Nora jotzen dute gazteek Internet erabiltzen dutenean?

Gazteberri / 2016-06-02 / 464 hitz

Gazte eta sare sozialen arteko harremana guztiz naturala da. Telefono adimentsuak orokortzearekin batera, erabilera biderkatu egin da. Gero eta denbora gehiago ematen dute gazteek konektatuta baina, zer egiten dute denbora horretan?

Datorren ekainaren 20 eta 21 bitartean, UPV/EHUren Uda Ikastaroen barruan, ‘Educar en los tiempos del Selfie: pautas y consejos para familias con adolescentes conectados’ izenburua duen ikastaroa izango da Estefania Jimenez eta Maialen Garmendiaren zuzendaritzapean. Ikastaro horretan, besteak beste, gazteek Internet mugikorrari ematen ohi dioten erabilera dela eta familien dinamiketan ematen ari diren aldaketen inguruko hausnarketa egingo da.

Sare sozial eta gazteen arteko harremana ukaezina da; are gehiago, telefono adimentsuen erabilera orokortu denetik. Gaur egun, gazteen arteko komunikazioa eta sozializazioa ezin da sare sozialen eragina aztertu gabe ulertu. Pew Research Center-ek egindako ikerketa baten arabera, 13 eta 17 urte bitarteko nerabeen % 92a, gutxienez, behin konektatzen da egunean zehar. Gazteen % 24ak, berriz, egun osoa konektatuta ematen duela onartzen du. Baina zer egiten dute gazteek konektatuta daudenean?
Centro Reina Sofía-k egindako ‘Jóvenes en la Red: Un Selfie’ ikerketaren arabera, hiru joera nagusi izango lirateke. Alde batetik, gazteek Internet informazioa bilatzeko erabiltzen dute. Aipatu ikerketan parte hartu duten gazteen % 92k ikasketa arrazoiak direla eta informazioa Interneten bidez lortzen duela adierazi du. Bigarrenik, aisialdia legoke. Gazteen % 86 web orrialde desberdinetara jotzen du ondo pasatzeko eta % 49 online jolasten da. Azkenik, sare sozialen bideko sozializazioa aurkituko litzateke: gazteen % 81k bere lagunen profilak bisitatzen ditu; % 72k argazkiak edo bideoak igotzen ditu; eta, % 68k edukiak partekatzen ditu.

Sare sozialei dagokionez zaila da argazki finko bat aztertzea. Gazte eta sare sozialen arteko harremana etengabe aldatzen da eta gaur ‘trendy’ edo modakoa dena, bihar baztertuta gera daiteke. Bere garaiko Messenger edo Tuentirekin jazotakoa ikustea besterik ez dago. Gaur egun, hala ere, hiru dira gazteen artean arrakasta gehien dituzten sare sozialak: Snapchat, Instagram eta YouTube. Berehalako mezularitza zerbitzua den Whatsapp sare sozialtzat hartzen badugu zerrenda horretan ere sartu beharko litzateke. Hori gaztetxoenen artean; urte pare bat gora joko bagenu Facebook eta Twitter ere aipatu beharko lirateke.

Zenbait adituentzat, eta seguruenik guraso gehienentzat, gazteek sare sozialetan ematen duten denbora gehiegizkoa da. Gezurra badirudi ere, hala ikusten dute gazteek ere. Aipatu Centro Reina Sofíak egindako ikerketaren arabera, gazteen % 65ak Interneten denbora gehiegi ematen duela uste du. Denbora hori, noski, beste nonbaitetik atera behar da. Kasu gehienetan ikasketa orduak galtzen dira baina baita osasunari mesede egin ahal dioten lo orduak ere. Oro har, Interneten denbora gehiegi ematen duten gazteek kirola egiteko edota irakurtzeko joera txikiagoa izaten dute.

Gazte eta sare sozial edo Interneten arteko harremana jorratzerakoan, ezinbestekoa da arriskuez hitz egitea: Facebook depresioa, sexting-a edo ciberbullying-a dira, apika, ezagunenak. Menpekotasuna edota lo-gabetzea izan daitezke bestelako arazoak. Gazteek arrisku horien berri dute; hori da, behintzat, gazteen % 56ak adierazten duena. Arriskuen pertzepzioari dagokionez neskek sarriago ematen direla adierazten dute. Gehien aipatzen diren arriskuak ciberbullying-a (% 58), irudi pribatu eta konprometigarrien bidalketa (% 54) eta erabiltzaile helduen jazarpena (% 41) aipatzen dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.