Paretak hizketan

Ivan Santamaria / 2016-05-18 / 1000 hitz

Orain dela 35 urte hasi zen Irlandako mugimendu errepublikanoa muralak margotzen, IRAko presoen gose grebari lotutako herri mobilizazioen barruan. Hormen erabilera auzo loialistetara hedatuko zen gero, eta, gatazka armatua amaituta ere, bizi-bizirik jarraitzen du adierazpen artistiko horrek.

Ipar Irlandako gatazkan, 1981a urte kritikoa izan zen. Preso zeuden ekintzaile errepublikanoek gose greba abiatu zuten, estatus politikoa aldarrikatzeko. Maiatzaren 5ean, orain dela 35 urte, Bobby Sands hil zen, kartzelan. Beste bederatzi kide hilko ziren urrira bitartean. Larrialdiak suspertu zituen komunitate nazionalista eta errepublikanoa. Mobilizazio orokorraren barruan, protestak hormetara iritsi ziren. Muralak margotzeari ekin zioten gazte errepublikanoek. Paretak hitz egiten hasi ziren, eta ez dira gaurdaino isildu, Irlandako irudi bereizgarri bihurtuta.

«Jakinaren gainean hartutako aukera izan zen, protestatzen ari ziren presoei sostengua adierazteko», adierazi du Bill Rolstonek. Justizia Trantsizionaleko irakasle emeritua da Rolston Ulsterko Unibertsitatean. Bizitza osoa darama muralen gaia aztertzen, eta liburu ugari idatzi ditu.

Muralismoa zabaltzeari ekin zioten errepublikanoek. 1980ko hamarkadaren hasieran, Sinn Fein alderdiarentzat publizista aritu zen Danny Devenny irudigilea. «Urtero, egutegi bat ekoizten genuen. 1982an hamabi hilabeteak muralekin irudikatzea erabaki genuen. Salmentak hirukoiztu ziren. Hor jabetu nintzen muralen indarraz». Gaur egun, muralgile ezagunenetako bat da Devenny. Harena da Bobby Sandsen muralaren irudi gaurkotua, Falls auzo nazionalistaren sarreran.

Komunikazioaren erabilerak aparteko garrantzia du edozein gatazkatan. Horma irudiak borroka ideologikorako tresnak ziren, eta abantailak ematen zituzten. «Irudi batekin mila afixa ateratzea 300 libera kostatzen zitzaigun, eta mural bat margotzeko, berriz, ia ez genuen batere gastatzen: ideia pentsatu, pareta egokia aukeratu, pintura bildu, eta aurrera», dio Devennyk.

Komunikazio zuzena azpimarratu du Rollstonek: «Hedabide handien monopolioa hausteko eta protestaren mezua gizarteratzeko bide bihurtu ziren». Hedabideetatik kanpo ikusten zuen bere burua mugimendu errepublikanoak, baina, muralen bidez, haiek baliatzeko gai izan ziren, Devenny irudigilearen ustez. «Milioika lagunek ikustea lortu genuen». Milioika? Erantzuna justifikatu du segidan. «Hedabideen albisteak irudikatzeko elementu bihurtu ziren. Telebistako berriemaileak muralen aurrean agertzen hasi ziren. Irudiok mundu osora hedatuko ziren gero».

Hastapenetako muralgintza horren arrastoren bat aurki liteke oraindik Belfast mendebaldean. Clowney kalean, Falls Road nagusitik hurbil, orain dela 35 urte margotutako irudi bat bere hartan dago oraindik, noizean behin txukunduta. Margolan xumea da. Fenix hegaztia —IRAren ikurra— ageri da, eta Irlandako probintzietako armarriak. Idatzitako leloak orduko lekukotza ematen du: «Maggie [Margaret] Thatcher pentsatu berriro, ez utzi gure gizon adoretsuak alferrik hiltzen».

Bitxia bada ere, Ipar Irlandako beste tradizio politiko handian, unionismoan, aurretik bazen horma irudiak egiteko ohitura. 1908. urtera arte jarraitu dio arrastoa Rolstonek. Nagusiki, Ingalaterrako eta Irlandako William III.a erregearen —King Billy esaten zaiona— irudiak izaten ziren. James II.a errege katolikoa azpiratu, eta monarkia aurrerantzean ere protestantea izango zela bermatuko zuen garaipen militar horrek. Erresuma Batuari lotuta segitu nahi dutenentzat ikur handia da oraindik ere King Billy. Hala ere, 1970eko hamarkadarako gainbehera argian zegoen irudiak margotzeko tradizio hura.

Unionismoaren erreakzioa ez zen berehala iritsi. Beste akuilu bat behar izan zuen hormak bilatzen hasteko. Aitzakia eman zion 1985. urteko azaroan Erresuma Batuko eta Irlandako gobernuek sinatu zuten akordio Anglo-irlandarrak. Itun horretan, irlandar dimentsioa aitortzen zitzaion gatazkari, besteak beste.

Irlandako Errepublikari gatazkan hitza eskaintzeak unionismoa sutan jarri zuen, eta komunitatearen sektore armatuak, lealismoak, nola erreakzionatu zuen gogoan du Bill Rolstonek. «Ituna sinatu osteko udan, komandante loialistek euren auzoetako hormen kontrola hartu zuten, eta margotzeari ekin zioten funtsean euren erakunde paramilitarrentzako iragarkiak zirenak». UDA-UFF, UVF eta Red Hand Commandos ziren erakunde horiek.

Muralgintzaren benetako eztanda gertatu zen orduan, Belfast hiriburuan, batez ere, baina laster beste hirietara edo herrietara hedatuko zena, betiere langile klaseko auzoetan, hiriguneetatik at. Borroka politiko, ideologiko, militar, kultural eta sozial baterako euskarri bilakatu ziren hormak.

Devenny bera hasi zen paretak margotzen 1980ko hamarkadaren amaieran. Ordura arte, diseinuak egiten zituen, eta ia hasieratik lankide izan duen Marty Lyons muralgileak eramaten zituen hormetara. «Ziur aski, etsipenaren ondorioz hartutako erabakia izan zen», dio ironiaz. «Diseinatzen ari nintzen gauza batzuk ez zirela gero ondo egiten iruditzen zitzaidan, eta hor hasi nintzen ni neu paretak margotzen».

Zergatik Irlandan? Gaia gehien aztertu duen irakasleak ere ez dio aurkitu azalpen borobil bat. «Ia lau hamarkada pasatu ditut nazioarteko muralak aztertzen, eta ez naiz erantzun garbi batera hurbildu. Esan dezaket behin muralgintzak funtzionatzen duela ikusita joera indartsua egoten dela fenomenoa iraunarazteko».

Gatazka amaitu, muralak ez

Azkenean, 1990. urtearen bigarren erdian bake prozesu batek bidea ireki zuen bortizkeriari amaiera jartzeko. 1998ko udaberrian sinatu zen Ostiral Santuko akordioa. Normalizazio politikoak ia hamar urte gehiago beharko zituen —2007. urtean, elkarrekin gobernatzea adostu zuten Sinn Feinek eta Ian Paisley unionista erradikalaren DUPek—. Armak isildu ziren, baina normalizazio soziala beste kontu bat da: banatuta segitzen dute komunitateek, baita fisikoki ere horietako batzuk, bake lerro izen eufemistikoa duten harresi metaliko garaiekin.

Pentsa liteke bake prozesuaren ondoren irudigintza politikoak gain behera egingo zuela. Ez da halakorik gertatu, eta oso bizirik jarraitzen du. Belfasteko eta Ipar Irlandako paretetan zer gertatzen ari den ikusteko aukera ematen dute Extramural activity webgunean Seosamh eta Cathan Mac Coille aita-semeek.

Mezu politiko-militarrak desagertuko ziren pertzepzioa egon izan zela diote webguneko kudeatzaileek: «Batzuen ustez, iragan itsusi baten oroitzapena ziren, ez zuten tokirik garai modernoetan, eta inolako meritu artistikorik ez zitzaien aitortzen».

Hala ere, eutsi zaio margotzeari. Hainbat arrazoi daude, maccoilletarren ustez. Talde paramilitarren ondarea dago, eta badira bake prozesuarekin ados ez daudenak ere. Horrekin batera, komunitate bakoitzaren identitatea eta ideologia finkatzeko bitartekoak dira. Kezka sozialak eta ekonomikoak ere handitu dira, eta lekua hartu dute irudietan.

Kanpoko beste elementu bat ere jokoan sartu da: dirua. Erakunde publikoek milioika euro jarri dituzte Komunitateak berrirudikatu izeneko programan. Mural «iraingarriak» kendu, eta irudi «positiboa» ematen dutenekin ordezkatzea erraztu dute; bereziki, auzo loialistetan. Kontu polemikoa da, eta eztabaida franko eragiten du oraindik. «Badira kendu nahi ez dituzten auzotarrak, talde armatuen parte izan gabe ere ez baitute uste iraingarriak direnik», nabarmendu du Rollston irakasleak. Iragana zuritu nahi den susmoa ere badago.

Egon dira aldaketak gatazka amaitu ondoren. Mugimendu errepublikanoak erabaki zuen 1998. urtean arma garaikideak desagertuko zirela hormetatik. Agertzen badira, gertakari historikoei edo hildakoen memorialei lotuta izan behar du. Ez da gauza bera gertatu talde loialistekin.

Oroitzapena eta historia muralgintzaren elementu zentral bihurtu dira orain. 1912-1922 bitarteko urteak benetan mugituak izan ziren Irlandan. Esaterako, aurten ehun urte bere dira Irlandako independentzia aldarrikatu zuen Pazko altxamendu errepublikanotik, baina, era berean, Sommeko batailaren ehungarren urtemuga da. Ipar Irlandatik joandako milaka boluntario hil ziren borroka horretan; ia guztiak, protestanteak. Uneotan, biek isla zabala dute horma irudietan.

Devennyk ez du uste muralak egiteko modua aldatu duenik denboraren poderioz. «Gure komunitatean dauden ideiak edo gogoetak baino ez ditugu islatzen; giza fotokopiagailuen antzeko zerbait gara», aldarrikatu du.

Adierazpen aldakor eta galkor izateak —«hauek ez dira freskoak» ohartarazi dute maccoilletarrek— egiten ditu berezi muralak. «Iraupen txikia dutenek ere garai jakin batean jende ezberdinak dituen kezkak eta identitateak islatzen dituzte, eta interpretatu behar dira. Horregatik merezi du biltzea». Entzuteko prest daudenentzat, Irlandako paretek hizketan jarraituko dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.