Iragana berreraikitzen

Aitor Biain / 2016-05-26 / 1143 hitz

Siriako gerraren ondorioz, ia erabat suntsituta geratu dira Palmirako aztarnak. Agintariek ahalik eta azkarren berreraiki nahi dute, baina faktore askok eragiten du ondarea leheneratzeko garaian. Adibidez, adituek uste dute aintzat hartu behar direla ondarearen inguruan gertatutakoak.

Ia urtebete eman du Palmirako hiri zaharrak (Siria) EI Estatu Islamikoaren gotorleku moduan. Hamar hilabete, zehatz esateko: 2015eko maiatzaren 21ean hartu zuten jihadistek hiria, eta duela bi hilabete berreskuratu zuen Siriako Armadak, martxoaren 25ean, errusiarren laguntzarekin. Hamar hilabete horietan, kalte handiak eragin zituzten bi mila urte baino gehiagoko aztarnetan, ia erabat suntsitu arte: zutabeak behera bota, eraikinak deuseztatu, monumentuak zartarazi…

Gizateriaren Ondare izendatu zuen Unescok Palmirako hiri zaharra 1980an, eta urtean 150.000 bisitari baino gehiago izaten zituen 2010. urtera arte, gerrak ia guztiz lurperatu aurretik. Ikur bat zen siriarrentzat. Hain zuzen, horregatik berreraiki nahi dute ahalik eta azkarrena, berriz ere ikur izan dadin. Bost urte beharko lukete horretarako, Maamun Abdulkim Siriako museoen arduradunaren arabera. «Ziurta dezakegu Palmirako hondakinen %80 egoera onean daudela», adierazi zuen hiria berreskuratu eta egun gutxira eginiko adierazpenetan. Nazioarteko aditu askok, ordea, ez dute horren argi ikusten, eta zuhurtzia eskatu dute, erabaki bat hartu aurretik; egoera ongi aztertu beharra baitago. Milaka urtetako piezak nola elkartu da orain galdera.

«Salbuespena»

«Kasua oso berezia da; salbuespena da», nabarmendu du Ander de la Fuente arkitektoak. EHUko Ondare Eraikiaren Ikerketa Taldeko kidea da De la Fuente, eta ondarearen hainbat zaharberritze eta birgaitze proiektutan hartu du parte. Besteak beste, Gasteizko harresiaren bigarren zaharberritze proiektuaren buru izan zen. «Beharbada, II. Mundu Gerraren kasuarekin alderatu daiteke», azaldu du. Hainbat hiri berreraiki baitzituzten gerra amaitu eta berehala, Frantzian, Alemanian eta Polonian, besteak beste. «Ñabardura batekin, baina: hiri haiek berehala berreraiki ziren nahitaez, ahalik eta azkarren gainditu nahi baitzuten gerrak abaildutako irudia. Bada, berreraikitzeko erabilitako materiala ere desberdina izan zen jatorrizkoekin alderatuta, eta, ondorioz, hainbat balio galdu egin ziren betiko».

Balio bat galdu, beste bat nabarmentzeko. Hain zuzen, hori da Palmiraren kasuan azpimarratu nahi dena: herrialdearen ikur baten berreskurapena. «Horrelako suntsitze traumatiko baten ondotik, antzinakotasuna galdu egiten da hein handi batean, eta garrantzitsua da hori, noski, galera handia delako. Baina badira bestelako balio batzuk ere: sinbolikoa, esaterako. Bada, ikur hori suntsitu ondoren, hutsune bat geratu daiteke gizartean, eta, ildo horretan, bidezkoa edo egingarria litzateke behintzat hutsune horretan zerbait berreraikitzea».

Hala ere, halako kasuak gutxi direla aitortu du De la Fuentek. «Horrek esan nahi du zaharberritze txarra dela? Esaten ari garen bakarra da behar baino balio gehiago galtzen ari garela modu horretan eginda, eta beste asko ere berreskura ditzakegula. Hor utziko dugu. Edonola ere, nazioarteko itunetan ongi azaltzen da zein kasutan berreraiki daitekeen eta noiz ez». Azaldu du, ordea, ez dakiela Palmiraren kasuan nola berreraikiko duten, baina «egokiena» litzatekeela orduko materialak eta eraikitzeko teknikak ere erabiltzea.

Izan ere, Jose Luis Solaun arkeologoaren esanetan, balio asko izan ditzake eraikin historiko batek, eta ez du zertan antzinakotasunak garrantzitsuena izan: «Balio historikoan jartzen dugu mira askotan, baina, balio ukigarriez gain, ukiezinak ere izan ditzake eraikin batek». EHUko Ikerketa taldeko kide da Solaun ere. Egun, Zabalateko Gazteluaren (Zanbrana, Araba) ikerketa eta leheneratze lanetan dihardu. «Niretzat, ondarean esku hartzeko egiten den proiektu bakoitza ezagutza sustatzeko aukera ezin hobea izaten da; eraikina bera eta historia hobeto ezagutzeko, edota lan metodologia berriak praktikan jartzeko», azaldu du.

Solaunek uste du gertatutakoa, «zoritxarrez, tragikoa izanagatik ere», nola edo hala erakutsi beharko litzatekeela ondarearen leheneratze eta birgaitze prozesuan: «Gertatutakoa bere historiaren parte da dagoeneko». Ildo horretan, proiektuaren berezitasuna nabarmendu du De la Fuentek, eta gogorarazi du ezin daitezkeela beste kasu batzuetan irizpide berberak erabili. «Balio ikonikoa baldintza oso indartsua da, bai, baina kontuz, ez dezagun orain gauza bera egin XIII. mendeko beste edozein eraikinekin ezagutzarik gabe, daturik gabe, eta aztertu gabe. Kasua salbuespena da».

Materialtasunak itsututa

Bi ikerlariek nabarmendu dute, ordea, ez dagoela zertan eraikin zahar bat berreraiki; bada ondare horri balioa emateko beste modurik egun, haien iritziz. «Arkitekto naizen heinean, maiz egiten dudan autokritika da materialtasunari botere handiegia eman diogula zaharberritzeetan. Badirudi zerbait ikusgarri egin behar dela: XIII. mendeko eraikin bati buruz ari bagara, garai hartako egoera berreskuratu behar diogula ematen du. Eta ez da horrela. Egun, baditugu jendeari errealitate hura ikusarazteko nahikoa tresna: izan errealitate birtualaren bitartez, izan irudien bitartez», adierazi du De la Fuentek.

Solaunek nabarmendu du ondarearen esku hartzeen «korapilorik handiena» dela materialtasunarena: «Normala den moduan, gaztelu edo katedral batek Erdi Aroari edo gotikoari buruz hitz egitera eramaten gaitu, eta jendea ere uste horrekin etortzen da zaharberritzeetara, eta ‘dena hautsita dago, baina?’ bezalakoak entzuten dira gero». Hori horrela, adierazi du adituen okerra ere izan daitekeela, ez dutelako «ongi azaltzen jakin ondarea ez dela soilik eraikina». «Beharbada, ez dugu behar bezala azaldu gaztelu bat edo katedral bat ez dela XIII. edota XIV. mendekoa soilik. Baizik eta eraikin horrek ere eboluzio bat izan duela, eta urteekin izan dituen aldaketak ere ondare horren parte direla».

Hain zuzen, azken hilabeteetan hizpide izan den Zabalateko Gaztelua jarri du adibide gisa: erortzeko arriskuan dagoela salatu izan baitute. «Geratzen diren hondakinak ere ondarearen parte dira», gogorarazi du. Urteak dira bertan izandako gazteluaren hondakinekin lanean ari direla, baina argi dute ez dutela berreraikiko, besteak beste, «inork ez baitu hori egiteko eskatzen». «Zabalateri buruz hitz egiten denean, gazteluarekin lotzen da soilik. Baina Zabalate hori baino gehiago da. Bertan dauden laborantzarako guneak, bidexkak, forma geologiko bereziak… hori guztia ere Zabalateren parte da».

Ildo horretan, Ander de la Fuente arkitektoak nabarmendu du ez dituztela monumentuak ondare historiko edo artistikoak balira bezala soilik lantzen, baizik eta paisaia osorik hartzen dutela: «Auto bat zaharberritzean berdin geratzen da. Guk ez dugu motorra soilik aldatzen: guk auto guztia zaharberritzen dugu, ondoren autoa gidatuko duenak garai hartan gidatzean sentitzen zutena sentitzeko. Ondarearekin ere gauza bera gertatzen da».

Hain zuzen, hori guztia berreskuratzeko lanetan ari dira Solaun eta haren lantaldea 2013az geroztik. Alde horretatik, azpimarratu du dorrean geratzen diren hondakinei eusteko lanak egingo dituztela, geratzen diren apurrak galdu ez daitezen. Halaber, inguruko karobiak ere zaharberrituko dituztela dio, baita Erdi Aroko herrixka zaharra ere. «Alegia, paisaia bati buruz ari gara. Paisaia, bere osotasunean hartuta. Ondare historiko horri dagokion balioa ematea da helburua, ahalik eta gutxien esku hartuta betiere», azaldu du Solaunek.

Bada beste modurik

Duela ia 50 urte berreraiki zuten zutik geratzen zen Gasteizko harresiaren zatietako bat: harategien kantoiari dagokiona. Ordu hartan, baina, eta materialtasunak itsututa, Erdi Aroko itxura eman nahi izan zioten egileek, eta zutik geratzen zen hondakinen gainean eraiki zuten berria. «Errespetu guztiarekin, baina pentsaezina da egun halakorik egitea», esan du De la Fuentek.

Hain zuzen, oso bestelakoa izan zen 2010ean Ander de la Fuentek eta haren lantaldeak harresiaren bigarren zatian eginiko zaharberritzea. Izan ere, San Migel elizaren atzean zutik geratzen zen zatiaren gainetik egurrezko egitura batekin osatu zuen harresiaren jatorrizko garaiera, eta berreraikitzeko beste modurik badela erakutsi zuen. «Helburua harresiak bere garaian izan zituen hamaika metroen irudia, bolumena berreskuratzea zen». Europako Nostra saria jaso zuten.

Proiektu bakoitza berezia dela azpimarratu du Solaunek, eta erabaki bat hartzeko ongi aztertu beharra dagoela aurretik. Gauza bat argi du, ordea: «Ondareari dagokion balioa ematea askoz ere gehiago da harri bat bestearen gainean jartzea baino».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.