Buruko garbigailua gelditu

Edu Lartzanguren / 2016-06-22 / 955 hitz

Joanez gero, berriz itzuli», esan du Koldo Ruiz yoga irakasleak megafonia sistematik. Ehun bat pertsona daude Kontxako hondartzan, Donostian, itsasoari begira, baina itsasoa ikusi gabe, Yogaren Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldietako batean. Begiak itxita dauzkate, meditatzen ari direlako. «Erabat esnatuta nago», esan die Ruizek lo antzean daudenei. Norbera bere arnasari behatzen ari da, eta balirudike itsasoa ere arnasa egiten ari dela, uhinen hotsa entzunda.

Izan ere, bat egitea da yoga, hitzak berak erakusten duenez. Sanskritoz, Indiako hizkuntza zaharrean, batu edo uztartu esan nahi du. Inguruko hizkuntza indoeuroparretan yugo, joug (uztarria), joindre, juntar (batu) eman ditu hitz sustrai berak.

Ruiz nerabezarotik dabil yogaren munduan. 1974. urtean hasi zen, autodidakta gisa, «liburu batekin». Kontatzen duenez, garai latza izan zen beretzat. «Hilabete bat osorik egin nuen ohean 15 urterekin», kontatu duenez. Sendagileek ez zioten gaitzik topatzen, eta arazoa psikosomatikoa zela ondorioztatu zuten, hau da, buruak gorputzean eragindakoa.

Kontraste handia dago yogaren arrakastaren eta gurean administrazioak duen jarreraren artean. Yoga irakasleak asko kexatzen dira ez dagoelako ikasketa ofizialik, ezta agiririk ere, eta, horren ondorioz, edonor has daitekeelako yoga irakasle, inongo trebakuntza edo kontrolik gabe. Ez da horrela leku guztietan: «Kataluniako Generalitateak titulazio ofiziala dauka, eta yoga irakasleak langile gisa daude onartuta», esan du Ruizek. Valentzia aldeko kasua nabarmendu du. Eskoletako irakasleen artean, mila batek yoga ikasi dute, eta haur eta gazteekin erabiltzen dute: «Eserita eginiko ariketa soil batzuekin, kontzentrazioa eta jarrera asko hobetzen dute. Lasai bazaude, hobeto funtzionatzen duzu».

Erregulaziorik ezak aprobetxategiak erakartzen ditu. Yoga lehiaketak antolatu izan direla salatu du Ruizek. «Yoga ona da gorputzarentzat, baina ez da gimnastika. Ez da erlijioa. Ez da psikologia, ezta medikuntza ere. Baina kontrakoa diotenak perretxikoak bezala ateratzen hasi dira». Lauzpabost urteko trebakuntza dute Ruizek eta beste irakasle batzuek. «Behar bezalako formakuntza duen inork ez dizu esango yogak dena sendatuko dizula».

Juan Azpirozek 82 urte ditu, eta hondartzan egon da, gorputz, arnasketa eta meditazio ariketak egiten. 15 urte daramatza yoga egiten. «Bihotzekoa izan nuen, eta alabak bultzatu ninduen hau egitera. Oso ondo nago», esan du. Astean bitan egiten du, eta, meditazio kontuak baino gehiago, mugimendua du gogoko Azpirozek.

Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak urteko egunik luzeenean ezarri zuen Yogaren Nazioarteko Eguna iaz. Luzeena ipar hemisferioan da, betiere, hego hemisferioan laburrena baita. Aurtengoa, beraz, bigarrena besterik ez da izan. Narendra Modi Indiako Lehen Ministroaren ekimenez ezarri zuten eguna. Izan ere, yogi eta yogazale amorratua da Modi.

«Mundu ero honetan egoteko beste modu bat erakusten dizu yogak, lasaiagoa», esan du Eliza Kiljanek poloniarrak, Kontxako hondartza oinetatik kentzen zuen bitartean. Ongizatea, natura eta halakoak maite dituztenak ezagutzeko aukera ematen diola gaineratu du.

Haatik, Nahia Blanco eta Klara Cerezo ez daude oso txundituta yogarekin: «Aurreko astean hasi ginen, eta hau ez da espero genuena. Espiritualtasun gehiegi dago», esan du Cerezok. Askatasun gutxi sentitzen duelako kexu da Blanco, jarrerak modu batean eta bakarrean egin behar direla. Laster argitu dute kexaren iturria: bestela dantza egiten dute. «Hor askatasun gehiago dugu». 22 urte dute bi emakumeek, eta, kexuak kexu, jarraitzeko asmoa dute.

Baina Maria Arotzenak modu grafikoagoan azaltzen du zertarako balio duen yogan eginiko meditazioak: «Buruko garbigailua gelditzeko».

Baserriko yogia

Yoga boteretzeko tresna gisa du Begoña Alzugarai lesakarrak, Nafarroako herri horretan duen estudioan. Galduta zebilen Alzugarai gaztetan. Ikasketa guztiak euskaraz egin ondoren, etsipenez ikusi zuen ezingo zuela bere hizkuntzan ikasten jarraitu unibertsitatean. «Ikusi nuen errealitateak ez zuela zerikusirik nik sentitzen nuenarekin, eta hausnartzen hasi nintzen. Horrela heldu nintzen yogara». Nafarroako Hezkuntza Departamenduan ari zen lanean, eta asteburuan praktikatzen hasi zen, lagun baten eskutik. «Yogak barnetik zerbait mugitzen zidala sentitu nuen».

Yogari esker, gaur zoriontsua sentitzen da baserri batean jaio izanaz eta animaliei loturiko lanak egin izanaz. Ez zen beti horrela izan: «Gaztaroan, markatu egin ninduen baserritarra izateak, orduan aurreiritzi haiek bazeudelako eskolan: kaletarrak azkarrak zirela, eta baserritarrok tontoak, animalia usaina ekartzen genuela…». Dirudun jendearen aurrean konplexuz beterik egotera behartu nahi zuen inguruko gizarteak. «Baina niri senak esaten zidan gai nintzela gainditzeko baserritarra izateagatik heziketaren bidez ezarri nahi izan zidaten muga». Yogaren filosofiak lagundu zion horretan.

Mentala-z mintzo da segidan. Yogaren munduko hizkeran, mentala gizakiek buruan duten marmar etengabea da. «Izugarrizko indarra du horrek, eta oztopo handia da gure bizitzan». Yogaren bidez ulertu du Alzugaraik gogoko zarata hori ez dela bera, baizik eta gorputzaren beste tresna bat. «Hori ulertzen duzunean, izugarri aldatzen da zure bizimodua».

Ikasi ondoren, Lesakan bertan jarri zen irakasle, baina, berak esan duenez, «inor ez da profeta bere herrian». Saran (Lapurdi) aritu zen ondoren, 11 urtez, ikasleek berek antolaturiko estudioan. Senperen (Lapurdi), Beran (Nafarroa) eta Iruñean aritu zen. Lesakara itzuli da orain, eta Dasya estudioa antolatu zuen duela sei bat urte. Yogaren bidez, umekiaren eta haurdun dagoen amaren arteko harremana lantzen du, «lotura indartzeko».

Blanco eta Cerezo gazteak kexu ziren espiritualtasun gehiegi dagoelako yogan. Indian, berriz, asko kexatu egiten da Mendebaldean yoga ariketa psikofisiko huts gisa ulertzen delako. «Yogak gogoa gainditzen du: izatearen muin sakonera doa, eta batzuek horri ‘espirituala’ esaten diote. Baliteke erlijioaren bidez bizipen berera heltzea, baina horrek ez du yoga erlijio bihurtzen», azaldu du Ruizek. Nori galdetu, yogaren definizio ezberdina emango dizu.

Maria Arozenak definizio sinple baina zuzena du: «Buruko garbigailua gelditzea da». Belauneko arazo bat izan zuen, eta bizikletan ibiltzeko gauza ere ez zen. Orduan ekin zion meditazioari, eta hor topatu zuen belauneko minik gabeko buruko kirola. «Zeure buruarekin konektatzen duzu, eta buruko zarata isilarazten duzu», esan du. Horrek egunerokotasuna beste modu batean bizitzen irakasten duela.

Garbigailua, gogoa, mentala… Bizitzako erabakietan gehiegi hausnartzearen aurkako mezua du Alzugaraik: «Jarraitu senak ematen dizun lehen mezuari; mentalari uzten badiozu sartzen, gaizki egingo duzu, eta aurreiritziz jokatuko duzu zeure buruarekin eta besteekin». Paradoxa bat nabarmentzen dute yoga egiten dutenek: ariketa fisikoa izan arren, saioaren hasieran amaieran baino nekatuago sentitzen dira, Ruizek esan duenez. Eta amaitzen ari dira hondartzan. Hogei minutuz egon dira isilik meditatzen, itsasoaren zarata grisak lagunduta. «Orain, eutsi arreta horri egunerokoan», esan die Ruizek. Arotzenak argi dauka: «Yogak tontakeriak kentzen dizkizu, di-da».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.