James Rhodes: «Jende talde batek beretzat gorde nahi du musika klasikoa»

Iñigo Astiz / 2016-05-11 / 955 hitz

Musika klasikoan topatu zuen James Rhodesek umetan sufritutako bortxaketei buelta emateko indarra, eta hil edo biziko zaiolako mintzo da hain argi generoaren kerien inguruan. Donostian izan da berriki.

Ez da figura literario bat: musika klasikoak salbatu zion bizia James Rhodes piano jotzaile eta idazleari (Londres, 1975). Dantek Virgiliorekin nola, hala gurutzatu ditu berak ere Bachekin bere infernuak: hasi, 6 urte zituenean hasi zen dena, soinketa irakasleak berezi sentiarazteko klasea amaitzean berarekin gelditu eta pospolo kaxa bateko pospolo guztiak pizten utzi zionean. 10 urte bete, eta eskolaz aldatu zuten arte iraun zuten gero bortxaketek, eta sakona da horrek utzitako arrastoa. Bizar xaflekin egindako ebakiak, suizidio saialdiak, psikiatrikoan egindako egonaldiak… Mina, finean, min handia; baina baita musika ere, musika asko. Pianoko tekletan igarri zuen bakea hatz puntetan, eta Ingalaterrako musika klasikoaren erreferente eta generoaren keria guztien salatzaile sutsuenetariko bat da gaur egun. Jeansekin ematen ditu emanaldiak, etengabe darabil fuck hitza ezpainetan, eta edonor kutsatzeko pasioz mintzo da jotzen duen pieza bakoitzaz. Instrumental memoria liburuan teklarik saltatu gabe kontatzen ditu bizitako guztiak, eta Donostian izan da egunotan, Literaktum jaialdian Zilarrezko Euskadi literatur saria jasotzen.

Jendearen aurrean pianista izateari utzi eta pianista bortxatua bihurtzeak ez zaitu beldurtzen?

Ez dut ume abusatuen ikur bihurtu nahi, baina ez naiz isilik geldituko. Ez nago etengabe horri buruz hizketan, eta liburuan ere portzentaje txiki bat bakarrik hartzen du gai horrek, eta askoz ere gehiago dago musikari buruz, maitasunari buruz eta lanari buruz. Parte bat da.

Alderik alde gurutzatzen du liburua bortxaketen arrastoak, ordea, eta parterik deigarriena da.

Bai, baina geure buruari galdetu behar genioke zergatik den hain deigarria, eta uste dut dela jende gutxik, ostia, oso jende gutxik hitz egiten duelako horri buruz. Eta halakoak sufritutakoak gara isilen gaudenak. Periodikoak irakurri, eta denok dakigu Jimmy Savilez, Eliza katolikoaz, baina ez dakizkigu biktimen izenak, eta alderantziz behar luke. Jendeak jakin behar du badagoela horri buruz hitz egiterik. Ez nau horrek bakarrik definitzen, baina nire bizitzaren parte da, eta liburua memoria liburu bat da: ezin ditut parte onak bakarrik hautatu. Gainera, argitaratu ostean milaka pertsona etorri zaizkit eskerrak ematera, beren buruaz beste egiten saiatu zirelako, beren ilobei gertatu zitzaielako… Jendea lagundu du liburuak. Hori ongi egon da.

Liburua idaztea mingarria egingo zitzaizula ez dut zalantzarik.

Hala izan da, bai.

Baina mingarria egingo zitzaizun argitalpen prozesua ere. Zure semearen amak Erresuma Batuko Auzitegi Nagusiari eskatu zion liburua debekatzeko, bertan esaten zirenek mutilari kalte egin ziezaioketelakoan.

Kasu legala zorakeria hutsa izan zen! 18 hilabeteko infernua izan zen, bi milioi euro, Auzitegi Gorena… Ia hil ninduen horrek guztiak. Sekula pasatu zaidan gauzarik okerrena izan da, zeren eta ez baitzuten eskatzen soilik liburua debekatzeko; horrez gainera, debekatu nahi zidaten nire bizitzako edozein atali buruz hitz egin edo idatzi ahal izatea ere. Britainia Handian, 2014an halakoak gertatzea zentzugabea da. Oso mingarria izan zen dena, baina kanpoan dago liburua ja, eta listo. Irabazi nuen, jarrai dezakegu aurrera.

Musikari buruz ere asko dago.

Bai.

Klasikoak duen egoerari buruzko iritzi kritikoak ere, asko.

Bai.

Badira lerro batzuk eder bezain gordinak; «Musika klasikoa, genero gisa, aldi berean masturbatu eta negar egitearen baliokide musikala bilakatu da».

Bai. [Masturbatzearen keinua egiten du teatralki] O, hain nago lotsatuta, o, ez, ez. [Barreak]. Baina egia da. Saiatu mutiko talde batengana joan eta esaten, «ei, zer berri? Entzun duzue inoiz Mozart?». Pikutara joateko esango dizute, eta arrazoiz, ze musika klasikoak oso erreputazio eskasa dauka. Badago jende maitagarria ere, noski, baina badago musika klasikoa beretzat gorde nahi duen jende talde bat ere. Gorbata eraman behar duzu, diruduna izan beharra duzu, ulertu egin behar duzu… Ardoarekin gertatzen dena, gutxi gorabehera; ardoa edateko ez dakit zenbat gauza ulertu behar bazenitu bezala. Zoaz pikutara! Garrantzirik gabekoa da hori guztia niretzat, baina hor dago, eta horregatik ikusten da musika klasikoa hain elitistatzat, eta hain jende talde murritzarentzat balitz bezala. Parisko edo Londresko eraikin ezin ederrago horiek ikusten dituzunean bezala da, pentsatzen duzu oso ederrak direla, baina beste norbaitenak dira beti, ez dira zuretzat. Eta musika klasikoa ez da horrela, denontzat da.

Eta zer egin daiteke?

Hainbeste gauza… Musikariok hasi behar dugu publikoarengana gerturatzen. Hitz egin behar dugu oholtzan, eta baita Twitterren ere. Ikusten dituzu musikari klasiko horien profilak, eta zin dagizut hirugarren pertsonan idazten dutela dena! Dena! Adibidez, Maximek idazten du: «Maxim Stravinski jotzen arituko da ostiralean». Ze ostia da hori? Ez da broma! Jakin nahi dudana da zergatik joko duzun Stravinski. Izan ere, nor kristo da Stravinski? Nola prestatzen dituzu entseguak? Urduri zaude? Hori egin ezean, musikaria hor goian dago, eta publikoa, hor behean, eta parean egon behar dute. Okerretan okerrenak diskoetxeak dira. CDak 20 eurotik gora jarri, eta gero hor hasten dira kexuka eta negarrez pirata asko dabilela esanez eta. Noski egongo direla piratak! Begira zer ari zaren egiten ergel halako hori! Asko dago aldatzeko, eta gauza asko ari dira aldatzen, baina oso poliki.

Diskoetxe asko ezagututakoa zara zu zeu. Egon zara musika klasikoko diskoetxeetan, Warner Music diskoetxeak fitxatutako lehen musikari klasikoa ere izan zinen, eta orain diskoetxe propioa daukazu.

Errazagoa da. Diskoaren azala aukeratzeko ez duzu sei hilabete itxaron beharrik: egin eta kito. Uste dut asko dagoela egiteko zuzenekoetan ere. Non jo erabakitzean, esaterako. Sonar jaialdian arituko naiz aurten, eta bertan izango den lehen musikari klasikoa izango naiz.

Azkena ere bai, akaso.

Zer kristo? Baita zera ere! Zoaz pikutara! [Barreak]. Kontzertuak ematen ditudanean gehien gustatzen zaidana da publikoaren gehiengoa nerabea edo 20 urteren bueltakoa dela ikustea, bakoitza nahi duen bezala jantzita, ze horrela behar lukete gauzek, nire ustez, oso garrantzitsua delako bateko eta besteko lekuetan egotea. Adibidez, zergatik egin behar dira bi ordu eta erdiko kontzertuak? Jo ordubetez edo ordu eta erdiz. Ni neu ere, eta nik pianoa adoratzen dut, zortzietan hasitako kontzertuan hamarretarako desiotan nago amaitu dadin! Gehiegi da. Halako aldaketak egin daitezke.

Musika proiektuez aparte, beste libururen bat idazteko asmorik bai?

Bai, asko gustatzen zait idaztea, eta ea lortzen dudan hurrengoan Auzitegi Gorenaren aurretik ez pasatzea!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude