Auto-gorrotoa

Mikel Garcia Idiakez / 2016-06-16 / 202 hitz

Hainbat hedabidek zabaldu dutenez, Orlandoko sarraskiaren egilea gayak ezagutzeko aplikazio batean parte hartutakoa zen eta erasotako LGBT diskotekan egona zen behin baino gehiagotan. James Wesley ere, LGBT komunitatearen aurka egin nahi zuen estatubatuarra (armak eta lehergaiak zeramatzan gainean, harrapatu zutenean), homosexuala zen, haren mutil-lagun ohiaren esanetan jendeak jakitea nahi ez zuen arren.

Ekintza justifikaezin hauen atzean dauden faktore koktela eta bertsio posibleak aztertzera sartu gabe, erreprimitutako sexualitateak izango al zuen zerikusirik? Inguruak horixe baitio, homosexualitatea erreprimitu beharreko zerbait dela, arbuiagarria, higuingarria. Hala errepikatzen dute erlijioek –bai, pluralean–, legeek –azken astakeria, homosexualitateak hiltzea baimenduko lukeen herri proposamena, Kalifornian aurrera atera nahi dutena–, eta hala diote eguneroko harreman sozialek eta makina bat adibidek, tolerantzia faltsuaren mozorropean.

Gorroto-krimen edo gorroto-delitu gisa tipifikatuta dago eraso homofobikoa. Kasu honetan, auto-gorrotoaz mintzatu beharko al ginateke? Nola, zerk, zeintzuek… ernaltzen eta hazten dute gorroto hori? Txikitatik besteengandik baztertua sentitzea eta etengabe “normala” ez zaren mezua jasotzea oso suntsikorra dela esan zidan Eneko Orozek –bere buruaz ari zen, ez zuzenean homosexualitateaz–, eta sentimendu esanguratsua partekatu zuen: “Normatibitatetik kanpo bizi zarenean, batzuetan gehien desiratzen duzuna da normala izatea, normala izateak bakea eta lasai egotea esan nahi duelako, eta horretan saiatzen zara, baina ez dago zure baitan, eta azkenean denak egiten du eztanda”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.