Euskarazko azpidatziekin ikus daitezke Movistar+eko 40 telesail

Urtzi Urkizu / 2016-05-19 / 301 hitz

Movistar+ ordainpeko plataformako harpidedun guztiek aste honetatik aurrera film eta telesail ugari jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpidatziekin ikusteko aukera dute. Azpidatzien aukera hori katalanez eta gaztelaniaz ere badute harpidedunek, satelite bidez telebista eskaintza ikusten dutenek zein zuntz bidez kanalak jasotzen dituztenek.

Movistar+ operatzaileak 3,7 milioi harpidedun ditu. Edukiak ikusteko bost modu dituzte aukeran: edukia jatorrizko bertsioan ikustea, azpidatzirik gabe; gor-mutuentzako azpidatziekin, eta gaztelaniazko, katalanezko eta euskarazko azpidatziekin. Zerbitzu hori duten kanalak honako hauek dira: #0, C+ Series, C+ Series Xtra, C+ Estrenos, C+ Xtra, C+Accion, C+ Comedia eta C+ Dcine.

Movistar+ek iragarri du 380 film eta 40 telesail azpidatzi dituela. Telesailen artean daude, besteak beste, The blacklist, Silicon Valley, The Tunnel, Happy valley, Nashville, Downton Abbey, The girlfriend experience, The Royals eta Schitt’s Creek. Halaber, Game of thrones telesailaren seigarren denboraldiko atalak euskarazko azpidatziekin ikusteko aukera izango da luze gabe.

Urtea amaitu baino lehen, jatorrizko bertsioan euskarazko azpidatziekin ikusi ahalko dira honako film hauek: Star Wars. Episode VII: The Force Awakens, The Martian, Spotlight —Oscar sarietan irabazlea izan zen filma—, Inside out, Calvary, Deadpool, The Revenant, Disney Tomorrowland, Amy, Jurassic World, Steve Jobs, Carol, Regresion, Everest, It follows, The Danish Girl, Irrational man eta abar.

Jaurlaritzarekin akordioa

2014ko azaroan Eusko Jaurlaritzak Canal+ katearekin sinatutako ituna aurkeztu zuen Donostian. Horren bitartez, kateak estreinatuko zituen film gehienak euskarazko azpidatziekin emango zituztela iragarri zuten. 247 film eta 24 telesail euskaraz zituztela iragarri zuten aurkezpen hartan. Ituna gauzatzeko aurrekontua 369.332 euro zen, hiru urterako, eta diru horretatik 200.000 euro inguru Jaurlaritzak jarriko zituela hitzartu zuten. Gainera, nabarmendu zuten Canal+en urtebeteko epea bukatu ondoren telebista guztiek azpidatziak doan erabiltzeko aukera izango dutela. Kataluniako Generalitatearekin ere antzeko ituna sinatu zuen Canal+ek.

2015eko uztailean, Canal+ ordaintzen zuten ikusleak automatikoki Movistar+eko harpidedun bilakatu ziren; hilabete batzuk lehenago, Telefonicak Prisari eta Mediaseti erosi zizkien Canal+en akzioak.

Aurten, otsailaren 1ean, #0 kate berria sortu zuen plataformak, hainbat izar fitxatu eta gero.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.