Gola heteropatriarkatuari

Edurne Elizondo / 2016-05-20 / 932 hitz

Kirol mundua esparru maskulinizatua da; gizonek egina, gizonentzat”. Hori da Iruñeko Bullerak talde transfeministak aldatu nahi duen errealitatea. Lehen urratsa egunotan eginen du: kirol jardunaldi transfeministak prestatu ditu Nafarroako hiriburuan, atzo hasi eta igandera arte. Gola sartu nahi diote Bullerakeko kideek heteropatriarkatuari, sistema horretaz harago zer erran eta zer egin badelako. “Erresistentziarako espazioak behar eta nahi ditugu”, erran dute antolatzaileek. Bertze hainbat arlotan bezala, baita kirolaren esparruan ere.

1900. urtean parte hartu zuen emakume batek aurrenekoz Olinpiar Jokoetan. Charlotte Cooper tenislaria izan zen (Ingalaterra, 1870-1966). Ez zen lehian aritu, halere; erakustaldia egin zuen. Cooper hil eta urtebetera, 1967. urtean, Bostongo maratoian aritu zen emakume bat, lehendabiziko aldiz. Inizialekin eman zuen izena Katherine Switzerrek, berez emakumeek parte hartzea debekatua ez zuten arren, praktikan ez zietelako uzten korrika egiten. Laugarren kilometrora ailegatu zenean, hain zuzen ere, antolatzaileak Switzer ibilbidetik ateratzen saiatu ziren, baina aurrera egitea lortu, eta lasterketa bukatu zuen, lau ordu eta hogei minutuko markarekin. 1974an, New Yorkeko maratoia irabazi zuen, eta 1975ean, berriz, bigarren sailkatu zen Bostongoan.

Urte horretan, emakume bat aurrenekoz ailegatu zen Everest mendiko gailurrera. Junko Tabei japoniarra izan zen emakume hori. Everestetik jaitsi zenean, inork ez zuen hark egindako lana nabarmendu. “Ama arduragabea” zela leporatu zioten sorterriko hedabideek, hilabete gutxiko bere haurra aitarekin gelditu zelako, ama mendian zen bitartean.

Emakumeen parte hartzea ohikoa da, gaur egun, goi mailako kirolaren esparruan; horrek ez du erran nahi, hala ere, zer hobetu ez dagoenik. Helmuga, transfeminismoaren ikuspuntutik, urruti da, oraindik ere. Bullerak taldeko kideek argi erran dute: “Genero sistemak egituratzen du gizartea; kirolaren esparruan ere, emakumeok edota emakume gisa sozializatutatako pertsonak ikusezin bilakatzen gaituzte”.

Hedabideek egoera horretan betetzen duten rola jarri du mahai gainean Ainhoa Azurmendik. EHUko irakasleak gaur hartuko du parte Bullerak taldeak antolatutako jardunaldietan. Jardunaldi praktikoak izanen dira, neurri handi batean, baina teoriarako eta eztabaidarako tartea ere izanen dute. Heteropatriarkatua kirol munduan izenburupean, eztabaida saioa eskainiko du Azurmendik, hain zuzen, Lo Eizagirrerekin batera. Hedabideen arduraz, Azurmendik gogora ekarri du Carolina Marin badminton jokalari espainiarrari egunkari batean egindako elkarrizketa. “Izenburu gisa Eta bikotekidea ere badu jarri zuten!”, salatu du.

Kirola gizonezkoen parametroen arabera egituratuta dagoela azaldu du Azurmendik. “Haiena den mundutzat dute, eta zalantzan jartzen dituzte emakumeon gaitasunak. Erresistentziak badaude, hori delako gelditzen zaien azken muga, indarrarena. Kirola sortu zen gizonezkoen indarra erakusteko. Gizonek diote emakumeek ezin dutela haiek bezain on izan, baina argi izan behar dugu gizonen parametroekin neurtzen dela on hori”.

Estereotipoen indarra

Goi mailako kirolaren esparruan, arauek emakume eta gizon nor diren eta nor ez diren ere zehazten dutela erantsi du Azurmendik. “Estereotipoak apurtzeko ordua da”. Oraindik indar handia dute, ordea. Caster Semenya atleta hegoafrikarraren kasua jarri du mahai gainean. 2009an, Berlingo Munduko Txapelketan urrezko domina irabazi zuen. “Zalantzan jarri zuten haren sexualitatea, haren gorputzak ohi baino testosterona gehiago eragiten duelako, bai eta lortutako domina ere; sekulakoa da hori, eta beti emakumeei gertatzen zaie”.

Gizon-emakume binomio horren mugak gainditzen zailak dira. Kirolaren esparruan, gainera, ustez emakumeenak eta ustez gizonenak diren ezaugarriak indartzen ditu. “Kirolariek ere barneratzen dituzte presio sozial horiek. Boxeoan aritzen diren emakumeei, adibidez, gona jartzen diete. Zergatik? zalantzan ez jartzeko emakumeak direla, feminitatea gal ez dezaten”, erran du Azurmendik. Gizonen eta emakumeen ezaugarriak zeintzuk diren zehazteko orduan estereotipoak daude tartean. “Tradizioz ezarritako estereotipo horiek erreproduzitzen ditugu, behin eta berriz. Apurtu egin behar ditugu, ordea”.

Gizon-emakume binomioa da nagusi goi mailako kirolaren esparruan, baina sailkapen horretatik kanpo bertzelako errealitateak badirela nabarmendu du Ainhoa Azurmendik, eta, ondorioz, kontuan hartu beharko liratekeela. Bat egin du harekin Lo Eizagirrek. Azurmendirekin batera ariko da gaurko saioan. Eizagirrek bere esperientzia azaldu du. Surflaria da, eta goi mailan aritu da lehian, hainbat urtez. Uztea erabaki du, ordea. “Transexual maskulinoa naiz; lehian emakumeen artean aritu naiz beti; gizon gisa aritu nahiko banu, bi urtez egon beharko nuke hormonak hartzen; duela ez askora arte ebakuntza egin behar zen, gainera, lehiatu ahal izateko. Egoera horren aurrean, nik zer egiten nuen? Emakumeen artean lehiatu. Nork bere estrategiak bilatzen ditu aurrera egin ahal izateko; bizirik irauteko”.

Halako egoerak eguneroko kontu dira goi mailako kirolaren esparruan, araudiek eta federazioek gaiari behar bezala eutsi ez badiote ere, oraindik ere. Baina lehiaketaren esparrutik kanpo ere, aisialdia betetzeko kirol jardueretan, bada gogoeta egiteko beharra. “Ni ez naiz hasi hormonak hartzen; igerilekura joaten naizenean, adibidez, emakumeen aldagelan sartzen naiz, eta arropa ahalik eta azkarrena kentzen dut, inork ezer esan ez dezan; egunerokotasunean badago hamaika zailtasun”, azaldu du Eizagirrek.

Azurmendik bat egin du Eizagirrerekin, eta haurren artean ere zer teorizatu eta zer hausnartu badela nabarmendu du. Gakoa da, haren ustez, kirola gozatzeko egiten den jarduera bat dela. Ezin dela esparru hori sufritzeko espazio bilakatu. “Umeen artean ere esperientzia txarra izan dezake kirola egin nahi duen transexualak; gure identitatea lotzen da emakume edo gizon izateagatik gizarteak gutaz espero duen horrekin, baina haurrak definitzen ez direnean, edo transexualak direnean, oztopoak aurkitu ditzakete”. Azurmendik argi erran du sentiberago izan behar dugula halako egoeren inguruan, eta, batez ere, kirola jarduera gozagarri bilakatzeko hausnarketa egin, eta sor daitezkeen egoerak normalizatzeko neurriak proposatu.

Talde mistoen gaia jarri du mahai gainean. Aisialdiaren esparruko kirol jarduera eta goi mailakoa bereizi ditu. Eta goi mailako kirolaren esparruan, emakumeek beren espazioa izatearen aldekoa da Azurmendi. “Indarra eta boterea ematen dio horrek emakumeari”. Lehiaketa ofizialetatik at, berriz, “alternatibak saiatu” behar direla gaineratu du.

Eizagirrek uste du, halaber, emakumeek kirolaren munduan bizi izan duten eta bizi duten bazterketari aurre egiteko garrantzitsua dela haien jarduera babestea eta bultzatzea. Surfaren munduan horretan ari da, Emakumea Surflari programaren bidez. Surfa ez da ageri Bullerak taldeak prestatutako egitarauan, baina bertze hamaika kirol jarduera probatzeko aukera izanen dute igandera arte parte hartzaileek: errugbia, aeroboxinga, herri kirolak, roller derby, eta abar. “Iaz, Valentzian egin zen halako esperientzia bat lehen aldiz; polita da kirola eroso eta askatasunean egitea”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.