez dago inongo arazorik. Agian, esperientziarengatik izango da; denboraren poderioz ikasi egiten duzu».

Ikasle gutxi izateak baditu bere abantailak, haren iritziz. «Era oso pertsonalizatuan egiten dugu lan. Aukera daukagu ikaslea ezagutzeko, ikusteko zein diren haren beharrak, eta behar horietara egokitzeko. Guretzat errazagoa da ikustea zein zailtasun dituzten, eta pentsatzea nola aurre egin horiei. Denbora daukagulako; ez daukagu ikasgelako presioa, eta askoz errazagoa da ume bakoitzari erantzun egoki bat ematea». Halere, ikasle bakoitzaren prozesuari jarraitzea gustatuko litzaioke, eta hori ezinezkoa da. «Baina, aldi berean, badut aukera ume bakoitzari zerbait irakasteko, haren egoerara egokitzeko, eta horrek ematen duen barne poza niretzat oso garrantzitsua da. Niretzat hori da hemen hainbeste urte irauteko arrazoi indartsu bat».

Laguntza bazter daiteke

Ospitalean lan egitean, giroa zeharo aldatzen da. «Gu hemen ez gara funtsezkoak, osagarri moduan egiten dugu lan. Osasuna gu baino lehenago doa. Eskolak beti lehentasuna izan behar duela pentsatzen dugu, eta hemen ez da hala; elementu osagarri bat da, gehiago ez». Hasieran, hori onartzea «gogorra» egin zitzaion Villariezori, baina ohartu da ezinbestekoa dela. «Hori beti presente izan behar dugu. Bestela ez du merezi hemen egotea».

Horregatik, uste du umeek eskubidea dutela eskolara ez joateko. «Eskubidea dute nahi duten modura hartzeko gure laguntza. Batzuek esaten dute: ‘Gaixo nago, eta ahaztu nitaz, mesedez’. Gure lana da hor egotea: ‘Benga, animo; saia zaitez, pasatuko naiz berriro, oso tematia naiz…’. Baina utzi behar diezu espazio hori».

Pena eta tristura saihestu beharreko kontuak dira, laguntza eman nahi izanez gero. «Gaixotasuna umeena da, ez da zurea; pena gurasoena izango da, ez da gurea. Gu hemen ez gara protagonistak. Garrantzitsuenak umeak eta familiak dira. Guk zentzu komuna izan behar dugu. Jakin behar dugu umore ona izaten; ez bazara gai pena ematen dizulako, ez duzu laguntzarik emango».

Umeen bizipozak bultzatzen du lanean jarraitzera Villariezo. Asko ikasi du haiekin; batez ere, bizitzarako izan beharreko jarreraren inguruan. «Umeek zerbait aukeratzekotan, beti aukeratzen dute bizitzaren aldea. Umeek beti nahi dute bizitzaz gozatu». Baita ospitalean daudenean ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.