Bigarren mailako festa

Jakes Goikoetxea / 2016-06-07 / 160 hitz

Garai berrietara egokitu nahi ez duten sinbolo bat, garai berrietara egokitu ez den klub bat eta garai berrietara egokitu ez den gizarte bat. Horixe guztia erakusten du Athleticek liga irabazi —bosgarrena— eta garaipena gabarra aterata ez ospatzeak. Athleticen garaipen handien ospakizunen sinboloa gizonentzat bakarrik da. Mezu horixe zabaldu dute, bosgarrenez.

Hala ere, arazoa ez da Athleticena soilik, ezta gutxiago ere. Kiroletan goi mailan aritzen diren emakumeak bigarren mailako kirolariak dira soldatetan —soldatarik baldin badute—, baliabideetan, komunikabideen arretan, ikusle kopuruan eta baita gizartearen onarpenean ere. Futbolean, eskubaloian, atletismoan, txirrindularitzan, arraunean… Egoera horiek deigarriagoak dira klub indartsuen egituran barneratutako emakume taldeen kasuan, gizonen eliteko taldeei eskainitakoaren apurren apurrekin lan egin behar izaten baitute. Arlo guztietan dira bigarren mailako, baita ospakizunetan ere.

Athleticeko emakumeek Liga gabarran ospatzeak ez du haien egoera irauliko. Azaleko kontua, anekdota, izan daiteke batzuentzat. Baina emakumeak, emakumeen kirola eta emakumeen garaipenak bistararazten ditu, egun bakarrean eta 1980ko hamarkadako ospakizunetako jendetzarik gabe bada ere. Eztabaidak gizartea ispiluaren aurrean jarri du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude