Maribel Salas: «Umorea tresna bat da gauza guztiez hitz egiteko»

Urtzi Urkizu / 2016-05-25 / 287 hitz

“Vaya semanita” ren denboraldi arrakastatsuenetan parte hartu zuen Maribel Salasek (Barakaldo, Bizkaia, 1965). Orduz geroztik, telesail ugaritan parte hartu du.

Zer moduz sentitzen zara Nekane Amayaren pertsonaiarekin?

Aurkikuntza ederra izan zen niretzat. Bolada batean komediako pertsonaia guztiak gizonezkoei ematen zizkieten. Vaya semanita: cambio radical iritsi zenean, Nekane Amayaren pertsonaia egitea proposatu zidan Pausokak, eta oso atsegina izan da. Mamia duen pertsonaia da; dibertigarria da, eta inprobisaziorako aukera ematen du. Oso-oso gustagarria da pertsonaia; asko gozatzen dut aktore moduan.

Zer ezberdintasun izango du telesailak aurretik Nekane Amayarekin egin dituzten esketxen eta telefilmaren aldean?

Berrikuntzarik handiena cameo-ak dira. Pertsonaia ospetsuak trametan sartuko dira: Igor Yebra, Patxi Salinas, Berto Romero, Africa Baeta, Juan Maria Aburto eta abar. Zerbait ezberdina ematen diote telesailari.

Ezkontza ijito batekin hasiko zarete, Amayaren alabarena.

Ezkontza horretan, gainera, senargaiaren gurasoak kirurgialariak dira. Haien eta emaztegai ijitoaren familiaren arteko gatazkak askorako emango du.

Aritz Galarraga BERRIAko bi telebista kritikarietako batek idatzi du iraindua sentitu dela, ijitoen gaineko estereotipo, topiko eta klixeekin. Zer diozu?

Horren beldurra banuen. Umorearekin hari finekin zabiltza, eta min egin daiteke. Baina umorea tresna bat da gauza guztiez hitz egiteko. Gu errespetuz aritzen gara. Ijitoen kolektiboa Bilboko aurrestreinaldian izango da [atzo egin zuten]. Bakoitzaren umorearen senaren kontua da.

Martxoan, Dibertsitatearen Aldeko Ijito Feministen Elkarteak protesta bat egin zuen Mediaseten aurrean saio bategatik.

Imajinatzen dut egongo dela jendea iraindua sentitzen dena. Bataren gaitza, bestearen ona. Gu, behintzat, maitasunez aritzen gara.

Atzo gauean Allí abajo-ren denboraldia amaitu zen. Begoñaren rola jokatzen duzu hor.

Ocho apellidos vascos filmaren ostean, modan dago ipar-hego gatazka. Gu oso pozik gaude telesailaren ikusle datuekin. Batzuei ez zaizkie estereotipoak gustatzen, baina beste askori grazia egiten diete. Muturrera eramandako umorea da.

Hirugarren denboraldian jarraituko al duzu?

Bai, orain kontratu berrirako baldintzak negoziatzen ari gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.