Iruñeko eskailera

Patxi Zabaleta / 2016-06-16 / 356 hitz

Atzo, ekainak 14, egun berezia izan zen Iruñeko euskaldungoarentzat eta hiri osoarentzat epaitegian bi euskarazko haur-eskolei atea ireki zaielako. Egia esan, harritzekoa ez ezik, iraingarria izango zen besterik gertatu izan balitz.

1979an jarri ziren Iruñean udalaren lehendabiziko zortzi haur-eskolak eta haietatik bi euskaraz. Geroztik haur-eskolak ugaritzen joan dira, baina nahiz eta euskarazko eskari handia izan, -ehunka gurasoena- udalak entzungor egin du orain arte. Orain azkenean bi haur-eskola gehiago euskaraz jartzea erabaki delarik eratu eta organizatu zen kontrako jarrera laguntza, bitarteko, oihartzun mediatiko esanguratsuekin.

Antolatu diren haur-eskolak ez dira nahikoak; eskariari erantzuteko; gehiago behar dira eta itxaro dezagun erantzun hori emateko aukerak izango direla datozen urteetan.

Baina zergatik Iruñeko eskailera? Iruñean izen hori ematen zaio Sanferminetarako bidean, urteko zazpi lehen hilabeteetako egun bana hartuz -urtarrilaren bat, otsailaren bia eta abar— kantatu ohi den lelo ezagunetik hartutako kalendarioari. Izan ere, denbora guztia jaiaren inguruan antolatu behar balitz bezala baitira kantu hori aurretik eta jaien bukaeran Gizajoa ni eta jada gutxiago falta da abestiekin bukatuz. Jakina den bezala eskaileraren kantua euskarazko eguberri-kanta bat besterik ez da, letra aldatuta, Olentzero buru handia

Baina halere, zeren lotura dauka delako eskailerako kantuak haur-eskolen arazo eta lehiarekin? Haur-eskolak ez dira soilik euskararen sustapenari dagozkion egiturak, baizik eta bereziki hiritar duin batzuei —urte erditik hiru urterakoak badira ere- eman beharreko zerbitzua, baina euskararen etorkizuna etorkizuneko hiritar horien eskuetan egonen dela badakigu denok eta horrek aldapa gora igo beharraren irudia eta itxura du; eskailera batena alegia. Euskal gatazka Nafarroako dema da eta hori Iruñean jokatzen da bereziki…

Mundua Sanferminetan bukatzen delako esaera bada gurean eta egun hauetan Osasuna gora eta Osasuna behera eta hauteskundeen zalaparta eta inon diren beste gatazka eta arazoen eraginek estututa gabiltzalarik, ongi baino hobeki datorkigu berri onak noizbehinka badirela gogoratzea eta Euskal Herri osoko jaiez oroitzea, bizipozari tokia egiteko besterik ez bada ere.

Iruñeko eskailera delakoaren letra konposatu zuena Ignazio Baleztena Azkarate izan zen, (a) Tiburtzio de Okabio, (a) Premin de Iruña eta bigarren pseudonimo horrekin Iruñean kalea daukana, alajaina.

Liburu bat idatzi zuen, Navarrerías, baina milaka artikulu eta lan motz eta askotan erabili ohi zuen esaldia da, «aurkikuntzaren bat egiten duzunean, argitara ezazu akats nimiño batekin, kopiatuko dizutenen arrastoa jarraitu ahal izateko».

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude